Bebe, Nneka, Esne Beltza eta 47 Soul, Atlantikaldian

Bosgarren urtez egingo dituzte Errenterian kultur topagunea eta musika jaialdia, irailaren 20tik 23ra. 'Itsas korronteak' hartu dute lelotzat

Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Errenteriako Udalak bosgarren urtez antolatuko du Atlantikaldia. Irailaren 20tik 23ra bitarte izango da, eta, urtero bezala, bi zutabe nagusi izango ditu: musika jaialdia izatea batetik, eta hainbat kulturaren topagune bilakatzea, bestetik.

Joan den urtean, jaialdiak Itsas Topaleku hartu zuen lelotzat, horixe bilakatu nahi izan baitzuten udalerria. Aurten, berriz, Itsas korronte bihurtu nahi dute, eta, lelo horren pean, hainbat herritako pertsonen, kulturen eta ohituren arteko harremanak sendotzea izango du helburu.

Musika jaialdiari dagokionez, lau dira aurtengo edizioko kartelburuak: Bebe, Nneka, Esne Beltza eta 47 Soul. Taldeok kontzertu bereziak eskainiko dituzte, gainera, eta sorpresak iragarri dituzte antolatzaileek. 47 Soul izango da lehena taulara igotzen, irailaren 21ean, eta haren ostean joko du Esne Beltzak. Hurrengo egunean, Nneka lehenik eta gero Bebe izango dira protagonistak. Horiez gain, musika emanaldi gehiago ere izango dira beste gune batzuetan, egitaraua osatzeko. Esaterako, Manez eta Kobreak eta Sertanilia taldeek ikuskizun bateratua eskainiko dute.

Kultur topagune ere badenez, antolatzaileek nabarmendu dute jaialdi parte hartzailea dela. Eragileek bidalitako proposamenekin osatu dute egitaraua, eta, hala, mota guztietako 70 jarduera jaso dituzte bertan. Proposamen «zaparrada» dela-eta, herritarrei eskerrak eman dizkie Ion Collar Errenteriako Kultura zinegotziak. Jaialdiaren xedea «kulturen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza erraztea» dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.