Paperezko altxorrak ikusgai

Euskarazko testu zaharren erakusketa batekin eta biltzar batekin ospatuko dute 'Fontes Linguae Vasconum: studia et documenta' aldizkariaren 50. urteurrena

Ane Eslava.
Iruñea
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Iragan ostiralean zabaldu zuten dokumentu zahar original nabarmenen aukeraketa batekin osatutako Paperezko altxorrak erakusketa, Nafarroako Artxibo Nagusian. Horretan, Fontes linguae vasconum: studia et documenta-ren historia azaldu dute, aldizkarian agertu izan diren testuen bitartez. Antolatzaileek diotenez, «inoiz» egin den euskarazko testu zahar originalen bildumarik handiena da. Hilaren 31ra arte egongo da ikusgai.

Zazpi ataletan banatu dute erakusketa. Lehenengoan, aldizkariaren sorrera eta orduko testuingurua erakusten duten dokumentuak jarri dituzte. Bigarrena, berriz, testu «zaharrenekin» osatu dute: Erdi Aroko dokumentuekin. Gutxi izan arren, «oso baliagarriak» direla ziurtatu dute antolatzaileek. Hirugarren blokean, desagertutako euskararen aldaerak erakutsi dituzte; Iruñekoa eta Erronkarikoa, kasurako. Laugarrenean, «bereziki aberatsak eta interesgarriak» diren testuak sartu dituzte, eta bi zatitan banatu dute: Letra handiak eta Letra txikiak. Lehenbizikoan, euskara «aberatsean» idatzitako testuak daude; bigarrenean, ordea, ahozko hizkuntzaren inguruko informazioa ematen dutenak. Azkenengo bi atalak ikerketaren inguruko testuekin osatu dituzte. Seigarrenean daude nazioarteko hizkuntzalariek XVIII. eta XIX. mendean euskararen inguruan idatzitakoak, eta, azkenengoan, Euskal Filologiaren alorreko lan garrantzitsu batzuk.

Atzerriko hizkuntzalariak

Bestalde, martxoaren 7an eta 8an Metodo eta joera berriak (euskal) hizkuntzalaritzan biltzarra egingo dute Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egoitzan. Hawaiko Unibertsitateko Lyle Campbell, Sevillako Unibertsitateko Lola Pons eta EHUko Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariek emango dituzte hitzaldi nagusiak. Horietaz gain, euskal hizkuntzalaritzan oinarritutako bederatzi mintegi egingo dituzte. Orotara, 70 adituk baino gehiagok parte hartuko dute. Izena emateko epea zabaldik egongo da bihar arte, www.fontes50.es webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.