Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kultura lagunarte

2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Atzo esan nuen eta gaur berriz diot: ETB1 piztu eta 16:00etatik 20:00etara Ahoz aho eta Biba zuek! ikusiz gero, afalordurako kultuago eta jakintsuago izateko arriskua duzu, pilula txikietan jakintza handia bereganatuta. Atzo aipatu nuen adibidea Biba zuek! saiokoa zen: Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek, Mikel Elizegi eta Mikel Markezen laguntzaz, Asisko Urmenetari egindako elkarrizketa mamitsua. Gaur Ahoz aho saioko bat ekarriko dut hizpidera, herenegun ikusia: Ilaski Serranok Imanol Rayorekin eta Eneko Sagardoirekin Hil kanpaiak filmari buruz izandako solasaldia, jakintza handiko pilula txikia hori ere, Rayoren eta Sagardoiren ekarpena Urmenetak eskainitako erudizio mailara ez iritsi arren.

Ohi bezala, zertaz hitz egiten ari den ondo dakienaren ziurtasunez eta gaia ezagun ez ezik gustuko ere baduenaren interesa agerian zuela egin zituen galderak Serranok, eta erosotasunez eta naturaltasun osoz mintzatu ziren Rayo eta Sagardoi, bakoitza bere talaiatik, filmaren elementu guztien berri bateratua duenaren ikuspegi oro-hartzailetik Rayo, bere onena beste norbaiten ideien eta asmoen zerbitzuan eman duen aktorearen ikuspegi partzial baina ez horregatik inplikazio gutxiagokotik Sagardoi. Ederki esplikatu zuten pelikularen asmoa nondik sortu zen —Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberria du abiapuntuko oinarri—, zer bilatu zuten, nola egin zuten lana...

Euskal kulturari lagunarte zabal, ireki eta, oro har, goxo baten tankera hartu izan diet beti Serranok Ahoz aho saiorako egiten dituen elkarrizketei, eta herenegungoa ez zen salbuespena izan. Aitzakiarik gabeko lana egiten du euskal kulturaren zabalkunderako.

Hala ere espazio horretan aurretik inoiz agertua dudan kezka bati bueltaka hasi zitzaidan burua Ahoz aho saioko Rayo eta Sagardoiren elkarrizketa ikusi eta gero. Ahoz aho, Biba zuek!, Arte[faktua], EiTB Kultura, Hitzetik hortzera... Ondo daude denak euskal kulturaren munduan zer egiten ari den jakiteko, eta denak ere gutxi dira egiten den guztiaren berri emateko. Bejondeiela, beraz! Baina ez al da dena aurkezpen, dena promozio, dena gomendio... Non dago kritika? Non dago debatea? Non daude, behin horretara jarrita, haterrak? Sare sozialei utzi behar ote zaie ba osorik alor hori?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.