Gazan bi manifestari hil ditu Israelgo armadak Amorruaren Egunean

Ortziral eguerdiko otoitzen ondoren milaka palestinar atera dira protestara. Gutxienez 25 herritar zauritu dituzte bonbardaketa batean

Israelgo poliziak palestinar bat atxilotzen, atzo, Jerusalemgo alde zaharrean. ABIR SULTAN / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Palestinan Amorruaren Eguna izendatu zuten atzokoa, AEBek Jerusalem Israelen hiriburutzat onartzearen aurka protesta egiteko eguna. Islama erlijio nagusitzat duten herrialdeetan egin ohi duten bezala, ortziral eguerdiko otoitzen ondoren milaka herritar atera ziren protestara Jerusalem ekialdean, Zisjordanian eta Gazan. Herenegun gertatu bezala, Israelgo indarrak manifestariei oldartu zitzaizkien hainbat hiritan, eta Gazan bi herritar hil zituen tiroz. AEBen erabakiaren ondoren sortu diren protestetan hildako lehenbizikoak.

Palestinako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, Mahmud al-Masri 30 urteko gizonezkoa tiroz hil zuen Israelgo armadak Khan Yunis hirian, eta Gazaren eta Israelen arteko mugan protestan ari ziren bertze 60 lagun zauritu zituen suzko armekin; horietako bi, hagitz larri. Iluntzean hil zen horietako bat, Maher Atallah 54 urteko gizonezkoa. Gazaren iparraldean tirokatu zuten Israelgo militarrek. Armadak ohar batean adierazi zuen manifestariek soldaduei harriak jaurti zizkietela. «Soldaduek selektiboki bi asaldatzaile nagusiri egin zieten tiro». Armadak herenegun bederatzi manifestari zauritu zituen suzko armekin, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, eta horietako bortz, Gazako mugan.

Jerusalem ekialdean ere protesta egin zuten atzo, baina ez zen istilu larririk sortu, nahiz eta tentsio uneak izan ziren Israelgo Poliziaren eta manifestarien artean. Ilargi Gorriaren arabera, Zisjordaniako protestetan soldaduek 52 manifestari zauritu zituzten gomazko balekin, bertze lau kolpeka, eta 178 lagun artatu behar izan zituzten negarra eragiteko gasa arnastu zutelako.

Gazako etxebizitza bati

Protesten aurkako oldarraldiez gain, Israelek bonbardaketa bat ere egin zuen Gazan. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, etxebizitza eraikin bat jo zuen, eta 25 bizilagun zauritu zituen, horietako sei adingabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.