Baratzeak loratzen duen guztia

Hiri baratzeek gero eta erabiltzaile gehiago dituzte. Eskariak gora egin du, eta eskaintzari neurria jarri nahian ari dira euskal hiriburuetako udalak. Onurak baino ez dizkiote ikusten nola teknikariek hala erabiltzaileek.

enekoitz telleria sarriegi
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Uztak ez dio beti lanari neurria jartzen. Asko egin eta gutxi jasotzea gertatzen da, batzuetan. Gutxi egin eta asko jasotzea, gutxiagotan. Eta lanari ez badio uztak neurria jartzen, baratzeari ere ez loreek eta fruituek. Ez behintzat ortuari eta barazkienek, bakarrik. Hiri baratzeen arduradunekin eta erabiltzaileekin hitz egitea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Baratzean loratzen diren bakarrak ez direlako izaten aza, azalore, azenario,alberjinia, baba, babarrun, ilar, kuia, kuiatxo, orburu, piper, patata, porru eta tomateak. Haiek gehiago aipatzen dituzte autonomia, autoestimua, erantzukizuna, autokontsumoa, burujabetza, autogestioa, askatasuna, sozializazioa, belaunaldiartekotasuna, kulturartekotasuna eta konpromisoa. Hori ere bada baratzearen uzta.

Izan ere, badira udalaren hiri baratzeak, badira partekatuak, badira norbanakoenak, eta badira piratak ere. Lerro hauen helburua ez da horien ezaugarriei eta hiri bakoitzak dituen bereizgarriei buruz aritzea, ez bada baratze batek bere barruan sortzen dituen loratzeei buruz jardutea.

Iruñean, esaterako, bost auzotan ditu udalak baratzeak: Arrotxapean, Alde Zaharrean, Mendebaldean, San Joanen eta Txantrean. Marina Jimenez udaleko Ingurumen teknikariak garbi dio horien helburua ez dela «inoiz» landatzea izan. «Helburua gehiago da auzo bereko jendeak elkarrekin ekintza bat egitea, elkartzea... 2013an hasi ziren Alde Zaharreko elkarteak eskari horrekin, eta gainontzekoek egin zuten bidea ondoren». Bost dira baratzeak, baina seigarrena ari dira abian jartzen egunotan, eta funtzionamenduaren berri emateko balio du. «Etxebakoitz auzoarena adibide on bat da. Auzo periferikoa da, marjinala askorentzat, aurreiritziz betetakoa, immigrante asko daudelako, droga omen dagoelako, ijitoak... Auzo elkarteak jarri zuen abian proiektua. Udalaren eremu handi batean, 50 baratze egin ahalko ditugu».

Hiri baratzeak zozketa bidez banatzen dituzte elkarteen eta norbanakoen artean. Eskaria handiagoa da eskaintza baino. Zortzi izango dira, kasu honetan, hainbat elkarterentzat, dohainik, eta besteak norbanakoentzat. 50-85 metro koadroko terrenoak dira, eta 40 eta 60 euro artean ordaintzen dute urtean. Ura udalak jartzen du. Nekazaritza ekologikoari buruzko tailerrak ematen dizkiete erabiltzaileei. Azaltzen zaie zein diren debekatutako produktuak, zer landatu dezaketen eta zer ez... «Naturara itzultzeko nahia badago. Zeuk landatu, eta badakizu zer jaten duzun. Eta etxe ondoan. Iruñean lehen jendeak esaten zuen: 'Herrira noa'. Baina orain jendeak ez du herririk. Herria hona ekartzen badiegu, zer dago hoberik?», nabarmendu du Marina Jimenezek.

Hiri baratze ekologikoen inguruko sare handi bat dute sortuta Gasteizen: udal baratzeak, gizarte etxeetako baratze ekologikoak, eskola baratzeak, adinekoentzako baratzeak, unibertsitateko baratze ekologikoa, baratzezaintzako proiektu autonomoak... CEA Ingurumen Gaietarako Ikastegiko teknikaria da Roberto Gonzalez. Hogei urteko eskarmentua du ekinbideak, eta baratzeen osagai soziala nabarmendu du: «Lagun taldeak sortzen dira, otorduak, txangoak... Partekatu egiten dituzte gauzak. Oporretan, laboreak zaintzen dizkiote elkarri. Elikagaiak lantzeko eta gainerako kideekin jakinduria eta esperientziak partekatzeko irrikaz egoten dira. Jarduera horretan, familia bereko zenbait kidek parte hartzen dute, eta lotura sendoak sortzen dira aitona-biloben artean».

Abetxukon, Zabalganan, Lakuan eta Salburuan ditu Gasteizko Udalak hiri-baratzeak —hainbat elkartek kudeatzen dituzte horietako batzuk—, eta badute ikerketa bat egina Abetxukoko Urarte baratzeei buruzkoa. Horren berri eman du Gonzalezek, eta erabiltzaileen soslaia egiteko baliatu: «Badira 65 urtetik gorako gizonak, erretiratuak, oinarrizko ikasketak dituztenak. Oro har, landa eremutik datoz, eta baratzezaintzan esperientzia dute metodo konbentzionalen bidez. Hein txikiagoan ikusten da erabiltzaile gazteen presentzia, gehienbat goi mailako prestakuntza akademikoa (teknikoa eta unibertsitarioa) duten emakumeena, jatorri hiritarragokoa, espazio hori baratzezaintzara lehen hurbilketa bat izan baita haientzat. Gainera, Magrebeko eta Txinako erabiltzaileen ordezkaritza txiki bat dago».

Ondorio nagusietako bat da baratzeak aire zabaleko aisialdi aktiborako aukera ematen diela: «Haien garapen pertsonala bultzatzen dute». Eta osasun fisiko eta mentalarekin batera, zera: «Erantzukizun sentimenduarekin eta autoestimuarekin lotutako hainbat alderdi hobetzen laguntzen du, baita pertsonen arteko loturak eta gizarte harremanak sortzen ere».

Donostia eta araudia

Ari dira bidea egiten Donostian ere. Lau Haizetako baratze parkea dute abian, Uliako Lore Baratzeak egitasmoak badu jada bost urteko eskarmentua, autokontsumorako baratze partekatuak dituzte, eta elkarte «alegalak» ere bai. Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Ekologia zinegotziak eman ditu datuak: «2017an egindako azterketan 66 baratze eremu identifikatu ziren hiriko hamazazpi auzoetatik hamabitan. Horiek 42 hektarea dira orotora, eta %40 udalaren titulartasun publikoaren pean daude. Autokontsumoko baratzeen ekoizpena udalerriko ekoizpen profesionalaren ia herena da».

Esanguratsuak dira datuak, baina «arautze» baten beharra ikusten du Garmendiak: «Komeni da baratze alegalak arautzea, ingurumenean eraginik izan ez dezaten; izan ere, batzuetan komeni ez diren praktikak detektatzen dira, hala nola kutsagarriak izan daitezkeen materialak edo produktu kimikoak». Hala ere, esperientzia horiei buruzko balorazioa «positiboa» dela dio. Betetzen dituztelako baratzeek haren iritziz, «sozializazio eta aisialdi» helburuez gain, beste batzuk: «Familiak barazki freskoz hornitzen dituzte, ekoizpena kontsumo gunetik gertu egiten da, eta kanpokoarekiko mendekotasuna murriztu egiten da».

Bilboko hiri baratzeak Errekalden (27), Otxarkoagan (56) eta Artxandan (88) daude. Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak kudeatzen ditu. Erabilerari buruzko balorazio «positiboa» egiten dute han ere, eta ondorioen artean bi nabarmentzen dituzte: kontsumo ohiturei buruzkoa eta baratzeen alderdi emozionalari buruzkoa. «Erabiltzaileak konturatzen dira zenbat kostatzen den ortuariak landatzea, eta gehiago baloratzen dute laborantza naturala eta ekologikoa». Eta alde «emozionalari» buruz: «Familia batzuk seme-alabekin joaten dira goiza edo arratsaldea pasatzera, eta denek batera gozatzen dute baratzeaz».

Erabiltzaileen esperientzia

Teknikari eta arduradunek mahai gainean jarritako onura horiek berretsi ditu Txomin Urrizak. Baionako Udaleko baratzeen erabiltzaileetako bat da Urriza. Azaldu du Frantziako elkarte batek kudeatzen dituela Baionako udal baratzeak. Herriko etxeak lurrak uzten dizkio elkarteari. Hiru baratze gune daude: Becadine (Baiona iparraldean), Saint-Bernard (Bokalera bidean) eta Chauron (Errobi bazterrean). Orotara 120 bat baratze daudela dio, eta urtean 50 euroko bazkide kuota pagatzen dutela, 100 metro karratuko eremuagatik. «Etxola bat dugu materiala sartzeko. Hiriko ura baliatzen ahal dugu, eta urtean gastatutako ordaintzen dugu urtean behin (8 euro aurten)».

Urrizak azaldu duenez, nahi dutena landatu dezakete baratzean, baina araudia errespetatuz: «Zuhaitzik ez landatu, baratzea landu, eta ez utzi landu gabe. Elkar laguntza asko dago. Baiona iparraldeko baratzeetan, hango soziologiari segi, hainbat kulturatako askotariko jendea dago—euskaldunak, frantsesak, portugesak, magrebtarrak...—, eta hori asko eskertzen dut nik; asko ikasten dugu bata bestearengandik».

Onurei buruzko zerrenda handi bat ere badu Urrizak. Aipatzen ditu autonomia, burujabetza eta autogestioa: «Zein dira nire beharrak? Zer kendu dezaket, zer dago soberan? Beharrezkoak diren gauzak nola ase ditzaket?». Aipatu du teoriaren eta praktikaren arteko aldea ere onura gisa: «Asko irakurri daiteke eta bideo pila ikusi. Baina eskuak lurrean zikintzen ez dituzun bitartean, ez zara ezer egiten ari. Hasi, saiatu eta gozatu». Aipatu du alderdi emozionala ere: «Baratzean denbora pasatzeak kristoren lasaitasuna ematen dit. Kanpoan lan egiteagatik —apartamentuan bizi naiz— askatasun sentsazioa. Eta neke fisiko gustagarria». Eta aipatu, eta nabarmendu ditu kulturartekotasuna eta belaunaldiartekotasuna: «Hainbat kulturatako jende pila dago, eta hori niretzat oso inportantea da. Adin diferentzia handia ere bai. Ni naiz baratzeko gazteena [32 urte], eta zaharragoekin hitz egiteak asko ematen dit. Eta oro har, jende xumea ari da baratzea lantzen, klase sozial behe eta ertainekoak dira. Eta horrek ere bizitzako oinarrizko gauzetara ekartzen zaitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.