Murgak ziurtatu du ez duela inoiz izan filtrazioen berri

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Inoiz ez dut esan egozten didaten esaldi hori; ez duela hamabost urte, ez orain. Inoiz ez dut tribunal batean parte hartu, eta inoiz ez dut jakin oposizioen emaitzarik publiko egin aurretik». Hitz horiekin gezurtatu du Nekane Murga Osasun sailburuak azken egunotan publiko egin den grabazioa. Osakidetzaren barne ikerketako grabazioaz mintzatu zen Murga atzo, Eusko Legebiltzarrean. Horretan, mediku baten deklarazio entzun daiteke, azalduz egungo sailburuak —garai horretan ardura politikorik gabekoa— iruzurra iradoki ziola. Murgak «errotik» gezurtatu du Osakidetzako lan eskaintza publikoetan «iruzur sarea» egon denik. Aitortu duenez, «agian», noizbait, egon da kasu puntualen bat, baina gaineratu du ez duela inoiz izan hori gertatu den berri.

Kontrolerako osoko bilkuran eman zituen azalpenak Murgak, Rebeka Uberak (EH Bildu) eta Cristina Makazagak (Elkarrekin Podemos) hala eskatuta. Aipatu bi legebiltzarkideek «iruzur sarea» amaitzeko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu zioten sailburuari, eta gogorarazi zioten «sinesgarritasuna» galtzen jarraituko zuela hori egin ezean. Murgak osasun sistemaren ospea zikintzea leporatu zien bi legebiltzarkideei, eta ezagutarazi diren grabazioak haren izen onaren kontrako «funtsik gabeko adierazpen publikoak» direla esan zuen.

Gaitzespen eskaria

Uberak Murgari gogorarazi zion Osasun sailburu izendatu zutenean «sinesgarritasun txikia» zuela, aurrez Jon Darpon sailburu ohiaren lantaldetik heltzeagatik. Uberak «gezurra» edo «hitz neurtuak» esatea leporatu zion sailburuari, baita epaitegietako ikerketa oztopatzen saiatzea ere: Osasun Sailak fiskalari eta epaileari informazio ez-osoa bidali zion, eta, gerora, epaileak eskatu zuenean, informazio guztia bidali zuen. Hori dela eta, EH Bilduk mozioa aurkeztuko du, Eusko Legebiltzarrak gaitzetsi dezan Osasun Sailaren jokabidea.

Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak adierazi zuen Jaurlaritza zenbait fasetatik pasa dela urte bateko epean, iruzur salaketak publiko egin zirenetik. «Hasieran, dena ukatu zenuten; gero, beste alde batera begiratu zenuten; jarraian, kaltetu gisa jokatzen hasi zineten...». Osasun Sailari «ilun» jokatu izana leporatu dio, baita justiziari informazio osoa ez ematea ere. «Aurpegi aldaketa ez da nahikoa; eredua aldatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.