Espainiako Eskubaloi Kopa. Iñaki Cavero. Bidasoa taldeko jokalaria

«Sekulako gogoa dugu Kopan behingoz lan ona egiteko»

Bidasoa Irunek eta Helvetia Anaitasunak final-laurdenak jokatuko dituzte gaur, Antequeran (Espainia). Lehia zailak dituzte biek: gipuzkoarrek, Granollersen kontra (12:30, Teledeporte), eta nafarrek, Bartzelonaren kontra (19:45, La Liga Sports).

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Bete-betean goaz Kopara», esan du Iñaki Caverok (Irun, Gipuzkoa, 1996). Barrutik irten zaio. «Azken urteetan ez gara ondo aritu Kopan. Ea hau den balekoa». Harrituta geratu da jakin duenean hilabete bakarrik zuenean jokatu zuela azken aldiz Bidasoak finala: «Ea bolada eteten dugun».

Etenaldia izan berri duzue. Eskertu egin duzue?

Galdu egin genuen azken partida, etxean, Ademarren aurka, eta halakoetan nik nahiago dut jarraian jokatu, hutsa konpontzen saiatzeko. Hala ere, ondo etorri zaigu etena, osatu berri diren jokalariak sasoian jartzeko. Azkue ez beste, denak gaude prest [Kauldi Odriozola taldearekin dago, baina mina du koadrizepsean].

Zer helburu duzue Kopan?

Sekulako gogoa dugu behingoz lan ona egiteko. Zortziko Finala jokatu dugun azken lau aldietatik hirutan galdu dugu lehen partida, eta, beste behin, gaizki aritu ginen bigarrengoan. Azken hilabetean nola jokatu dugun kontuan hartuta, zerbait egin dezakegu.

Gaur Granollersi irabaziz gero, Antequera edo Puente Genil izango zenukete aurkari finalerdietan. Ez duzue Bartzelonaren aurka jokatuko ez final-laurdenetan, ezta balizko finalerdietan ere. Zortekoak zarete?

Bai, aurkaririk zailena baita Bartzelona. Hura saihestuta, samurragoa da bidea, baina ez samurra. Beste aldietan ere zortea izan genuen Bartzelona saihestuta, eta kale egin genuen. Partida guztiak dira zailak. Edozeinen aurka gal dezakezu. Horregatik, ez dugu lehen partidaz harago begiratzen. Lehena baino ez dugu buruan. Granollersi irabaziz gero, beste emaitzei begira hasiko gara. Aurkari zaila da. Sasoi betean dago, eta bolada ona harrapatu du: azken sei partidetatik bost irabazi ditu, eta galdu duen bakarra Bartzelonaren aurka izan da.

Nolako aurkaria da Granollers?

Fisikoki, oso indartsua. Haren jaurtitzaileak sasoi betean daude. Pibotearekin ere asko jokatzen dute [Rodrigo Salinas Bidasoa taldeko jokalari ohia], eta bizi-biziak dira kontraerasoan. Horri guztiari aurre egin beharko diogu.

Ligan bikain egin zenuten lan hori: 28-34 irabazi zenioten.

Bai, baina Kopa beste gauza bat da: urduriago gaude denak, eta partidak arraroak izaten dira. Halere, ondo defenditzen badugu, eta erasoan patxadaz gure jokoa egiten badugu, irabaz dezakegu.

Kopan, final-laurdenetan; ligan, bigarren; Europako Ligan, final-zortzirenetan; eta Asobal kopan, finalerdietan. Zerbait gehiago eska dakizueke?

Ez dakit. Oso ondo ari gara, eta helburu guztiak bete ditugu: bete-betean ari gara lehiaketa guztietan. Hori guztia, lesio pila bat izan arren. Partida txarren bat egin dugu, eta horrek balio izan digu jakiteko oinak lurrean izan behar ditugula. Bete-betean aritu ezean, edozeinek irabaz diezaguke.

Otsaileko jokalaririk onena izendatu zintuzten ligan. Inoizko sasoirik onena egiten ari zara?

Bai. Konfiantza handiarekin ari naiz, oso kontzentratuta. Lesioekin ere zortea izaten ari naiz; iraganean asko sufritutakoa naiz. Dieta aldatu nuen, eta horrek izugarri lagundu zidan. Ez banu egin izan, erretiroa hartuta nengoke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.