Euskalerria Irratia. Lizentzien lehiaketa

Euskalerria Irratiari, berea

UPNk behin eta berriro ukatutako lizentzia eskuratu du 27 urteren ondoren.Auzitegien esana bete dela azaldu du Nafarroako Gobernuak

Iker Tubia.
Iruñea
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
«Lehen mezua zuentzat, gu guztiontzat ematera noa: zorionak,guztioi. Euskalerria rratiari emititzeko lizentzia eman berri dio Nafarroako Gobernuak». Halaxe eman zuen atzo lizentziaren berri Maialen Uhartek, Iruñerrian Gaur albiste saioan. Azkenean, Iruñerriko irrati euskaldunak lortu du urte askoan galdegindako baimena. 27 urte eman ditu lizentziarik gabe emititzen, eta 30 urte dira lehenbizikoz baimena eskatu zuenetik. UPNren gobernuak 1998an egindako iruzurrari buelta eman dio, azkenean.

Hain zuzen ere, Net 21 eta Euskalerria Irratia dira lizentzia jasoko dutenak. Hala ebatzi zuen uztailaren 1ean kontratazio mahaiak: Medios de Comunicacion 21 S.L. enpresak 71,40 puntu lortu zituen, eta Iruñeko Komunikabideak S.A. enpresak 70,98. Orain, bi enpresek hamabost egun dituzte beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko, eta, ondoren, lizentzia eskuratuko dute foru lege bidez.

Aldaketaren gobernuarekin batera ailegatu da baimenaren albistea, baina adjudikazioa ez da Uxue Barkosen taldearena izan. UPNren gobernuak osatu zuen lizentziak banatzeko kontratazio mahaia, eta azken horrek uztailean —oraindik ere ez zen gobernu aldaketarik— hartu zuen erabakia. Hala ere, emititzeko baimena ukatu zion gobernua Euskalerria Irratiari lizentziarik eman gabe joan da, eta egindakoengatik inolako ardurarik hartu gabe.

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Ana Ollok eman du lizentzien adjudikazioaren berri. Azaldu duenez, ez da haien erabaki pertsonala izan, Espainiako Auzitegi Gorenaren 2013ko sententzia bete baizik ez baitute egin. «Gauzak bere tokian jarri dira, duela hemezortzi urte jarri behar ziren tokian», zehaztu du. Izan ere, 27 urteko auzibidearen azken geltokia 2013an izan zen. Gorenak ez zituen Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen kasazio helegiteak onartu, eta banaketa 1998ko tokira itzultzea ebatsi zuen, 2009an Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen bezala. Ollok kritika egin du, prozesua «luzea, konplikatua eta okerra» izan delako, eta, horren kostu ekonomikoa kalkulatzea zaila bada ere, gutxienez 50.000 euro gastatu direla nabarmendu du.

Aspaldiko partez, topa

27 urtez hozkailuan gordetako botila xanpaina irekitzeko aukera izan zuten atzo Euskalerria Irratiko langileek. Bide judizial luze eta malkartsuaren ondoren, albiste onak merezi zuen. Kontent zen Juan Kruz Lakasta irratiko esataria, baina gogorarazi zuen egoera oraindik ez dela erosoa. «Orain arteko laguntza aurrerantzean ere beharrezkoa izanen dugu», esan zuen. Besteak beste, baimena lortu ostean, Erreniega mendira eraman beharko dute antena berriz ere. Moldaketa horiek kostu ekonomikoa ere izanen dutela oroitarazi du esatariak.

Gogoratu beharra dago, gainera, Espainiako Industria Ministerioak 30.000 euroko isuna jarri ziola Euskalerria Irratiari lizentziarik gabe emititzeagatik, baimenik gabe azpiegitura erradioelektrikoak kentzea egotzirik eta, ustez, Erreniegako antenaren bitartez interferentzia kaltegarriak sortzeagatik. Gerora frogatu zen hiru adierazpen horietarik bakarra baino ez zela egia: lizentziarik gabe emititzen zutela zioena, alegia. Baina, orduz geroztik, Euskalerria Irratiak ez du Erreniegatik emititu, nahiz eta oztopo horri ere azkar erantzun dion, gaur egun Iruñerriko txoko guzietara ailegatzen baita haren uhina.

Horrelako isunei eta bestelako arazoei bazkide eta kolaboratzaile sare handi bati esker egin dio aurre Euskalerria Irratiak urte luze hauetan. Lagun horiek ekarri dituzte gogora albistea jaso ondotik. Orain, bidea «errazagoa» izanen adierazi arren, haiekin kontatzen segituko dutelako «itxaropena» agertu du Lakastak. Aldi berean, lorpena Euskalerria Irratiarena ez ezik, euskal komunitate osoarena dela aldarrikatu dute irratiko langileek; uhinen beste aldetik askok zorion mezuak bidali dizkiete irratiko langileei.

Ez dute ikusi

Bide luzea izan da, eta bide horretan ibili diren batzuk ezin izan dute aspaldiko aldarrikapena betetzen ikusi. Haietako bat da Eugenio Arraiza euskaltzale eta kulturgilea. Euskalerria Irratiko sortzaileetako bat izan zen Arraiza, eta gutxigatik ez du jakin lizentziaren berri, iragan abuztuaren 14an zendu baitzen. Gazteagoa zen, ordea, Ibon Gaztanbide. Irratian Olagarro ezizena paratu zioten, eta hura arduratzen zen teknikari lanaz. Minbiziak jota hil zen 2015aren atarian, eta hark gehien desiratzen zituen bi albisteren berri eman gabe, zoritxarrez: Nafarroako Gobernuko aldaketa, eta bere lantokiari emandako lizentzia.

«Euskalerria Irratia, zuen baimenarekin», esan ohi zuten irratian. Orain, azkeneko baimena lortu dute. Lizentziarekin iruindarrek irratia euskaraz aditzeko duten eskubidea aitortu egin du gobernuak. Eta horrez gainera, 1998tik egin diren bidegabekeriak gainditu, eta justizia egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.