David Fernandez.
Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren hasiera. IRITZIA

Estatu Arrazoia SA

2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Gaur. Bai. Eta zuzenean. Gurutzada: epaiketa politikorik handiena, Kataluniako gizartea salbuespen egoeraren pean, frankismoaren amaiera. Memoria antidoto bat da ispilu desitxuratuen kontra, botereak berezkoa baitu ahanztura: ez da lehen epaiketa politikoa, eta ez da epaiketa politiko bakarra. 18/98 makrosumarioa eta euskal lurretan ezarritako salbuespen hamarkada minez gogoratzen dugunontzat, segida bat da: Estatu Arrazoiaren bokazio autoritarioaren eta borondate errepresiboaren segida. Lehen paradoxa eusko-katalana: dena da posible indarkeriarik gabe —hala zioten Euskal Herrian—. Dena ezinezkoa da pazifismoarekin —hala agintzen dute Kataluniaren kontra—. Urriaren 1aren errepresioak errepresio politikoaren molde guztiak hartu ditu —formala eta informala, legala eta zuzenbidetik kanpokoa—: erbestea eta espetxea, matxinada delituak, zigor ekonomikoak eta eraso ultraeskuindarretako sistemaren borra luzagarria. Gaur egun, 1.500 baino ikertu gehiago daude, tartean herrialdeko alkateen %75. «Atzetik kontrolatuko dugu», zioen Cosidok; azkenean, Marchena ariko da, Estatuko bunkerra, eta aurretik.

Epaiketak agerian utziko duena hau besterik ez da: aurrera segitzen duela katalanen autodeterminazioaren kontrako indarkeria instituzionalak. Aurrena, borrak hautetsontzien kontra; orain, auzitegiak hautetsontzien kontra. Horren atzeko partean, espetxe zigor handiak, autodeterminazioaren kontrako zigor inkisitorial zentzagarri moduan. Bataila desorekatu batean erabakitzen da hori: luzaroko Estatu arrazoia, Kataluniaren askatasun politikoaren arrazoi demokratikoaren kontra. Lehen epaiketa da, bai, baina ez bakarra kaos juridiko honetan: gertaera berak, lau instantziatan epaituak. Arbitrariotasun planifikatua eta labirinto itsua, mataza eta estrategia gisa.

Hasteko, hamabi pertsona epaituko dituzte —espetxean dituzte gobernu erdia, parlamentuko presidentea, eta herri organismo nagusien bozeramaileak—. Epaia, ordea, honetarako idatziko dute: mehatxatutako askatasun baten mugak berriz definitzeko, eta bi milioi pertsona baino gehiago zigortzeko. Eta, hedaduraz, Kataluniako gizarte osoa zigortzeko: oposizioko politikariak espetxeratuta gizarte hobe batean biziko dela uste duena ezin gehiago engainatzen da. Alternatiba demokratikoak blokeatzeko, deep state hispanikoaren perbertsioaren borondate makurrak tu egiten du: salbuespena luzatu, konponbide oro oztopatzeko. Horixe nahi dute: krisi luze batean giltzapetu nahi gaituzte —kaiola luze batean—, dekretatu ahal izateko ezin garela handik atera, egiten duguna egiten dugula. Agambenek luze eta zabal esplikatu du: legea behartu, legea inposatzeko; salbuespena arau bihurtu. Ezer berririk ez, eta cara al sol. Galeanok honela idatzi zuen 1978an: «Makinak modua ematen du izugarrikeria onartzen ikasteko, neguan hotza onartzen den bezala».

Beste latitude batzuetan ikasitako lezioak: epaiketa politikoak ez dira erabakitzen auzitegian soilik —kaleak hitz egiten du, eta herriak eskatu egiten du—, eta itxaropen bakarra ezin da izan Estrasburgoren zain egotea. Itxaropenarekin kontraesanean dagoen dialektika bat: estatuak nolako ahultasuna erakusten du hautetsontziak jartzeagatik 200 urteko espetxe zigorra eskatzen duenean? Nola garaitu Estatu arrazoia? Nola eragotzi shock-aren doktrina? «Hura desobedituz», diote dakitenek. Zeren eta bai baitakigu zein den hori ez egitearen alternatiba.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.