Irudimenaren festa txiki bat

Objekturik soilenen morfologiatik abiatuta, pertsonaien mundu bat sortzen du Gilbert Legrand ilustratzaileak. Okendo kultur etxean jarri du ikusgai bere lana, Donostian

Otso bihurtutako labana ikusgai dago erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Gilbert Legranden itzultzaileak dio ikustekoa dela nola duen artistak etxea, kaxaz beterik, askotariko objektuak nonahi sakabanaturik. «Edozein tokitan topa daitezke pilak, poltsa metak... Legranden emazteak ere esaten du: zerbaiten bila hasten dela maiz, beti gordeta izan duten lekuan, bere betiko lekuan, eta, bat-batean, ez duela topatzen, ez dagoela, Gilbertek hartu duelako bere lan berri baterako justu objektu hori behar zuelako». Labadoran xaboia sartzeko plastikozko ontzia izan daiteke objektua, giltzatako bat, zorrozkailu bat. Izan daiteke arrautza kaxa bat, arropa zintzilikatzeko matxarda, iturriko kanila. Inguruan dituen gauza txikiak, finean. Horiek hartu, umorez begiratu, eta askotariko pertsonaiez betetako unibertso propio bat eratzen du Legrandek. Lan horren lagin bat ekarri du Donostiara, eta, Gauza txikien ikuskizun handia izenpean, Okendo kultur etxean jarri du ikusgai. Urriaren 19ra bitartean bisitatu ahalko da.

Parisko eskualdean jaioa, Tolosan (Okzitania) bizi eta lan egiten du egun Legrandek. Ofizioz ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa izan da urte luzez. Argitaletxeetarako eta publizitate agentzietarako ilustratzaile modura egin ditu lanak, baina, hain justu, zeregin horretan sentitu dituen «sormen mugak» harago eramateko hasi zen etxeko objektuekin eskultura txikiak sortzen. Duela hamabost urte inguru ekin zio horri, eta, dioenez, behinola izan zen haurra atera zaio: «Ume-umetatik izan naiz pertsona irudimentsua. Oroitzen dut etxean nituen gauzekin egiten nituela gauzatxoak, ezer gutxirekin. Diseinu ikasketak egin nituen gero, eta hortik bizi izan naiz, bizitza atera behar delako. Baina azken urteetako lan hauekin, izan nintzen umea itzuli da. Orain, obsesio bihurtu zait».

Lehen urratsa beti ei da berbera Legrandentzat: objektuz inguratu, mahaia bete, haiei so egon, eta batek begietara salto egin arte itxaron. Eta bat hautatuta, zain egon ideia etorri arte. «Beti da objektua pertsonaia baldintzatzen duena, eta inoiz ez alderantziz. Objektuak berak ematen dio forma pertsonaiari, animaliari. Detaile guztiak ondo begiratu, eta ideia etorri arte zain egon behar da». Kasu batzuetan, ideia garbi ikusten duen egunetan, zuzenean hasten da objektua lantzen. Beste askotan, objektutik zerbait aterako duela igartzen badu baina zer oraindik ez badaki, argazkiak egin, eta ordenagailuan hasten da transformaziorako probak egiten, pieza margotu eta aldatu aurretik.

Horretan buru-belarri sartu zenean, eskultura txikiak egiten hasi zen Legrand, eta halakoak dira Okendon jarritako pieza gehientsuenak ere: betaurreko batzuk zango bi edo bakarreko izaki bilakatuta, brotxa bat aurpegi zapaleko mutiko, kortxo-kentzekoa operako kantari izan daitekeen andre elegante...Objektuari bigarren azal bat jartzearen parekoa da artistarentzat:«Polita da objektua bera desagertu egiten denean, eta pertsonaia soilik ikustera heltzen garenean». Eskuz marraztu, eta eskulturak osatzeko lana apurka-apurka utziz doa, ordea; azken urteetan argazkiak egitera jotzen ari da gehiago. Hala, eskulturekin batera, koadroak dira erakusketako elementurik ugarienak. Denbora laburragoan amaitzen du objektuaren transformazioa Photoshoparekin eginda, eta hori da orain nahi duena, ahalik eta lan gehiena egiteko astia izatea: «Denbora azkar pasatzen da, eta baliabideen ekonomizazioan pentsatu beharra dago».

Forma edozein delarik ere, gakoetako bi beti dira soiltasuna eta umorea Legrandentzat: «Maite dut umorea, irribarre bat ateratzea, estetika eta poesia lantzearekin batera. Zenbat eta sinpleagoa, indartsuagoa da beti».

Haurrekin elkarlanean

Liluraz hartu du Legranden erakusketa Susana Bustero Okendo kultur etxeko zuzendariak. «Proposamen ezberdin bat da. Eguneroko gauza txikiak beste modu batean begiratzeko aukeraeskaintzen du». Okendoko erakusketa ildoa aberasten duela ere nabarmendu du, baita «familian» bisitatzeko proposamena dela ere.

Artistak argitaratutako liburuak ere ipini dituzte erakusketan, adin ezberdinetako haurrentzakoak. Umeekin beti lan dezente egin baitu Legrandek. Maiz jasotzen ditu tailerrean, eta bera ere hurbiltzen da haien eremuetara. «Modu sinple batean irudimena lantzen dugu elkarrekin; haiek ere ez dute ezer behar horretarako. Badirudi adin batetik aurrera nekezagoa dela horretan jarraitzea, baina beti da oso ariketa asegarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.