Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Gobernuaren erabakiak

Hezkuntza legea egiteko proiektu bat onartu dute, ezartzeko astirik ez dagoen arren

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Airean, lege aldaketen esperoan jarraituko du datozen hilabeteetan Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemak. Espainiako Gobernuak LOMCE legea indargabetzeko proiektua onartu zuen atzo, baina ez du astirik izango parlamentuko tramitazioa igarotzeko. Hortaz, hurrengo gobernuaren eta parlamentuaren esku geratuko da gaia. Bitartean, LOMCE legea egongo da indarrean, nahiz eta haren euskarri nagusiak, errebalidak, etenda dauden oraingoz.

Isabel Zelaa ministroaren egiteko nagusia izan da hezkuntza legea aldatzea. Finean, LOMCEren aurreko egoerara itzultzea proposatu du: errebalidak ezabatzea, Erlijioak kalifikazioetarako balio ez izatea, ikasgai nagusien edukia Madrilek zehaztea... Oinarrian, LOE legearen gisakoa planteatu zuen Zelaak —2006koa da hori, PSOE gobernuan zegoenekoa—. Ministroak nabarmendu du egindako proposamena «progresista» dela: «Oinarria da inor atzean ez geratzea, eta ikastetxean talentu guztiak arrakastaz tratatzea».

Hezkuntzaren aldetik berritasun batzuk baditu Zelaaren proposamenak; besteak beste, maila errepikatzen dutenei laguntza berezia ematea ezartzen du, eta Batxilergoa ikasgai bat gainditu gabe bukatzeko aukera aipatzen du —errepikatzea neurri baliogabea dela diote azterketa ugarik—.

Hizkuntza maila

Euskal hezkuntzari eragin diezaiokeen proposamen bat ere bada Zelaaren testuan. Irakats-hizkuntza ezartzea erkidegoen esku utzi nahi du, eta proposatu du ikastetxeek neurriak hartzea ikasleek hizkuntza ofizialetan «beharrezko maila» badutela egiaztatzeko. Alegia, eskolek bermatzea euskaraz zein gaztelaniaz maila egokia dutela ikasleek. Horrek eragin handia luke euskararen irakaskuntzan; izan ere, gaur egungo azterketen arabera, ia ikasleen erdiek euskaraz ez dute lortzen «eskatutako gaitasuna».

Proposamenak ezerezean geratuko dira oraingoz. Zelaa: «Ez da mundua amaitu. Hori bultzatuko dugu gauden lekuan gaudela»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.