Seaskaren aldeko elkarretaratze bat egingo dute Bilbon larunbat honetan

Ikastolen Elkarteak brebetaren auzia salatuko du, eta irakasle postu gehiago exijitu. Frantziako Gobernuaren jarrera gaitzetsi dute

Larunbateko mobilizazioa aurkeztu zuten atzo ikastolek. IKASTOLEN ELKARTEA.
Donostia
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Larunbat honetan egingo du Seaskaren aldeko elkarretaratzea Ikastolen Elkarteak.Eguerdian bilduko dira, Bilbon, Frantziako kontsulatuaren aurrean. Frantziako Estatuaren ospakizun eguna dela aprobetxatuta, aldarrikapenerako erabiliko dute iraultzaren urteurrena: brebetaren auzia konpontzeko eta 25 irakasle postu gehiago emateko exijituko dute. Atzo Donostian egindako agerraldi batean, salatu zuten Emmanuel Macronen gobernuaren ikuspegia «jakobinoa eta kolonialista» dela. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak gaitzetsi egin zuen hizkuntza politikan izan duten jarrera aldaketa: «Hezkuntza ministro berriak gurutzada hasi du hizkuntza gutxituen kontra».

Seaskako ikastolek zuzenean jasan dituzte horren ondorioak. Hezkuntza errektoretzak «zigortu» egin ditu kolegio amaierako brebeta euskaraz egin duten ikasleak. Debekatu egin zuen orain arte bezala zientziako azterketa euskaraz egitea. Horregatik, hasieran, Hezkuntza Ministerioak azterketak «bahitu» zituen, eta, gero, euskaraz ez zekiten ikuskatzaileen esku utzi zuen zuzenketa. Atzoko agerraldian azaldu zuten zientzietako probak zuzendu gabe jarri dituztela notak, soilik zifrak hartu baitituzte kontuan azterketa horretan. Halere, argitu zuten ikasle guztiek «nota oso onekin» gainditu dutela brebeta.

Beste erabaki batekin ere ez daude ados: 25 irakasle postu berri eskatu ditu Seaskak, baina gobernuak bost postu eta erdi besterik ez die agindu. «Ez dira inolaz ere nahikoa, eta borrokan segitu beharra daukagu guztiak lortu arte». Izan ere, azaldu dute azken urteotan «berebiziko hazkundea» izan duela Seaskak, eta gero eta ikasle gehiago dituztela, baina ez dutela nahikoa irakasle eskari horri behar bezala erantzuteko.

Mobilizazio gehiago laster

Ikastolen Elkarteko arduradunek esan dute protestekin jarraituko dutela. «Euskaraz bizi eta euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko dugu». Larunbat honetako mobilizazioaz gain, gutxienez beste bi iragarri dituzte: uztailaren 28an, Frantziako Tourreko erlojupekoa Euskal Herrian egingo dela aprobetxatu nahi dute; eta iraileko ikasturte berria ere mobilizazioekin hasiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.