Frantziako Tourra. Imanol Erbiti. Movistarreko txirrindularia

«Tour honi gatz eta piper pixka bat bota nahi diogu»

Zortzigarren Tourra du, eta gogoratzen duen gogorrenetakoa, tropelean tratuaren eragina sumatu baitu. Hala ere, Erbiti baikor dago, sinetsita baitago bere taldeko liderrek gora egingo dutela hirugarren astean.
BERRIA

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 24
Bapo bazkaldu, eta atseden eguneko siesta ia sakratuaren aurretik erantzun du telefono deia Erbitik (Ilunberri, Nafarroa, 1983). «Atseden egunetan, arratsaldetik aurrera, errutinak ez dira hain ezberdinak: merienda, masajea...». Lasterketa liburuari ez dio askorik begiratuko, ia buruz baitaki.

Tourra hirugarren astean sartzear dago. Nola zaude? Nabari al du tratua gorputzak?

Findu da gorputza, bai; pisuan agian ez da nabaritzen, baina giharren definizioan bai. Deshidratazioa, koipe galera... Gazteei esaten diet hasi nintzenean hankak koipetsuago nituela, eta itzuli handiek kentzen dizutela koipe hori. Ondo ikusten dut neure burua; nire lana liderrei laguntzea da. Tour honi gatz eta piper pixka bat bota nahi diogu.

Zortzigarren tourra duzu, eta hogeigarren itzuli handia. Ikasten al da azken astera ondo iristen?

Bi modu daude ondo iristeko: bat, zeurez indarberritzeko ahalmen ona izatea; eta bestea, ezkutuan zoazelako indar gutxi gastatzea. Ni, zorionez, tratua ondo jasaten dutenetakoa naiz, eta, Tour honetan, hori bada zerbait. Izan ere, tropela oso zigortua ikusten dut, higatua; Tour oso gogorra izaten ari da. Alpeak aste hasieran egote horrek eta atseden egunaren aurretik beste hiru etapa egoteak eragina izan du. Begira, bestela, nola sufritu duten esprinterrek, eta zenbat joan diren etxera.

Harbidearen egunean oso garrantzitsua izan zinen. Landa zuk salbatu zenuen ia-ia.

Bai, egia da. Egun hartan Quintana ere sartu genuen, baita haize babes batean gelditu zen beste egun batean. Itzuli handiak batek irabazten ditu, baina atzean lan handia dago. Ni pozik nago, baina arantza ere badut, Quintanak lehen egunean bi gurpilak hautsi zituenean kontrakarrean harrapatu gintuelako. Egun horrek amorrua eman zidan; ni aurrerago nintzen. Kirola horrelakoa da.

Errepide liburua buruz dakiten txirrindulari horietakoa zarela jakinda, nolakoak dira Pirinioak?

Gaurkoa etapa luzea da: 220 kilometro. Azken igoera gogorra da, eta jaitsiera, teknikoa. Erne Bardetekin. Atseden egunen ondoren beti egon daitezke ezustekoak, eta ez nintzateke harrituko faboritoren batek pott egingo balu.

Bihar, esperimentu etapa. Ikusi beharko ea hasiera gogorrak eragina duen. Oilarrak lehen igoeran berotzen badira, hamar soilik pasatu daitezke buruan. Hala ez bada, agian 50, baina ez dira 120 pasatuko. Nik jaitsierak ere kontuan hartuko nituzke; Val Lourongoa, erne... Etapa hori da gakoa. Eta Larrungoa ere etapa oso gogorra da: Aspen, Tourmalet, Aubisque... Azken jaitsiera oso bizkorra da. Hiru azterketa egun dira.

Movistar, historikoki, ondo ikasia iritsi da azterketa horietara. Zer giro duzue taldean?

Daukaguna hobetzeko gogoa ikusten dut. Beste ilusio batzuk genituen, eta horiek lortzeko gogoa dugu, edota haiek lortzeko borroka egitekoa.

Kanpotik ikusita, Skyk garaiezina dirudi.

Tropel osoari eman diote errepasoa, ez bakarrik Movistarri. Aurrekontuari esker, txirrindulari oso onak dituzte, eta taktikoki eta teknikoki ondo lehiatzen dira. Euren errendimendu gune onenean sartzen dira, eta ea zeinek ateratzen dituen hortik. Hobeak badira, txalotu baino ezin da egin, baina estutzen saiatu behar dugu, hutsa eragiten eta hura baliatzen.

Nola daude taldeko buruak? Landa minez ibili da.

Mikel [Landa] sufritzen egon da: kolpe oso handia hartu zuen. Orain arte nahiko ondo salbatu du, eta atseden egunak mesede egingo dio, hobera baitoa.

Baikortasunerako arrazoien bila zabiltzala dirudi.

Bai, baina bihotzez diot, ni baikor nago. Mikel minarekin horrela ibili bada, beste koska bat gelditzen zaio, eta goraka egingo du azken astean. Eta Quintanak, normalean, hirugarren astean eman izan du bere maila onena.

Asko hitz egin da Movistarreko liderrez eta haien arteko harremanaz. Taldekideek nola bizi izan duzue?

Ondo. Mikel oso jatorra da, eta Nairo pertsona ona. Ez da egon talkarik edo tentsiorik, baina ezta tentsio ezkuturik ere. Garbi hitz egin dute, egin beharreko bilerak egin dira, bi aukerak mantentzea erabaki da, eta horrela egin dira lasterketak. Tratu ona dute; bietako batek probatu nahi izan duenean, hitz egin dute. Bizikidetza normala.

Gehiegi hitz egin da gaiaz?

Kirolean beti gertatzen da. Polemika bila aritzen dira askotan. Alde horretatik, agian, haiek ez ziren trebeak urtearen hasieran, prentsa artikulu batzuk egon zirelako, eta bazirudien talka egongo zela. Eta, horren ondoren, edozein keinu interpretatzen da.

Alpe D'Huezen Nibali bota zuten. Zerbait egin daiteke Pirinioetara begira?

Nibalirena zorte txarra izan zen, poltsa batekin trabatu zelako. Dena den, Alpe D'Huez masifikatuta dago; askotan, dantzaleku bat dirudi, jendea bozgorailuekin doa, tekno musika, ez da ura bakarrik edaten... Ospeak irentsi du. Zer egin daitekeen? Agian herbeheretarren bihurgunetik gora hesiak jarri? Ez dakit. Pirinioetako giroa ezberdina da; han ez dut halako forofismorik ikusi.

Zer iritzi duzu Froome jasaten ari den tratuaz? Egokitu al zaizu alboan noizbait?

Ulu egitean, zaleak euren iritzia ematen ari dira, baina bultza egitea oso ezberdina da. Dena den, ez zait batere gustatzen, ez zait iruditzen kirol honetako zerbait. Ez da polita mutil edo talde bati ulu nola egiten dioten ikustea, baina tira, hortik pasatzen ez diren bitartean, gaitz erdi.

Urte amaieran agian taldez aldatuko zarela zabaldu da. Iritsi al zaizkizu zurrumurruak?

Bola handiegia egin da. Tourrean kontratu kontu asko irteten dira: BMC Dimensionekin doala, Cervelo Dumolinekin... Eromena izaten ari da, eta hor zurrumurruak sortzen dira. Nirea zurrumurru edo galdera hutsa izan da. Oraingoz ez dago ez proposamen formalik, ezta erabakirik ere. Ordezkarien kontua da hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria