Txina %4,9 hazi da hirugarren hiruhilekoan

2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Txinaren BPGa %4,9 hazi da aurtengo hirugarren hiruhilekoan, eta apirilean hasitako gorako bidea finkatu du. Txina izan zen pandemiaren kalte ekonomikoak nozitu zituen lehen lurraldea, eta hilabete gutxian zuzendu du bidea, baina oraindik puntu bat baino gehiago falta zaio ohiko hazkunde datuetara heltzeko.

Herrialdeko estatistika bulegoaren arabera, Txinako ekonomiak uzkurtze historikoa jasan zuen aurtengo lehen hiruhilekoan: -%6,8. Aurretik, 2019an, BPGak azken 29 urteetako bilakaerarik apalena izan zuen, eta, hala ere, %6,1 hazi zen. Urte hasierako astinduaren ondoren, aurtengo bigarren hiruhilekoan hasi zen burua altxatzen: %3,2.

Osasun egoeraren hobekuntzak eragin zuen joera aldaketa, eta hilabetez hilabete nabaritzen ari da, hirugarren hiruhilekoan ere aldeak baitaude hilabete batetik bestera. Iraileko datuak, oro har, uztailekoak baino hobeak dira. Langabezia tasari dagokionez, irailean %5,6 izan zen, abuztukoa baino %0,2 txikiagoa. Otsailean %6,2ra iritsi zen, inoizko batezbestekorik handienera. Txinan, dena den, hiriguneetan bakarrik neurtzen da langabezia.

Bilakaera ikusita, Nazioarteko Diru Funtsak berriz kalkulatu ditu Txinarentzako eginiko aurreikuspenak, eta 2020an %1,9 haziko dela iragarri du. Aurreko iragarpena bikoiztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.