Poltsaren zuloak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat udalek hitzarmena dute Eusko Jaurlaritzarekin, udaltzaingoen postuak lan poltsa berarekin kudeatzeko. ELA sindikatuak salatu du zerrenda hori ez dela nahikoa, eta ez direla bermatzen udalen zenbait eskaera; besteak beste, euskararen profila.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko martxoak 6

Udaltzaingo eskasia dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan. Baieztapen horrekin ados dira udaltzainak, sindikatuak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta udaletako ordezkariak. Are larriagoa da egoera, joan den urtarrilaren 1ean udaltzainen erretiro aurreratuaren dekretua indarrean jarri zenetik. Lanpostu egonkorrak ez ezik, behin-behineko ordezkapenak egiteko ere zailtasunak dituzte udalek. Egoera horren aurrean «irregulartasun larriak eta kontrolik eza» salatu ditu ELA sindikatuak. Segurtasun Sailak, berriz, jakinarazi du «egoera bideratzeko» ahaleginak egiten ari direla, eta aurreikusia dute 166 lanpostutarako lan eskaintza publiko bat ere. Bien bitartean, ordea, zerrenda bakarreko poltsatik ari dira postuak betetzen, eta «gabezia nabarmenak» daudela salatu du sindikatuak. Euskarazko profila eskatzen den herrietan halakorik ez duten poliziak eramatea ere egotzi dio ELAk Segurtasun Sailari. Instituzioak ez dira ados.

2014an sinatu zuten lehen aldiz akordioa EAEko zenbait udalek eta Eusko Jaurlaritzak. Helburua zen udal bakoitzak postu horiek kudeatu beharrean, zerrenda bakarraren bidez betetzea postu libreak. Hasiera hartan, hamar udalek parte hartu zuten prozesuan, eta, egun 67 dira zerrendaren parte. Ordutik, behin berritu da poltsa hori, eta bai Segurtasun Sailak, eta baita ELAk ere baieztatu dute ia hutsik dagoela poltsa. Ondorioz, udalerri askotan udaltzain postuak hutsik daude, eta zailtasunak dituzte udalek exijitutako eskakizunetara egokitzen diren poliziak lortzeko.

Bada beste oztopo bat ere. Zerrenda bateratua ez ezik, LEPen deialdiak egiteko ardura ere Jaurlaritzaren esku dago hainbat kasutan. Hala azaldu du Rodrigo Gartzia Jaurlaritzako Segurtasuneko Koordinazio zuzendariak: «Behin-behineko postuak gauza bat dira, baina egiturazko gabeziak daudenean LEPak egiten ditugu. Lehiaketa-oposizio bat da, eta bertan merituak aurkez ditzakete udaltzainek». Jaurlaritza da, beraz, lehiaketa hori antolatzeko arduraduna.

ELAk salatu du, hain justu, eskumen aldaketa hori ez dela egokia, eta udalei dagokiela beren LEP propioak egitea. Horretaz gain, kudeaketa Jaurlaritzaren esku gelditzen denez, ohartarazi dute eragin nabarmena izaten duela langileen eta udaltzain taldeen eguneroko jardunean. Ekaitz Oianguren ELAko udal eta foru administrazio arduradunak zerrendatu ditu postuak betetzeko gabeziak, besteak beste, orain arte sortutako kalteak: langileek 100 kilometrotik gora egin beharra lanera joateko, udalerriaren ezagutza falta, euskararen profila ez dutenek ere lanpostuak lortzea, eta baita «hasiera batean azterketa gainditu ez zutenek udaltzain postuak lortu ahal izatea» ere.

Beraz, funtsean bi dira udaltzainen postuak ezin bete ahal izateko arrazoiak, baina biak daude lotuta Eusko Jaurlaritzak eta udalek egindako hitzarmenarekin. Batetik, zailtasuna dago behin-behineko postuak betetzeko, lan poltsa agortuta baitago. Bestetik, postuak egonkortzeko ezintasuna dute, 2017tik ez delako LEP bateraturik egin.

Udaltzain falta, ordea, handia da, eta hainbat udaletan identifikatu dute arazoa. ELAren arabera, Erandion (Bizkaia) 38 udaltzainek lanean behar lukete, baina 18 soilik daude lanean. Zarautzen (Gipuzkoa), berriz, 28 lagun ari dira lanean, eta 35 udaltzainek behar lukete. Arrasaten eta Pasaian (Gipuzkoa) ere ez daude postu guztiak beteta, ezta maila altuagoko lanpostuak ere.

«Sistemak funtzionatzen du», ihardetsi du Gartziak. Azaldu duenez, hitzarmenak bere egiten du 3.000 udaltzainen kudeaketa, baina aitortu du ordezkoen kopurua ez dela handia. Horregatik, orain, zerrenda berritu gabe eta LEPak egin gabe bi urte baino gehiago pasatu ostean, eta erretiro aurreratuaren dekretua onartu denetik, eskariak gora egin duela azaldu du. Zerrenda bateratua hustuz joan da, eta, ondorioz, bere garaian azterketako azken proba gainditu ez zutenak ere prestakuntza jasotzen ari dira Arkautin, postu horiek betetzeko: «Orain libre dagoena bakarrik eskain dezakegu», azaldu du Gartziak. Halere, ukatu egin du sindikatukoek esandakoa. Besteak beste, azaldu du postu horiek bete ahal izateko 120 kilometroko muga jarri dutela langilearen bizitokiaren eta lantokiaren artean. Bestalde, «gutxienez» euskarazko 2. hizkuntz eskakizuna edukitzeko eskatu diete postua eskuratu nahi dutenei.

Lehiaketa publikoari dagokionez, jakinarazi du lanera joateko distantziarena lortutako puntu kopuruarekin lotuta dagoela: «Prozesua gainditu ostean, lehenengoek hautatzen dute beren lantokia, eta badira hasiera batean urrun dauden tokian onartu, eta bigarren aldiz eskaintzean ezetz diotenak ere», adierazi du Gartziak.

Halere, ohartarazi du udalek jakinarazi behar dutela postu horiek libre daudela: «Erantzukizuna udalena da. Nik egin dezakedana da hutsune horiek bete». Alegia, Jaurlaritza da zerrendaren kudeatzailea, baina akordioan parte hartu duten udalei dagokie lanpostu batzuk libre daudela-eta udaltzain gehiagoren eskaria egitea. ELAk ere uste du udalek dutela arduraren zati bat.

Udalen ardura ere bai

Gartziak, beraz, udalei eskatu die hutsik dituzten postuen inguruan jakinarazteko, eta akordioaren parte ez diren udalei deia egin die datozen LEPetan Jaurlaritzarekin batera lanean aritzeko. ELAk ere udalei egotzi die erantzukizuna, baina prozesuan parte hartu beharrean, eskatu die zerrendatik irteteko: «Gu ez gaude ados akordioaren parte direnen ereduarekin, eta udalek erabakitzen dute zerrendan sartu ala ez». Gogorarazi dute, gainera, udalek beren zerrenda eta lehiaketa propioak egin ditzaketela postuak kudeatzeko eta egoera iraultzeko.

Jaurlaritzarekin akordioa duten udaletako bat da, hain justu, Pasaia. Lore Suarez pertsonal antolakuntzako zinegotziak azaldu duenez, 30 udaltzain ari dira lanean, eta hutsik daude ofizial eta ofizialorde postuak eta lehen agenteetarako hiru postu. Jakinarazi du arazo hori aurretik datorrela. Haren ustez, zerrenda bakarraren sistemak onurak dakartza. Baina adierazi du eskatutako langile horiek «erraztu» beharko lituzkeela Arkautik. Edonola ere, nabarmendu du ELAren informazioa ez dela egia, sindikatuak emandako datuek diote 11 udaltzain daudela behin-behinean, eta sei postu daudela bete gabe.

Suarezek, gainera, azpimarratu du «hertsiki» betetzen dituztela hizkuntz eskakizunak. Eta, gainera, egin izan dutela beren lehiaketa propioa nahiz eta Jaurlaritzarekin akordioa izan hutsik zeuden eta berehalako konponbidea behar zuten postuak betetzeko. Azterketa horiek, ordea, «jabegabe» gelditu direla jakinarazi du.

Edonola ere, zerrenda bakarraren sistemak udaltzainei zuzenean eragiten diela nabarmendu dute Ima Pinedo eta Jon Garcia Pasaiako udaltzainek. Egunerokoan gertatzen diren aldaketak aipatu dituzte: «Goi postuetan pertsona bakarra dagoenez, berak kudeatu behar du eguneroko lana, bulegoan lan egiten dutenek ere kalera irten behar dute orain, gaixoaldietako baimenak ez dira betetzen, gauetako txandak egiteko arazoak ditugu...». Udalari egotzi diote haiek ere erantzukizuna: «Udalak egin behar du eskaria, baina ez zaio interesatzen horiek betetzea».

Kanpotik datozen langileentzat zein pisutsua den ere oroitarazi dute: «Hamabi orduko lanaldiak ditugu. Pentsa Bilbotik datozen langileen egoera. Horiek, gainera, errepidean bi ordu egiten dituzte joan-etorrian». Bi langilek euskarazko profilaren eskaera betetzen ez dutela ere salatu dute, nahiz eta Suarezek baieztatu duen hori bete egiten dela.

Horretaz gain, Pinedok eta Garciak oroitarazi dute Jaurlaritzarekin egindako akordioko lehiaketa eta zerrendara ertzain izan nahi dutenek ere izena ematen dutela, eta, hortaz, behin- behineko lanpostu horiek betetzea are zailagoa dela: «Ertzaintzan diru gehiago irabazten dute, eta, beraz, udaltzain postuak betetzera etorri arren, ondoren Arkautira joaten dira». Udaltzainen prestigioa ere ezbaian dagoela diote. Horrek are gehiago baldintzatzen du ordezkapenen kontua.

Zerrendan ez parte hartzea

Konponbidea udalek LEP propioak egitea da, Pinedoren eta Garciaren ustez. Inguruko herrietan ere hala egin dutela jakinarazi dute: «Irunen eta Errenterian egin dute LEPa, eta horrek ahalbidetu du inguruko jendeak izen ematea, ez urrutikoek». Horixe eskatu diote udalari, baita lan poltsa txiki bat osatzeko ere. Haien esanetan, udalak ezezkoa eman du, baina Suarezek dio «informazio desegokia» dela hori.

Badira Errenteriak eta Irunek (Gipuzkoa) egin moduan, zerrenda propioa osatu duten udalerriak, baita Jaurlaritzarekin akordiorik ez dutenak ere. Besteak beste Sopela, Durango (Bizkaia) eta Tolosa (Gipuzkoa) aipatu ditu Oiangurenek. Finean, udalena baita akordio horren parte izatea. Horregatik, ELAk Eudeli eskatu dio egoera birbideratzeko eta udalei eskatu die beren lehiaketa propioak egiteko. Hain justu, joan den ostiralean egin zuen sindikatuak elkarretaratzea Eudelek Bilbon duen egoitzan.

Rodrigo Gartziak, berriz, uste du udaltzainen eskasiaren arazoa konpontzeko modua dela udalek bat egitea Jaurlaritzarekin duten akordioarekin: «Ez badute zerrendan parte hartu nahi, ezin dugu besterik egin». ELAko ordezkariak, ordea, jakinarazi du zerrenda bateratuan sartu ez diren udalek jasaten dituztela albo- kalteak. Izan ere, udaltzainek Arkautin egiten dute ikastaroa, eta, gainezka dagoenez, akordioaren parte diren udalek dute lehentasuna. Hala baieztatu du Gartziak ere: «Gaur egun akademia gainezka dago. 200 udaltzain eta 500 ertzain ari dira formakuntza jasotzen, eta ez dago leku gehiago». Hori «presioa» dela salatu du Oiarbidek: «Arkautiko ikastaroekin jokatzen dute».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna