EZAUGARRIAK

2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Dementzien artean ohikoena da Alzheimerren eritasuna: kasuen %60-%70 horrexek eragindakoak izaten dira. Hona gaixotasunaren ezaugarririk nabarmenenak:

SINTOMAK

Lehen fasean. Nahasteak izaten ditu maiz eriak, denboraren haria ezin izaten du segitu sarritan, eta lekuak ezagunak baditu ere, horietan galdu egiten da zenbaitetan. Usu ez da erraza izaten lehen fase horretan gaixotasunari taxuz erreparatzea; gaitzaren gaineko estigmak arazoa larriagotu egiten duela ohartarazi dute adituek.

Bigarren fasean. Berriki jazotako gertaerak ahaztu egiten ditu gaixoak, eta jendearen izena ere bai. Gero eta arazo handiagoak izaten ditu komunikaziorako; ohikoak izaten dira garai horretan etenik gabe errepikatutako galderak, eta portaera aldaketak. Etxean ere galdu egiten da. Laguntza behar izaten du oinarrizko zaintzetarako.

Hirugarren fasean. Laguntza handia behar izaten du eriak. Zer lekutan dagoen ez daki, eta gertuko lagun eta senideen aurpegiak ezagutu ere ez ditu egiten.

TRATAMENDUA

Sendaezina da. Ikertzaileak lanean ari dira, baina egun ez dago gaitza sendatzen lagun dezakeen botikarik. Garaiz atzemanda, hala ere, hainbat neurri har daitezkeela diote medikuek, eta eriaren bizi kalitatea hobea izango dela. Botika batzuek, alzheimerra sendatzen ez badute ere, baretu edo moteldu egiten dute. Bolada baterako arnasa izaten dira eri eta zaintzaileentzat; saihestezina izaten da, hala ere, eritasunaren bilakaera eta okerrera egiten dute beti gaixoek.

PREBENTZIOA

Ikerketa fasean dago. Dementziak prebenitzeko zer egin daitekeen ikertzen ari dira zientzialariak, eta hainbat ikerketa lerro daude martxan horretarako. OME Osasunaren Mundu Erakundeak honako arrisku faktoreak zerrendatu ditu: garuneko tronbosiak, diabetesa, hipertentsioa, gizentasuna, tabakoa eta bizitza sedentarioa.

Giza eskubideen arloan ere, lan handia. Eriek duten dependentzia handiagatik, pertsona oso zaurgarriak dira. Herrialde askotan beren giza eskubideak urratzen direla deitoratu du, besteak beste, OMEk: botikak eta indarrean oinarritutako baliabideak erabiltzen dira gaixoak mendean hartzeko. Horrelako jarduerak saihesteko lege eraginkorrak eskatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.