Albistea entzun

Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Bigarren trena parlamentuan

Ofizialki, 155. artikuluaz eztabaidatuko dute gaur-biharretan Kataluniako Parlamentuan. Independentzia deklarazioaren etetea kendu nahi du legebiltzarkideen gehiengoak
Hezkuntza Komunitatearen Marko Unitarioak deituta, ehunka lagun bildu ziren atzo Bartzelona Sant Jaume plazan. Protesta egin zuten Madrilek ezbaian jarri duelako irakasleen profesionaltasuna.
Hezkuntza Komunitatearen Marko Unitarioak deituta, ehunka lagun bildu ziren atzo Bartzelona Sant Jaume plazan. Protesta egin zuten Madrilek ezbaian jarri duelako irakasleen profesionaltasuna. QUIQUE GARCIA / EFE

Jon O. Urain - Berriemaile berezia

2017ko urriak 26 - Bartzelona

Independentzia deklarazioaren trena bigarrenez igaro daiteke gaur-biharretan Kataluniako Parlamentutik. Urriaren 10eko osoko bilkuran Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, deklarazioa egin eta berehala, hura bertan behera utzi eta gero, espero da gaia berriro mintzagai izatea legebiltzarrean egitekoak diren saioan. Aurrenekoan, elkarrizketari bidea zabaltzeko argudiopean, trenera igotzearekin batera jaitsi zen Puigdemont, eta ikusgai dago oraingoan igaroko den trenean noraino heltzen den.

Gaur 17:00etan hasiko da bilkura, eta bihar jarraituko dute. Junts Pel Siko eta CUPeko ordezkari banak hitz egingo dute, eta bakoitzak ordu laurdeneko tartea izango du. Haien atzetik, Puigdemontek har dezake hitza, nahi adina denboraz. Gero, taldeetako bozeramaileek ordu erdina izango dute. Ebazpenak proposa ditzakete taldeek, eta horiek ostiralean bozkatuko lituzkete.

Ofizialki, Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua Katalunian ezartzeko asmoa «eta balizko eraginak» izango dituzte aztergai. Duela hamasei eguneko saioan bezala, ordea, zurrumurruak eta interpretazioak etengabeak dira Puigdemontek esango duenaren inguruan. Oraingoan, hiru aukera lituzke mahai gainean: independentzia deklarazioa egitea, errepublika deklaratu eta hauteskunde eratzaileetara deitzea edo ohiko bozetara deitzea —hots, autonomikoetara—.

Bide bat edo beste hartuko duen argitzeko, agenda estua izan du azken orduetan Puigdemontek. Atzo iluntzean, bilera batera deitu zituen gobernukideak, eta bertan izan ziren Junts Pel Siko eta koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariak. Bezperan, bost orduz bilduta egon ziren gobernua eta erakunde eta alderdi subiranistak, eta akordio «hauskor» batera heldu ziren errepublika deklaratzeko.

Ildo horretatik doaz Oriol Junqueras Generalitateko presidenteak Associated Press agentziari eginiko adierazpenak: esan zuen Espainiak «beste aukerarik» ez diola utzi Kataluniari independentzia deklarazioa egitea baino. Hain zuzen ere, asteartean eta asteazkenean ANCk antolatuta egin dituzten bilkura irekietan, Junts Pel Siko diputatuek ziurtzat jo dute gaur dela errepublika deklarazioaren eguna. Asteartean, Bartzelonako Gracia auzoan egin zuten topaketetako bat, eta bertan izan zen Antoni Castella legebiltzarkidea; aitortu zuen «presioak» izaten ari direla, batez ere «lobby ekonomikoaren partetik», baina gaineratu independentzia «bidezko kausa» dela, Madrilek uko egin diolako hitz egiteari. Gaur-biharretako saioetan bozketarik egongo den ez zuen argitu, baina bai independentzia deklarazioa bera ez dela bozkatu behar —«urriaren 1ean bozkatu zelako»—. Bozketarik egitekotan, deklarazioaren ondorioez bozkatuko lukete diputatuek, Castellaren arabera.

Gainera, hauteskundeak egiteko aukera baztertu zuen, eta, xehetasunik eman gabe, herritarrei eskatu zien prest egon daitezen mobilizazioetarako, «ostegunean, ostiralean... eta datozen egunetan». ANCk gaur arratsalderako egin zuen elkartzeko deia, baina bihar eguerdira atzeratu zuten ondoren deialdia. Parlamentuaren kanpoaldean elkartzeko deia egin dute. Gaur arratsalderako, ordea, Taula per la Democracia plataformak antolatu ditu elkarretaratzeak, 19:00etan eskualdeetako hiriburuetan, «autogobernuaren defentsan». Nazioarteari dagokionez, «lasai» egoteko eskatu zien Castellak: beste inork Katalunia estatu independente gisa aitortu aurretik Kataluniak bere burua aitortu behar duela independente.

Bozen aukera ere ez baztertzeko eskatu diote, ordea, Puigdemonti. PDECatek atzo zortzi erabaki zuen presidenteari babesa adieraztea independentzia deklarazioaren etetea kentzeko, baina alderdiko eta gobernuko kide batzuek bozak lehenesteko eskatu diote. Herenegun, bozek eragingo luketen atzerapausoaz ohartarazi zuen CUPek eta, sare sozialetan, baita ERCko buruzagiek ere. Testuinguru horretan, elkarretaratzea egin zuten atzo Bartzelonako Sant Jaume plazan, Erreferenduma Babesteko Komiteek antolatuta, Ez 155a, ez hauteskundeak: errepublika orain lelopean.

Greba hezkuntzan

155. artikulua ezartzearen ondorioak Kataluniako hezkuntzan ere nabaritzea espero dutenez, komunitate hori kalera irtengo da gaur. Universitats per la Republicak grebara deitu du gaurko, eta martxak egingo dituzte eguerdian Bartzelona, Lleida, Girona eta Tarragonan. Aina Delgado eta Jordi Vives eledunen hitzetan, 155.a ezartzeak adierazten du «Espainiako Estatua, balio demokratikoetatik urrunduta, estatu autoritario bat izatera» igaro dela. Eskatuko dute ez ezartzeko 155.a, «erakunde katalanak eta bere erabaki legitimoak errespetatzeko» eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak aske uzteko. Gainera, elkarretaratzeak egin zituzten atzo, Ez ukitu hezkuntza lelopean.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Hainbat sudandar, herrialdeko armadaren aurkako protestan, ekainaren 3an, Khartum hiriburuan. ©ELA YOKES / EFE

Sudango krisi politikoa gainditzeko akordioa sinatu dute junta militarrak eta oposizioak

Mikel O. Iribar

Hitzarmenaren helburuak dira «gobernu zibila» osatzea eta bi urteko epean bozak egitea. Parlamentuko eserlekuen %40 emakumeek beteko dituzte. Estatuko hainbat eragilek itunaren aurkako protestara deitu dute.

Emakume bat burua estalita, atzo, Teherango kaleetan. ©STRINGER / EFE

Mobilizazioei eusteko eskatu dute Iranen, Moralaren Polizia desegin dutela zabaldu ostean

Edu Lartzanguren - Maddi Iztueta Olano

Datozen hiru egunetan manifestazioak eta grebak egitera deitu du oposizioak. Gobernuak, ordea, ukatu egin du Polizia taldea sakabanatu izana.

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...