Oier Iruretagoiena. Artista

«Arteak aurrera egiteari utzi izan balio bezala da»

Bere arte piezetan konnotazio ezberdinetako elementuak kontrajartzea maite du Iruretagoienak. Soinua izan zuen lanerako lehen eremu, eta, eskulturekin batera, harekiko gertutasuna ere jaso du San Telmo museoan ireki duen erakusketan.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Erne begiratzen du ingurura, eta apal mugitzen da, keinuen, hitzen artean. Oso gazte hasi zen musika esperimentalean Oier Iruretagoiena (Errenteria, Gipuzkoa, 1988), eta arte plastikoetara egin zuen jauzi fakultatera heltzean. Bilbo du bizileku, eta han du estudioa ere, Rekalde auzoan, Le Larraskito kluba zegoen lekuan; artistentzako agertoki berezi bat, berak koordinatu duena hamar urte baino gehiagoz. «Ikusiko dugu ze gertatzen den orain halako proposamen underground-ekin; pandemiaren aitzakiarekin gero eta arazo gehiago izango direla ematen du», aipatu du. Donostiako San Telmo museoan ireki du erakusketa berria, San Sebastian eta Fantasma: aretoko ezaugarriei jarraituz eta San Sebastian santuaren figurari helduta. «Ikusi nuen aurretik nekartzan interes batzuek zentzua izan zezaketela hemen. Estudioan probak egiten hasi, buruan hori neukala ibili, eta horrantz joan zen dena». BERRIAko kolaboratzailea ere bada.

Zer interes zenekartzan?

Biolentziaren estetizazioa, indarkeriaren eta edertasunaren arteko anbiguetatea, esaterako, bazen nire aurreko lanetan zegoen zerbait. Horrekin zerbait biribilagoa egiteko gogoa nuen. Imajinario erlijiosoarekiko faszinazio moduko bat ere badaukat oro har, ez dakit oso ondo zergatik.

Bi aldeak ezkontzen ziren San Sebastianen figuran?

Bai. Ez naiz harengana iritsi santutegi kristauaren barruan duen lekuagatik, haren irudiaren errepresentazioagatik baizik. Uste dut ia denok dugula barruan geziz gurutzatutako Sebastianen irudia, kristaua izan edo ez. Arteak askotan errepresentatu du, eta hortik ere badatorkit harekiko interesa, begietatik sartzen zaidan horretatik. Piero Pollaiuolo, Sandro Botticelli eta El Grecoren koadroetatik. Pentsatu nuen: «Artearen historian hainbestetan irudikatu bada, zergatik ez dut nik ere egingo?». Gainera, santu berezi samarra ere bada, gayen ikono ere bihurtu zelako. Konplexutasuna dakarkio horrek, geruza gehiago, eta interesatzen zitzaidan atzetik halako konplexutasuna duen figura batekin lan egitea.

Zehazki, Musugorri piezako San Sebastianen irudiak harrapatu ei zintuen. Zer ikusi zenion?

Duen izaera arraroa interesatu zitzaidan; gorputz desproportzionatua du, adina ez da argi geratzen, emakumea ala gizona den... Berez martiri bat da; zulo batzuetatik odola dario, baina, aldi berean, badirudi oso lasai dagoela, oso eroso. Tarteko egoera hori gustatzen zait, arrarotasun hori, badu zerbait berez izan behar ez lukeena. Nire lanetan lortu nahi dudan hori ikusten diot.

Adjektibo bakarrarekin deskribatu ezin izatea, zenioenez.

Bai, gauza asko izan dadila aldi berean, eta, hala, ez dadila erraza izan leku bakarrean kokatzen.

Material ugarirekin osatu dituzu piezak (egurra, papera, txikleak, plastikoa, ileak, ardoa…). Noiz jotzen dituzu bukatutzat?

Buelta gehiago ematea eskatzen ez didatenean. Denbora da hor garrantzitsua. Denboran luzatuta lan egitea. Aktiboki egiten aritzea bezain garrantzitsua izaten da besterik gabe begira egotea edo konbibentzia bat izatea piezarekin. Estudioan egon naiteke erratza pasatzen, irakurtzen, mezu elektronikoak idazten... eta pieza hor dago, bigarren planoan, baina presente. Lan asko egiten dut hor. Bukatutzat ematen dut denbora bat igaro eta lasai nagoenean pieza dagoenetan ikusita. Baina gertatzen zait baita ere erakusketarako data heldu eta ezin hartu izatea nahi beste denbora; horrekin ere negoziatu behar izaten da.

Badaukate umore ukitu bat, ironia. Handinahikeriatik ihes egiteko balio dizu horrek?

Baliteke. Umorea bainoago, uste dut ironia dela hitza. Umorea inozenteago ikusten dut, xaloago; ironia, zorrotzago. Mespretxurantz ere joan daiteke ironia, eta ez dut horra iritsi nahi; tarteko puntu batean egon nahi dut: zorrotza, baina ez xaloa, ez maltzurra. Gustatzen zait zerbait handia, dramatikoa hartu eta horri kontrapuntu bat sartzea. Denboraldi batean sineskeriekin eta herri tradiziotik datozen mitoekin ibili nintzen lanean, eta hor ere interesatzen zitzaidan konnotazio oso ezberdineko eduki bat kontrajartzea, bestelakotzeko, arrarotzeko.

Irakurketak irekitzeko?

Bai. [Pausa bat]. Sineskerien lanean ere uste dut hori gertatzen zela: maitasun-gorroto harreman bat sentitzen nuela. Asko erakartzen naute, baina, aldi berean, badut gorroto harreman bat, horien inguruan sortu dugunagatik. Edo Euskal Herrian, adibidez, mito horiek erabili izan direlako euskal identitatea eraikitzeko. Edonola ere, harreman anbibalente hori da deitzen nauena: erakarpena eta arbuioa batera daudenean. Dena erakarpena bada, ez du interesik, horrekin mozkortuta lan egitea bezalakoa litzateke; eta berdin soilik arbuioa sortuko balit. Tartekoak erakartzen nau.

Nola bizi duzu piezen gaineko narrazio bat eraiki beharra?

Niretzat, eta uste dut artista gehienentzat, ez da erosoa. Baina, eskatzen zaigunez, saiatzen naiz disfrutatzen eta nolabait praktika artistikoaren barruan sartzen; ez gezurrik esaten, baina esan ditzakedan egia guztien artetik batzuk aukeratzen. Esan dezaket piezen aurkako indarkeria bat izan dela prozesuan, baina baita kontrakoa ere, lantzeko era maitekorra ikusten dela mozketetan. Piezen indarkeriarena bada piezei buruz kontatzea gustatzen zaidan zerbait, baina pisu askorik ere ez diot eman nahi. Egur zati bat manipulatzen dudan bezala manipula dezaket esaten dudana, norabide jakin batera eramanez, baina posible nuke ezer ez kontatu.

Fantasma soinu instalazioak osatzen du erakusketa. Hain justu, soinu esperimentalean urratu zenuen bidea. Beti duzu soinua presente lanean?

Hasieran bai. Nerabe nintzela hasi nintzen musika esperimentalean, eta urte batzuetan buru-belarri ibili nintzen. Arte Ederren fakultatean hasi nintzen gero objektuak-eta egiten, eta nahiko modu organikoan joan naiz arte plastikoetan sartzen eta soinuarena pixka bat uzten. Oraindik egiten ditut gauzak, instalazio hau bezala; oso berezkoa edo gertukoa sentitzen dut eremu hau.

Soinuarekin hasi nintzen testuinguru hori topatu nuelako. Nerabe izanda, 2000ko hamarkadaren hasieran, musika esperimentalaren edo soinu artearen inguruko eszena nahiko bizia topatu nuen Euskal Herrian: Beran Ertz jaialdia, Donostiako Artelekun Audiolab, Azkoitiko Matadeixen Akauzaztekoek ere nahiko mugimendu sortzen zuten... Ni hasita nengoen nire kontura musikarekin gauzak egiten, baina, hain buru-belarri sartu banintzen, izan zen jende hori topatu nuelako.

Eta eskultura eta testua?

Berdin. Arte Ederretara joatean iruditu zitzaidan fakultate hari zuku gehien ateratzeko lekua eskulturako sailean zegoela. Agian, beste fakultate batera joan izan banintz, pintura egiten bukatuko nukeen. Ikerketa plastikoaz aparte, soinuekin edo materialekin lan egiteaz aparte, interesatzen zait bestelako gauzak ikertzea, eta testua lantzea ere hala atera zen.

Sumatzen duzu zure lana belaunaldi baten edo lan egiteko modu partekatu baten parte?

Nire inguruaren parte, esango nuke. Gutxi gorabehera nire belaunaldian Euskal Herrian sortu diren artisten parte: Elena Aizkoa, June Crespo, Raul Dominguez, Josu Bilbao... Bartzelonan eman nuen urtebete, eta hangoak ere gertu sentitzen ditut. Artea ulertzeko modu konpartitu bat bai, baina joera oso markaturik ez dago. Dena nahastuta dago gaur egun.

Iaz parte hartu zenuen Generación 2020 (2020 Belaunaldia) izeneko 35 urtetik beherako artisten lanak biltzen zituen erakusketa batean, Madrilen. Igar zitekeen lotura esanguratsurik?

Hor ere galdetu ziguten zer zen gure belaunaldia ezaugarritzen zuena, eta nik benetan ez nuen jakin zer esan. Azkeneko hogei urteetan-edo ematen du dena izan dela aurreko hamarkadetako joeren nahasketa bat. Urte batzuetan, esaterako, oso modan egon da erakusketetan ikerketa proiektuak edo dokumentazioa aurkeztea, edo diapositiba proiektoreak jartzea. Badirudi hori pasatu dela, eta alde formalaren aldeko bolada bat itzuli dela, zuzenean zentzumenak indartzen dituena. Baina boladak dira.

Mark Fisherrek esaten du 1990eko hamarkadaren amaierara arte joeren eboluzio bat ikusten dela, baina hortik aurrera lehorraldi moduko bat datorrela. Eta inpresio hori dut nik ere, orain behintzat. Arteak aurrera egiteari utzi izan balio bezala da. Nobedaderik sortzen bada, azalekoak dira, ez egiturazkoak. Musikan eta artean ikusten dut.

Gero eta problematikoagoa da berritzaile izatea?

Bada nik presente daukadan zerbait, eta pixka bat frustratzen nauena. Baina ez dakit. Gauzak egiten jarraitzen dugu, eta nire lana denborarekin garapen bat izaten ari dela ikusten badut ere —lan bakoitzean niretzat berria den zerbait bilatzen saiatzen naiz—, nahiago nuke hori egungo korronte orokorragoren batean txertatuko balitz. Eta hori ez dut ikusten, egun ez dagoelako joera garbirik. Moda txikiak bakarrik dabiltza joan-etorrian.

Aurkezpenean esan zenuen «tripak kanpora ateratzeak» definitzen dituela erakusketako piezak. Horrela ulertzen duzu artearen egitekoa ere,mundu ikuskeren tripak ateratzea?

Automatismoak apurtzean, bai. Arteak egiten duena gauzak pixka bat arrarotzea da, bestelakotzea. Ulerkera batzuk hartu, eta ikusteko beste modu baterantz eramaten ditu.

Artea abian programarekin landu duzu erakusketa, «garapen fasean dauden artistak» bultzatu nahi dituenarekin. Badirudi halako egitasmoen behar handia dagoela zuenean. Hala da?

Niretzat oso baliagarriak izan dira. Lehen erakusketa 2011n egin nuen, Arte Ederretako ikasleen lanak erakusteko programa batekin, Montehermoson, Gasteizen, eta oso lagungarria egin zitzaidan; aitzakia bat edukitzea zerbait biribiltzeko, ixteko, egiteko. Baita ikusgaitasunaren aldetik ere. Baina amaitu egiten dira, 30-35 urteren bueltan, eta amildegia ikusten da gero. Kasuak badaude ordura arte lan egin eta desagertu direnak. Ni hor nago. 33 urte ditut, eta presente daukat nire lanaz ahaztea etor daitekeela. Hala ere, oraingoz ikusten ditut jarraitzearen aldeko zantzuak, kolaborazio batzuk komisarioekin, galeriekin...

Gabezia bat erakusten du horrek? Egile berrien lana sustatu baina iraupena ezin bermatzea?

Bai. Baina konplikatua da, zeren inoiz baino artista gehiago gara. Inoiz baino musikari gehiago, idazle gehiago... Badago halako saturazio bat, eta konplikatua da denek ikusgaitasuna izatea. Kanpoko eskaririk daukadan edo ez, zer bizi-egoera, horren arabera ezberdina izango da zer egingo dudan eta nola, baina uste dut beti egingo dudala zerbait; musika, objektuak, idatzi.... Horrela ezagutu dut beti neure burua.

Lauhazka-n idatzi zenuen: «Hartzaileak falta badira, behintzat egiletzak izan beharko du ahalik eta zentzu gehien».

Kontrolatu ezin dudan zerbait da harrera. Zenbat eta publiko zabalagoa eduki, nahiago, baina badakit egoera dena dela. Arreta handirik gabe galtzen da egiten duguna. Inguruko musikari eta artista guztiok dugu arazo hori. Nik neure buruarentzat egiten dut lan, batez ere, baina publikoa ere behar da; inor egongo ez balitz, ez nuke ezer egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.