Infernuko urrezko gazta

Ordiziako euskal jaietako azoka bereziak jendetza bildu zuen atzo, aterkia eskuan. Lekarozko Kortariko gaztandegia izan da garaile Ardi Latxaren Gazta Lehiaketan, eta 8.750 euro ordaindu dituzte erdiagatik, enkantean. Bideoa, albistearen amaieran.

Julen Arburua garailea, gurasoekin.
Julen Arburua garailea, gurasoekin. ANDONI CANELLADA / @FOKU

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2018ko irailak 6

Infernuan oso pozik daude, beren gaztak «munduko gazta txapelketarik handiena» irabazi baitu. Hala deitzen diote Martin Berasategi eta Juan Mari Arzak sukaldari eta epaimahaikideek Ordiziako Ardi Latxen Gazta Txapelketari, eta, atzo, Infernuko Gasnak irabazi zuen lehen saria.

Gazta garailea, hala ere, ez dute infernuan ekoitzi, Lekarozen (Nafarroa) baizik. Kortariko gaztandegikoak «zeruan daude» lehen saria irabazi dutelako, eta ez nolanahikoa: 1.750 euro, Kutxa trofeoa, diploma eta Ordiziako txapelduna inskripziodun 12.000 itsasgarri, gaztetan jartzeko. Horrela, Nafarroako gazta hori erosten duen orok argi izango du gazta txapeldun bat erosten ari dela.

Ordiziako Beti Alai pilotalekua jendez beteta dago, baina, 14:00ak pasatuta, bildutako jendetzaren ahotsak isildu egin dira bat-batean, lehiaketa irabazi dutenen izena entzuteko bozgorailutik. Julen Arburua eta haren gurasoak ezin sinetsirik daude euren izena lehen postuan entzun dutela; oholtzara igotzean, mikrofono eta kamera marea heldu da haien aurrera, eta ordiziarren txaloek isildu dituzte irabazleen esker oneko hitzak. Bi aldiz izan dira garaile aurten Kortariko gaztandegikoak: atzoko lehen sariaz gain, joan den abuztuaren 26an Nafarroako artzain eguneko gazta txapelketako lehen saria eskuratu zuten, Uharte Arakilen (Nafarroa). «Ez da erraza izan Ordizian aurkezteko gazta aukeratzea. Probatzen ibiltzen gara, eta bi onenetatik bat Uharte Arakilerako utzi genuen, eta bestea, Ordiziarako. Eta nahiko ondo aukeratu genuela iruditzen zait», esan du Julen Arburua artzainak.

Ordizian irabazi duen Infernuko Gasna otsailaren 25ean ekoitzitakoa da, «ketua, gatzagi pixka batekin eta oso orekatua», Arburuaren arabera. Lehen saria Nafarroara joan da, baina bigarrena ez da Ordiziatik atera, 2016an lehena izan zen Joseba Insausti artzain ordiziarrak eskuratu baitu. Hirugarren eta laugarren sariak arabarrek irabazi dituzte: Araiako Unai Lekuona artzainak eta Ilarduiako La Leze gaztandegiak. Bosgarren saria, berriz, Olaberriko (Gipuzkoa) Aizpea gaztandegiak irabazi du. Joan den igandean Legazpin Gipuzkoako artzain eguneko gazta txapelketan garaile izan zen Patxi Otaegi artzain beizamarra hamalau sailkatuen artean bazegoen ere, gaur ez du lortu bost sarituen artean egotea.

Gazta garaileak jakin bezain pronto, dastatu gabeko gazta erdia enkantean jarri dute. Prezioek gora egin dute enkantean, eta ez da inor gai izan San Sebastian Gastronomika garaitzeko: 8.750 euro ordaindu ditu. Aurreko urtean baino 550 euro gehiago ordaindu dituzte, baina ez da 2014ko 13.050 euroko errekorrera iritsi. San Sebastian Gastronomika jaialdi gastronomikoak 20 urte beteko ditu urrian. «Hemengo produktuak erakustea gustatzen zaigu, eta hau aukera bikaina iruditzen zaigu gure gaztarik onena erakusteko», esan du Iñigo Iribarnegarai ordezkariak. Ordainduriko zifra «ederra» dela esan du Ordiziaren sorreraren 750. urteurrena oroitzeko.

8.750 euroko balioa duen «urrezko» gazta erdi horrekin lortutako dirua Ordiziako zaharren egoitzara bideratuko dute. Gaztari dagokionez, Iribarnegaraik esan du urriko kongresuan ahalik eta jende gehienak dastatzea nahi dutela.

Pilotalekuaren kanpoan, goiz osoan, jendetza ibili da herriko kale eta plazetan. Izan ere, Ordiziako euskal jaietako azoka berezia ez da gazta txapelketa bakarrik, herri osoa azoka bihurtua izaten baita.

Euriari baimena eskatuz

Egunak zirimiriarekin argitu du Ordizian, 06:30ean: Joxe Miel Barandiaran plazan ziren baserritarrak postuak «txukun» jartzen. Goiza aurrera joan ahala, jende gehiago gerturatu da, eta, momentuko zaparrada batek aterpeak bete baditu ere, atertzean barazki, fruta eta perretxikoei begira jarri da jendea, aterkia esku batean eta poltsa bestean hartuta.

Amaia Isasi Aramaiotik (Araba) joan da, goizean goiz, eta, ordurako, Jose Lonbidek mahaian «txukun» zituen barazkiak. «Gaurko eguna oso garrantzitsua da guretzat, eta beti izan da: hogeitaka urte daramatzagu hona etortzen. Hala ere, gaurko egunez salmenta handirik ez dugu egiten, konpetentzia handia dagoelako, baina merezi du etortzea», esan du Isasik. Eguraldi txarraren ondorioz beste urteetakoa bezain mahai «itxurosoa» ez badu ere, «tomate zoragarriak, piper ederrak, kuiatxoak, kuiak, letxuga batzuk...» dituzte salgai.

Aramaioko tomateei begira dago Pili Olaizola hernaniarra. Urtero izaten da azoka berezian, baina ikusi baino ez du egiten: «Gehienetan, ez dut erosten, erosotasunagatik: erosketa handia egiten badut, karga handiarekin joan behar izaten dut trenera. Eta prezioak, gainera, pixka bat garestiagoak dira».

Barazkiak eta ganadua

Olaizolaren herri berekoa da Maddi Iradi, baina postuaren beste aldean dago. Zabaloenea baserrikoa da, eta «nahiko salmenta ona» egiten dute gaurko egunez; horregatik etortzen dira urtero. Dauzkaten «sagarrik onenetakoak» ekarri dituzte Zabaloeneakoek: «Batez ere, sagarrak eta udareak dauzkagu, baina, garai honetan, aranak, limoiak eta pikuak ere baditugu». Fruitu lehiaketako lehen saria bakarrik ez, perretxiko lehiaketako aipamen berezia ere jaso dute Zabaloenea baserrikoek.

Joxe Miel Barandiaran plazatik gora joanda, Kale Nagusian baserritarrez jantzitako jende ugari dago, eta horietako bat da Daina Garmendia. Bere kuadrillarekin dabil kalean, batera gosaldu ondoren. «Ordiziarrak gara, eta urtero etortzen gara azoka bereziko postuak ikustera. Orain, gazta eta euskal pastela erostera goaz».

Asteazkenero bezala, nahiz eta atzokoa berezia izan, azoka zegoen plaza nagusian. Barazki, fruta, eta denetariko gozokiak zeuden salgai, baita Ibarrako langostinoak ere. Garagartza plazan, berriz, ganadua zegoen ikusgai, eta jende ugari bildu zen behien inguruan goiz osoan. Gauza bera gertatu zen Goen plazan jarritako oiloekin ere: jende asko ibili zen begira.

Goizeko buelta egin ondoren etxerako gogorik ez zutenek pilota partidak eta herri kirolak ikusi zituzten arratsaldean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna