Udaltzain guztiek eraman dezakete pistola, EAEko Auzitegi Nagusiak dioenez

Udalek argudiatu egin beharko dute noiz ezin den erabili. Epaileen arabera, suzko armak «ezinbestekoak» dira segurtasuna bermatzeko

Hiru udaltzain, Donostiako Konstituzio plazan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Orain arte, tokian tokiko gobernuen oniritzia behar zuten udaltzainek suzko armak erabiltzeko. Polizien sindikatu batek jarritako salaketa bat dela medio, hemendik aurrera udalek argudiatu beharko dute zer zerbitzuk ez duten pistolarik behar; zehaztu ezean, udaltzain guztiek eraman ahalko dituzte; horretarako eskubidea aitortu die Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak.

3.300 udaltzain inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru hiriburuetakoek erabiltzen dituzte pistolak; gainontzeko 78 udalerrietan, erdiek ez diete udaltzainei pistolak eramaten uzten. Debekua Gipuzkoan dago gehien zabalduta: dozena erdi bat udalek baino ez dute baimentzen.

Hain justu, herrialde horretako bi herritan sortu zen polemika, iaz: Eibarren eta Arrasaten. Bi udalerri horietako udaltzain batzuek eskatu zuten pistolak erabiltzea, herriotan izandako delinkuentzia kasuei aurre egiteko babesgabe zeudela argudiatuta. Udalei formalki egin zieten eskaera lehenik. Ezezko erantzunak jaso ondoren, Eibarkoek auzitara jo zuten gero, SVPE sindikaturen bidez —ez du ordezkaririk udalean — eta Erneren babesarekin.

Eibarren, udal talde bakar batek ere ez zuen begi onez ikusi eskaera. Udalak 1977an erabaki zuen Udaltzaingoak suzko armarik ez erabiltzea. Ordutik, erabaki hori ez da sekula ezbaian egon. SVPEk Donostiako 3. Instrukzio Epaitegietan jarri zuen salaketa. Epaileak udalari eskatu zion suzko armak debekatzeko erabakia argudiatzeko, eta, azalpenak entzun ostean, arrazoia eman zion udal gobernuari. SVPE sindikatuak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen gero; bere helegitea Espainiako Segurtasun Indarren legean oinarritu zuen. Epaimahaiak —Luis Angel Garrido magistratua buru— arrazoia eman die udaltzainen taldeari. Suzko armak erabiltzeko eskubidea aitortu die polizia guztiei, «udaltzainak barne». Ebazpenak dio «egungo errealitate sozialak» zenbait kasutan «ezinbesteko» egiten duela indarra eta suzko armak erabiltzea.

Lege berria aurki

Pistolen erabilera mugatzeko aukera aitortzen die, halere, udalei. Eta azpimarratu du autonomia erkidegoetako gobernuek ere zehaztu dezaketela zer kasutan ezin duten eraman udaltzainek.

Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean laster onartuko dute EAJ, PSE eta PPk adostu duten EAEko Poliziaren Lege berria. Horren arabera, udaltzain guztiek pistola eraman beharko dute segurtasun publikoko lanak egingo dituztenean edota «ertzainek ohikoak dituzten lanak» betetzean. Adostutako testuaren arabera, udalek aukeratu ahal izango dituzte pistola gabe eman ditzaketen zerbitzuak, «baldin eta horrek ez baditu arriskuan jartzen funtzionarioaren edota beste pertsonen bizitzak eta segurtasuna». Alegia, erabakia argudiatu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.