Bizitzak urratutako ahotsa

Bizitza latzari aurre egiteko baliatu du beti musika Elza Soares 79 urteko sanba musikariak. Brasildarraren lan berri eta berritzailea kritika onak eta txaloak pilatu eta pilatu dabil.

Sanba ardatz hartuta, estilo askotara gerturatu da Soares bere ibilbidean. 80 urte betetzear dela, disko fresko eta berritzailea kaleratu du. BERRIA.
Ander Perez Argote
2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Aurpegia baino gehiago, ahotsa da Elza Soares kantari brasildarraren arimaren ispilu. 79 urterekin, miseriaz eta sufrimenduz jositako bizitza darama bizkarrean, eta horren metafora balitz bezala ageri da haren ahots urratu eta latza, sakona bezain mingarria. Ahots hori baliatu du, hain justu, oztopoen aurkako tresna gisa, eta, topikoa gerta litekeen arren, musika bihurtu du hondamendiarentzako antidoto. Berak onartua da hori, iaz El País egunkariari emandako elkarrizketa batean azaldu zuenez: «Musikak on egiten dit; nire erremedioa da. Musika da arimaren sendagaia».

Sendagaiak behar izan ditu, dudarik ez, kolpeei aurre egiteko. Rio de Janeiroko Agua Santa fabelan jaioa da —1937an ofizialki, 1930ean hainbat iturriren arabera—, eta fabela horretan bertan hazia; 12 urterekin ezkondu zuen aitak, bizilagun batekin. Hurrengo urtean, 13 urte zituela erditu zen bere lehen umeaz, eta 15 zituenean hil zitzaion bigarrena, gosez. Sasoi hartan agertu zen Ary Barroso musikari brasildarrak aurkezten zuen saioan, eta ordukoa da Soaresen biografo gehienek behin eta berriz gogoratutako anekdota: trapu zaharrez jantzita, eta argal-argal —38 kilo baino ez zituen— agertu zen gaztea Barrosoren aurrera, eta, txundituta, zein planetatatik zetorren galdetu zion aurkezleak. «Gosearen planetatik», Soaresen erantzuna. Gero, abesti bat kantatu, entzuleak liluratu, eta ezaguna egiten hasi zen haren ahots doinu berezi eta zartatua.

20 urte zituenean jaio zen haren bosgarren haurra, eta handik bi urtera alargundu zen, tuberkulosiak senarra eramanda. Buenos Airesen bi urte eman ostean, Brasilera itzuli zen 1950eko hamarkadaren bukaeran, eta orduan, 1960an kaleratu zuen bere lehen diskoa, Se acaso você chegasse izenekoa. Jazz kutsua hartu eta scat doinuak bere eginez —Louis Armgstrongek lehenbizi eta Ella Fitzgeraldek geroago ezagun egindako jazzaren ahozko soinu inprobisatu aldrebes eta dibertigarri horiek—, sanbaren aldaera berria plazaratu zuen, eta leku bat irabazi zuen Brasilgo musika eszenan. Are ezagunago egin zuen hurrengo lanak, 1961ean argitaratuak, A Bossa Negra izenarekin. Lan horretako Boato kanta urteko doinu arrakastatsuenetako bat izan zen Brasilen.

Bizitzaren gorabeherak

Gazi bezain gozoa da ordutik aurrerako ibilbidea, gorabeheraz betea. Arrakasta ezagutu zuen Brasilgo herri musikaren erreferente bihurtuta, orduko sanba, bossa nova eta rock kantari ospetsuenekin batera aritu zen, eta bere egin zituen Sao Pauloko klub garrantzitsuenak. Erbestea ere ezagutu zuen, ordea, Brasilgo diktadurak eta eraso arrazistek bultzatuta, eta harreman lazgarri bat bizi izan zuen Garrincha futbolari ezagunarekin. Harekin izandako semea, gainera, 1986an hil zen —bost seme hil zaizkio guztira—, eta musikaria depresio sakon batean murgildu zen. Oholtzak eta estudioak erabat baztertuta, Brasildik alde egin, eta AEBetan eta Europan zehar ibili zen, tristeziatik ihesean.

Hamar urtera itzuli zen jaioterrira eta musikara, eta ez edonola: 1997an, Trajetória lana kaleratu zuen, eta kritika onak eta sariak pilatu zituen. 2000. urtean Milurteko Artista izendatu zuen BBCk, Tina Turner eta Celia Cruz bezalako ikonoen parera jarriz. 2002an, gainera, Do Cóccix até O Pescoço disko arrakastatsua grabatu zuen, Chico Buarque, Jorge Ben, Carlinhos Brown eta Caetano Velosoren mailako musikariez inguratuta, eta, sanba ardatz mantenduta, estilo berri eta garaikideei atea zabalduz. Disko horretan kantatu zuen «merkatuko haragi merkeena haragi beltza da», Brasilen beltzek bizi duten zapalkuntza salatuz, eta horretarako rap kantarien ahotsak, hip-hop oinarriak eta scratch soinuak baliatuz.

A Mulher Do Fim Do Mundo azken lanak berriro ekarri du Elza Soares musikaren lehen lerrora. Aho batez txalotu dute Brasilgo zein nazioarteko komunikabideek lan berria, eta urteko diskoen artean sailkatu du askok. Bere herrialdeko musikari garaikide onenekin elkartu da Soares lan berrirako, tartean, Passo Torto eta Meta Meta taldeko kideak erakarriz, eta, esentzia galdu gabe, gitarra distortsionatuen doinuak, elektronikaren erritmoak eta soinu freskoak erantsi dizkio bere ahots urratuari, disko berritzaile eta arrakastatsua onduz. Brasilgo gizartearen alde ilunenen lekuko, emakumeen kontrako bortizkeriari, drogari eta indarkeriari kantatu die disko berrian. Eta azaldu du titulua; azaldu du, alegia, nor den munduaren amaierako emakume hori: «Aurreiritzien aurka borrokatzen dena da, giza arrazaren alderik txarrenen kontra borrokatzen dena. Hemen geratzeko dagoen emakumea da». Elza Soares da, beraz. Haren ahotsak ez du engainatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.