Alpinisten arteko arrakala gutxitu nahian

Himalaiako eta Karakorumeko mendikateetan ez zen espediziorik izan iazko udaberrian, pandemiarengatik. Aurten, berriz, betiko alpinistez gain, espedizio komertzialak nabarmen ugaritu dira, Annapurnan, Dhaulagirin eta Everesten, batez ere. Eta nabarmen handitu da emakumeen presentzia.

Aitziber Ibarbia, Gasherbrum IIrako espedizioan, 2006an. AITZIBER IBARBIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Yolanda Martinek (Basauri, Bizkaia, 1964) 1993an egin zuen bere lehen espedizioa Himalaiara. Cho Oyuko (Nepal, Himalaia, 8.201 metro) gailurra zuen helburu, Joseba Elorrieta senarrarekin eta beste hiru lagunekin batera. «Perun egonak ginen aurreko bi urteetan, eta Jesus Gomezen laguntzarekin abiatu ginen hara gure espedizioan zegoen. Denbora asko behar izan genuen antolatzeko, baina dena ondo atera zen», ekarri du gogora Martinek. Urriaren 10ean zapaldu zuen gailurra taldeak. Geroztik, beste bitan ere egon zen Himalaian: 1995ean, Ama Dablamen (Nepal, Himalaia, 6.812 metro), eta 1998an, Everesten (Nepal, 8.848 metro).

Aitziber Ibarbiak (Zizukil, Gipuzkoa, 1977) ere ez du berehalakoan ahaztuko zortzimilakoetara jauzia egin zueneko hura. Azken urteetan bidea mendi lasterketetan egin baldin badu ere, alpinismoan urte batzuk egin zituen korrika hasi aurretik. «Gu ere Perun izan ondoren joan ginen zortzimilako batera, 2006an. Alberto Zerain zenarekin antolatu genuen Gasherbrum II [Pakistan, Karakorum, 8.035 metro] mendirako espedizioa. Zerainez gain, Iñaki Urkola eta Kandido Uranga izan nituen bidelagun, eta Aitor Las Hayas ere bildu zen espediziora. Albertok ikusi zuen talde indartsua osatzen genuela, eta ez zuen zalantzarik egin gurekin etortzeko. Hilabete batean osatu genuen espedizio guztia», azaldu du Ibarbiak. Uztailaren 22an jo zuten gailurra Zerainek, Urkolak, Urangak eta Ibarbiak. Las Hayasek bertan behera utzi behar izan zuen ahalegina, altuerako gaitzak eraginda. Alberto Zerainek, Gasherbrum II eta Gasherbrum I (Pakistan, Himalaia, 8.068 metro) mendiak kateatu zituen espedizio hartan.

Alpinismoaren munduan murgilduta daudenen artean, gaur egun gutxi izango dira Kris Annapurna (Madril, Espainia, 1973) ezagutzen ez dutenak. Inoiz ez da mendi garaietan ibili, baina gaur egun ez da espediziorik izango berak ezagutzen ez duenik. «Beti gustatu izan zait alpinismoa. Mendian ibiltzea oso gustuko dut, baina inoiz ez naiz goi mendietan ibili»; hori erantzuna, bere zaletasunaz galdetuta. Twitterren duen kontua (@KrisAnnapurna) ezinbesteko bihurtu da zortzimilakoen mendizale ororentzat.

2021eko udaberria oso aberatsa izaten ari da zortzimilakoetan dabiltzan emakume askorentzat, eta horri adi daude Martin, Ibarbia eta Kris Annapurna ere. Azken datuak kontuan hartuta, errekorren urtea izaten ari da, batez ere Nepalen. Azken hilabeteko datua da adibiderik onena: apirilaren 16an, 70 igoera izan ziren Annapurna mendian, eta hamalau emakume igo ziren. Besteak beste, haien artean ziren Viridiana Alvarez eta Badia Bonilla mexikarrak eta Uta Ibrahimi albano-kosovarra.

Datuak begi aurrean jarrita, Martinek egin du gogoeta: «Gure garaietan ia ezinezkoa zen oinarrizko kanpaleku batean hainbeste emakume ikustea. Espedizio komertzialetan emakume gehiago ikusi izan dira beti, baina, esaterako, ni Cho Oyura joan nintzenean, bi bakarrik ginen oinarrizko kanpalekuan. Egia da, halere, orokorrean, espedizio kopurua ere ikaragarri handitu dela».

Garaiak asko aldatu dira emakumeen alpinismoan. Martinek 1998an utzi zituen zortzimilakoak. Everestera egindako espedizio hartatik bueltan, berriz ez itzultzea erabaki zuen: «Zortzimilakoek eskatzen duten esfortzuak ez zidan batere konpentsatzen. Nire etorkizuna ere antolatu beharrean nengoen, eta, gainera, handik gutxira Tasio semea ere jaio zen».

Hogei urte baino gehiago igaro dira geroztik, eta Martinek argi dauka: «Emakume gehiago ikusten dira orain, gure garaiekin alderatuta. Poza ematen dit». Ibarbiak ere oraindik gogoan dauka 2006an Gasherbrum II mendiaren oinarrizko kanpalekura iritsi zen eguna. «Jendetza zegoen urte hartan Gasherbrum II-an. 50 urte ziren lehenbizikoz igo zutela. Baimenak prezio erdira jaitsi zituzten, baina oinarrizko kanpalekuan ni bakarrik nintzen emakumea, eta ez dut gogoratzen espedizio guztian beste emakumerik ikusi nuenik ere».

Komertzialak nagusi

Iaz agentziek geldialdi handia izan zuten, eta, azken urteetan zortzimilakoek eragin duten turismoa kontuan hartuta, agentzia asko galbidera joan zitezkeen, eta Nepalgo eta Pakistango gobernuak martxan jarri dira. Aurten, 408 baimen eman dizkiete atzerritarrei Everesterako, eta haiekin batera 600 xerpa inguru ibiliko dira han elkartu diren 44 agentzientzako lanean. «Iruditzen zait gaur egun errazagoa dela zortzimilakoetara joatea. Agentziek oso prezio egokiak dituzte. Gaur egun mendi askorekin osatzen dituzte bidaia paketeak, eta horren arabera dirua asko jaisten da», berretsi du Kris Annapurnak.

Askotan eztabaidatzen da espedizio komertzialez. Mendizale batzuek gogor kritikatzen dituzte espedizio horiek, baina talde finkorik ez duen jende askorentzat lehen pausoa izan da. Martinek uste du espedizio komertzialek emakume batzuei erraztasunak ekarri dizkiela: «Lehen, emakume gutxi ikusten zen mendian, baina gaur egun beren kabuz joaten diren asko ikusten ditut. Himalaiara ere askok egin dute jauzia. Horrek inbidia sanoa eragiten dit, eta askotan pentsatzen dut: 'Beste belaunaldi batean jaio izan banintz!'».

Ibarbia, berriz, idatzi gabeko arau batzuk apurtzearen aldeko azaldu da: «Alpinismoa gizonezkoen kirola izan da oso beti. Euskal Herrian mendizaletasun handia izan da betidanik, baina gehienetan emakumeak gizonen ondoan joan izan dira. Garai bateko argazkiak ikusi besterik ez dago!».

Alde onak ere ikusten dizkion arren, mota horretako espedizioek esploraziorako dituzten aukera eskasak ere nabarmendu nahi izan ditu Kris Annapurnak: «Viridiana Alvarez eta Uta Ibrahimi, esaterako, beti espedizio komertzialetan joaten dira, eta, noski, oxigenoarekin. Haien herrialdeetan oso tradizio gutxi dagoenez alpinismoan, jainkosa bihurtu dituzte. Oso gauza ezberdinak dira gaur egun espedizio komertzialetan emakumeek nola egiten dituzten zortzimilakoak eta Gerlinde Katenbrunnerek nola egin zituen. Bi kirol ezberdin dira».

Oxigenoa eta altuera izaten dira alpinista gehienentzat zortzimilakoetan aritzeko zailtasun handienetako bi. Martinek eta Ibarbiak, esaterako, oxigenorik gabe igo zituzten Cho Oyu eta Gasherbrum II. «Himalaiara emakume gehiagok animatu beharko lukete. Alpinismoa, ziurrenik, izango da gizonezkoen eta emakumezkoen indarrak gehien parekatzen diren kiroletako bat. Fisikoaz gain, buruak ere lan handia egiten du, eta han beste aldagai asko sartzen dira jokoan: hotza, altuera...», zehaztu du Ibarbiak.

Himalaiako zailtasunez galdetuta, Martinek ez du zalantzarik: «Himalaiako mendiek orain ere zailtasun handiak dituzte; hori ez da aldatu». Orain informazio gehiago dago Himalaiari buruz, eta alde horretatik emakumeak «irabazten atera direla» uste du: «Emakumeak asko prestatu dira burujabetza handiagoa izateko. Uste dut gaur egun emakumeek ez dutela hainbesteko aurreiritzirik. Alde horretatik aurrerapauso handiak eman ditugu! Gaur egun mendi gidariak ere baditugu, eta horrek esan nahi du jendeak haiengan sinisten duela».

Prestakuntza etengabea

Himalaiak oraindik ere baditu hainbat goi mendi esploratzeko. Bide berriak, igoera berriak eta oraindik oso gutxitan zapaldu diren hainbat gailur izan daitezke emakumeen helburu berriak. Kris Annapurnak adibide batekin erantzun du: «Aipatzekoa da iaz Priti Wrightek K6W mendira eta Erdiguneko K6ra egindako igoerak [Pakistan, Karakorum, 7.040 eta 7.100 metro, hurrenez hurren]. Oraindik ere mendi asko daude esploratzeko, eta emakumeek lekua izango lukete mendi horietan. Ez dut zalantzarik».

Mundu guztiko espedizioak aztertzen ditu adituak, eta uste du emakume alpinisten artean Steffi Troguet andorratarrak egin dezakeela espedizio komertzialak utzi eta bere espedizioa osatzeko hurrengo urratsa: «Indartsua da, oso gaztea, eta etorkizun handia dauka. Orain artean espedizio komertzialetan aritu da, baina onena bere kasa joatea izango luke. Gaitasuna badu horretarako». Orain, Dhaulagiriko (Nepal, Himalaia, 8.167 metro) oinarrizko kanpalekuan dago Troguet, Jonatan Garcia alpinista barakaldoztarrarekin. 2019an Nanga Parbatera (Pakistan, Karakorum, 8.126 metro) eta Manaslura (Nepal, Himalaia, 8.163 metro) igo zen Troguet, oxigenorik gabe.

Goi mendietako emakumezko mendi gidarien lana ere ahoz aho dabil. Urteak dira Europan langintza horretan dabiltzala, baina orain egoera berria da Andeetan eta Himalaian. Boliviako Cholitek lagundu dute haien lanbidea argitara ateratzen. Aconcaguara (Argentina, Andeak, 6.961 metro) antolatzen dituzten espedizioak izan dira hizpide askorentzat. «Gaur egun emakume asko ikusten da gidari lanetan, eta hori oso pozgarria da», adierazi du Yolanda Martinek: «Aurrerapauso handiak egin dituzte, baina oraindik gutxiengoa gara horretan ere. Berdintasunera iristeko, urte asko joango dira bidean, baina jauzi txikiak egiten jarraitu behar dugu. Mendizaletasuna ere gizartearen ispilua da. Oraindik lan handia dago egiteko».

«Beti izan dira emakume indartsuak goi mendietan», ñabartu du Aitziber Ibarbiak: «Esaterako, ni joan nintzen urtean, gailurra zapaltzea lortu nuen, eta beste gizonezko asko iritsi gabe gelditu ziren. Emakumeek dena demostratu behar izan dute mendian ere. Annapurnan gertatu den bezala, espedizio berean emakume asko joateak asko esan nahi du».

Himalaiako emakume xerpak ere hizketagai izan dira azken hilabetean. Annapurnara egindako espedizioan, sei emakumez osatutako taldeak gailurra zapaldu zuen, eta historiara pasatuko dira Maya Xerpa, Purnima Xerpa, Dabhuti Xerpa, Sharmila Tamang eta Pasang Lhamu Xerpa Akita eta Dawa Yangzum Xerpa nepaldarrak. Azken biak oxigenorik gabe igo ziren. Ibarbiak azaldu du duela hamar urte «ezinezkotzat» jotzen zela halakorik gertatzea: «Orduan emakume xerpak ez ziren existitu ere egiten!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.