Eragileek esan dute aurrekontuek ez dutela bermatzen «bizi duina»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragile sozial eta sindikalek agerraldia egin zuten atzo Gasteizen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2020ko aurrekontuak salatzeko batu ziren ordezkariak. Ohartarazi zutenez, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek adostutako aurrekontuek ez dute bermatzen «bizi duina». Beraz, dei egin dute urtarrilaren 30ean lan, bizi eta pentsio duinen alde egingo den greba orokorrean parte hartzera.

Eusko Legebiltzarrean 2020ko aurrekontuen osoko zuzenketak eztabaidatu bitartean egin zuten ekitaldia. Ana Perez Steilas sindikatuko ordezkariak salatu zuen botere publikoak «klase menderatzaileen» mesederako adosten dituela neurriak, «herritarrek dituzten beharren gainetik». Javier Saenz ESK sindikatuko kideak, berriz, zerga sistema izan zuen gogoan: «Badago aukera bat; bizi duinak errespetatzen dituen zerga sistema bat behar da; iruzurrik eta desberdintasunik gabekoa».

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere hitza hartu zuen. Haren arabera, EAJren aurrekontuak «neoliberalak eta antisozialak» dira, eta Elkarrekin Podemosen norabidea ere salatu zuen: «Logika kapitalista eta neoliberalaren barruan sartu da EAJri eskua ematean». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, berriz, nabarmendu zuen kontuetan ez dela aurrerapenik egon: «Ez dira berdeak, ez moreak, ezta sozialak ere; orain bi urte PPrekin onartu ziren ia berberak dira».

Pentsiodunek, feministek, gazteek eta ekologistek ere berretsi egin dute gainontzeko eragileek esandakoa. Esaterako, Iñigo Leza AHTrik Ez taldekoak buelta bat eman die Eusko Jaurlaritzaren hitzei: «Aurrekontuak berdeak direla diote; baina pertsonak, natura bezala, baliabide modura ikusten dituzte». Guztiek egin dute dei aldarriak grebara eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.