HILBERRIA. Juan Luis Mendizabal

Soa bete argi eta kolore

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Jon Koldobika izenez inskribatu zuten Lekeitioko (Bizkaia) udal epaitegiko jaiotza liburuetan 1928an. Mendizabal Markiegi. Mendi. Indiano semea. Perun egindako diruarekin aldatu zen Mendizabal-Markiegi familia Zarauzko (Gipuzkoa) Iñurritza auzoko etxe batera, Jon Koldobikak urtebete zuela. Han izan zuen lehen kontaktua marrazkilaritzarekin, etxeko pikondopean aitak antolatu ohi zituen tertulietara Trillo abizeneko marrazkilari madrildar bat azaldu zenean. «Arkatzak eta nire zirriborroak egiteko koaderno bat eman zizkidaten. Trillok zuzendu egiten zizkidan lanak». Eta gerra etorri zen, bere miliziano, txapel-gorri, aitaren kartzelaldi eta isunekin, espolioarekin. Juan Mendizabal indianoa berehala hil zen.

1940an, Donostiara aldatu ziren alarguna eta semea —Jon Koldobika Juan Luis bihurtua zuten ordurako frankistek, dekretuz—. Mendi gaztea Ascensio Martiarena margolari inpresionistaren akademian hasi zen ikasten. «Abstrakzioa lantzen uzten zigun, baina nik inpresionismoa jorratzea erabaki nuen». Hil arte. Eguneko orduaren eta argiaren arabera aldatuz doazen formen eta koloreen xerka, lan agilak sortuz traza solte bezain trinkoekin. Itsasoari eta mendiari begira, batez ere. Bisitatutako hamaika herrialdeetan, argiak sortu itzalak eta kolore eztandak ziztu batean margotzen. Oroitzapenak olioz gorpuzten.

Batxilergoa bukatu zuenean, Donostiako Kutxan hasi zen lanean, eta hango kultur eta erakusketa aretoan Gipuzkoako margolari handien zein sortzaile gazteen erakusketak antolatu zituen. Hitzaldiak lotzen, liburuak argitaratzen, funts bibliografikoak eta fotografikoak sortzen aritu zen...

Sekula ez zion margotzeari utzi, baina sekula ez zen margolari profesionala izan. Ez zuen asko behar lanerako: «Olioak eta edozein kartoi puska, eta listo!». 1988an, Zarautzera itzuli zen. Nire Santiagoko bidea-Apuntes de un peregrino liburua eman zuen 1989an, Kutxarekin. Iñurritza. Apuntes. 1928-2008 argitaratu zuen 2008an, Zarauzko Udalarekin eta Ispilu Arte galeriarekin. Azken urteetan, bista galduta zegoen, eta Donostiara bueltatu zen. Han hil zen, atzo.

Jorge Oteiza lagunak Mendiri buruz behin esan zuena errepikatu zuen askok albistearen berri jakitean: «Badago jendea gaur ordu laurden batez ona dena eta datorren hilean beste ordu laurden batez, baina gure Mendi hau ona da orain eta beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.