Jasangarriagoa bihurtu nahi dute aurtengo San Tomas azoka

Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Abenduaren 21ak esangura berezia du zenbait tokitan; esaterako, Bilbon eta Donostian. San Tomas azoka egiten dute urtero, hiriko plazak eta kaleak baserriko produktuz betez. Aurten, orotara, 245 salmahai jarri dituzte Bilbon; Areatzan, Plaza Barrian eta Arriaga plazan zehar. Donostian, berriz, 195 jarri dituzte Parte Zaharrean, erdigunean eta auzoetan barrena. Gaur, larunbata denez, jende andana espero dute antolatzaileek.

Bi azokek jasangarritasunaren aldeko hautu irmoa egin dute, eta zenbait neurri zehatz hartu dituzte. Bilbon, edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak egongo dira saltoki guztietan, BBK fundazioaren zero plastiko kanpainarekin bat eginez. Era berean, Donostian edalontzi berrerabilgarrien erabileraz gain, hondakin organikoak, beira eta plastikozko ontziak, tetrabrikak, kartoia eta papera biltzeko edukiontzi gehiago ipiniko dituzte hirian.

Bi azoketan baserritik heldutako produktu andana erosteko aukera egongo da: eztia, gazta, barazkiak, ogia. Gustu guztietarako eskaintza zabala prestatu dute ekoizleek. Eta, horrekin batera, azokako protagonista nagusiak Donostian izango du tokia. Urteroko ohiturari eutsiz, Leitzako Arro baserritik (Nafarroa) eramango dute feriako txerria: Ximona, 350 kilokoa, 8 urteko txerri pintoa. Konstituzio plazan pasatuko du eguna, 10:00etatik 20:00etara.

Jan edanaz eta abereez gain, bestelako ekintzak ere prestatu dituzte Bilbon eta Donostian hainbat elkartek. Kasurako, Bilboko Konpartsek txosna jarriko dute San Nikolas elizaren parean eta bertso saioa, dantza emanaldia eta bertoko produktu ekologikoen zozketa antolatu dituzte. Donostian, Axular kultur elkarteak Baserritar Jantzien lehiaketa prestatu du, hirugarrenez. Hirietako azoka handiez gain, beste herri batzuetan ere egiten dute San Tomas azoka. Esaterako, gaur egingo dute Azpeitian, eta bihar, Arrasaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.