Elurretan ere korrika

Elur gainean jokatzen diren lasterketek katigatuta dauzkate Uxue Murolas, Naiara Irigoien eta Ainara Uribarri mendi korrikalariak. Hirurak oso ondo aritu ziren Belaguako lasterketan, baina Euskal Herrian apenas duten elurretako probarik; ondorioz, kanpora joan behar izaten dute maiz, lehiatu ahal izateko.

Azken urteetako emaitzak kontuan hartuta, etorkizun handiko korrikaria da askoren ustez Ainara Uribarri. RAMON FERRER.
Unai Ugartemendia.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ez dira hainbeste urte pasatu Euskal Herrian elurretako lehen mendi lasterketa jokatu zenetik. 2017an izan zen, eta Larra-Belaguako (Nafarroa) iraupen eskiko estazioan egin zen. Elur gainean igarotzeko egun guztiko egitarauaren azken proba izan zen kranpoi txikiekin korrika egitearena. Geroztik, urtero jarri izan da jokoan lasterketa, eta urtetik urtera jarraitzaile gehiago izaten ari da. Aurtengoan ere ia 150 korrikalari elkartu ziren.

Mendian esperientzia handia du Uxue Murolasek (Iruñea, 1970). Lehenik, mendira joaten hasi zen lagun batzuekin, eta, haiek ere mendira korrika egitera irteten zirela ikusi zuenean, bera ere probatzera animatu zen. Baina ordura arteko bidea ez da erraza izan. «Eskoliosia daukat. Garaiak asko aldatu dira, baina txikia nintzenean kortse ortopediko bat jarri zidaten. 18 urte bete arte eraman behar izan nuen, eta, medikuak aginduta, eskolan soinketa egiten ere ez zidaten uzten. Mendian ibiltzea eta korrika hastea eskutik joan ziren, ondoren». Geroztik, mendiko jarduerek kateatu zuten. Gaur egun, ohikoa da mendi lasterketetan lehiatzen ikustea, eta Dhaulagirin ere (Nepal, Himalaia, 8.167 metro) egon zen 2019an, Sergi Mingote zenarekin. Apirilean, berriz, Lhotse mendira (Nepal, Himalaia, 8.516 metro) joateko espedizio batean hartuko du parte.

Naiara Irigoien ere (Iruñea, 1995) ez da hasi berria mendian korrika. Betidanik izan da kirolaria, eta urte askoan igerilekuan pasatu ditu ordu gehienak. Behin unibertsitatean hasita, eta libre zeukan denbora ahalik eta ondoen aprobetxatzeko aitzakiarekin, mendian korrika hasi zen. «Korrika irteteak deskonektatzeko balio zidan, eta libre sentitzen nintzen». Azken urteetan mendi lasterketetan hartu du parte, eta urtarrilaren 15ean nagusitasunez gailendu zen Belaguan (Nafarroa) jokatutako Elur Gaineko Espainiako Txapelketan. Irigoienek argi dauka. «Gaur egun, mendi lasterketetan gozatzen dut gehien».

Ainara Uribarri (Oñati, Gipuzkoa, 1997) da hiruetan gazteena, eta mendian korrika denbora gutxien daramana. Halere, azken bi edo hiru urteetan lortutako emaitzak kontuan hartuta, etorkizun handiena duten mendi korrikalarien zerrendan jarri dute askok eta askok. «Lau urte inguru izango dira mendian korrika egiten hasi nintzela. Lehenbizi, errepideko lasterketak egiten nituen, eta ondoren hasi nintzen mendia eta errepidea uztartzen. 2019an hasi nintzen mendiko lasterketetan lehiatzen». Korrika egiten hasi zen arte, futbolean egin zituen urte gehienak Uribarrik. Oñatiko, Arrasateko eta Legazpiko taldeetan ibili zen urte askotan. Geroztik, ez ditu erantzi korrikako oinetakoak. Aurtengo denboraldian, Brooks etxearekin lehiatuko da mendi lasterketetan.

Baina, mendiko lasterketez gain, orain gutxi hiru korrikalariak batu dituena elur gaineko lasterketa bat izan da. Belaguan izan zen, Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatu zuen Espainiako txapelketan. Urtean zehar ez dira ohikoak elur gaineko lasterketak, eta, Euskal Herrian esaterako, bakarra jokatzen da, lehen aipatutako Larra-Belaguakoa. Uribarrik bigarren urtea zuen lasterketan. «Iaz, Espainiako Kopako proba izan zen, eta lasterketa hasi baino bost minutu lehenago arte ez nituen inoiz kranpoi txikiak jarri. Halere, espero ez nuen emaitza lortu nuen: bigarren sailkatu nintzen». Murolasek ere iaz jarri zituen lehenbizikoz elur gainean korrika egiteko kranpoi txikiak. Ordura arte mendi lasterketa askotan parte hartutakoa zen arren, inoiz ez zuen elur gainean lasterketarik jokatu. «Iaz, Nafarroako Mendi Lasterketetako Selekziotik deitu ninduten Sierra Nevadako Elur Gaineko Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Ordura arte zerbait ibilia nintzen arren, inoiz ez nuen lasterketarik jokatu». Baina kasurik bitxiena Irigoienena izan da. Aurten egin du estreinakoa elur gaineko lasterketa batean, eta jokatutako lehen proban Espainiako txapeldun izatea lortu du. «Egia esan, aurtengo lasterketa nire lehen esperientzia izan zen elurretan kranpoiekin korrika. Lasterketa hasi baino egun batzuk lehenago, eguna erraketekin pasatzera joan nintzen, eta kranpoiak kilometro gutxi batzuetan probatu nituen, lasterketara lasaiago joateko». Bete-betean asmatu zuen, eta ez du berehalakoan ahaztuko Belaguako txapelketa. Korrika gustura aritzeaz gain, bertako paisaiekin gozatzeko aukera izan zuen. «Lasterketa zoragarria izan zen. Mendietan eguzki gorria ikustea eta Belaguako paisaia zurietan ilargi betea sartzen ikustea ederra izan zen. Asko gozatu nuen ibilbideaz eta jendearen animoez». Espainiako txapelketan lortutako garaipenak aukera emango dio otsaileko lehen asteburuan Sierra Nevadanjokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko. Proba berean, Uribarrik ere txapelketa bikaina osatu zuen, emakumeen sailkapenean bosgarren amaitu eta gero. Murolas, berriz, 18. sailkatu zen.

Elurraren zailtasunak

Uribarri oso baldintza ezberdinetan lehiatu da orain arte jokatutako bi lasterketetan. Iazkoan korrika egitekoizan zituen zailtasunak ederki gogoratzen ditu oraindik ere. «Korrika ezin egin izanaren sentsazioa izan nuen. Ez nekien zer zen elurretan korrika egitea, eta krosaren antzeko zerbait izatea espero nuen. Azkarra izango zela uste nuen, baina erabat alderantzizkoa izan zen. Elurraren baldintzak ez ziren onenak izan, eta belaunetaraino barneratzen ginen. Oso lasterketa gogorra izan zen!». Aurten, aldiz, elurra oso ezberdin aurkitu zutela aitortu du. Eguraldi bikainaz eta hotzaz gain, elurraren gogortasuna izan zen albiste nagusia Larra-Belaguako lasterketan. Kranpoiak elurretan itsasteko ere zailtasunak izan zituzten arren, korrika egiteko gauzak erraztu zizkieten parte hartzaileei, nahiz eta azken unean izandako ibilbide aldaketak zalantzak sortu zizkien korrikalariei. «Bi egun lehenago abisatu ziguten lasterketak 11 kilometro izan beharrean hamasei izango zituela. Eskerrak elur baldintzak onak izan ziren!».

Elur gainean ibiltzeakbere teknika eskatzen duela begi bistakoa da. Europako iparraldean ohikoagoak dira diziplina horretako lasterketak, baina Euskal Herrian urtean behin bakarrik jartzen da jokoan halako lasterketa bat. Esperientzia falta izaten da horrelakoetan buruhauste nagusi korrikalarientzat. «Duela hilabete pare bat baino ez zidaten idatzi, lasterketa honetan Nafarroako selekzioarekin parte hartzeko. Hasieran, erokeria zela pentsatu nuen, ez bainintzen inoiz elurretan ibili!», aitortu du Irigoienek. Baina zalantzak uxatu zituen lasterka hasi bezain laster. «Esperientzia berri bat bizitzeko asmoz joan nintzen, eta bi helburu neramatzan: korrika gustura ibiltzea, eta aldi berean selekzioarekin parte hartzea. Biak bete nituen».

Esperientzia handia pilatua den arren mendiko lasterketetan, Murolasek berak ere zalantzak izan zituen lasterketari begira. Teknika, indarra eta sasoian egotea eskatzen duen diziplina bat da elur gainean korrika aritzea. «Hankak oso nekatuta bertaratu nintzen, baina ez naiz kexatzen. Hurrengorako badakit atseden handiagoa hartu behar dudala denbora hobetu nahi badut». Lasterketan zehar asko sufritu zuela esan arren, esperientzia bikaina izan zela ere argitu du. Baina arantza txiki bat utzi zion Espainiako Txapelketak. «Asko gozatu nuen oro har; lasterketaz, selekzioko kideez, giroaz eta izan genuen ilunabar politaz. Dena borobiltzeko, Maria Ordoñez gurekin egotea besterik ez zitzaidan faltatu». COVID-19agatik ez zen han izan. Uribarrik oso oroitzapen polita eraman zuen Belaguako lasterketatik. «Niri lasterketa azkarrak gustatzen zaizkit, eta hau oso azkarra izan zen».

Urtarrila eta otsaila izaten dira elur gaineko lasterketen hilabeterik oparoenak, eta Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak ere ordurako prestatzen ditu Espainiako Kopa eta Txapelketa. Azken urteetan bezala, aurtengo egutegian ere lau proba nabarmenduko dira, Espainiako Txapelketaz harago. Urtarrilerako, bi proba programatu zituen federazioak, artean aipatutako Larra-Belaguakoa, eta asteburuan jokatu den beste bat, Leitariegosekoa (Leon, Espainia). Otsailerako ere beste bi lasterketa aurreikusten ditu; otsailaren 12an Alto Campooko (Kantabria, Espainia) eski estazioan jokatuko dena, eta otsailaren 19an Espainiako Kopari amaiera emango diona, Vinuesakoa (Soria, Espainia).

Hiru korrikalariek oso asmo ezberdinak dituzte hurrengo hilabete eta erdian elur gainean jokatuko diren lasterketen inguruan. «Ez nuen espero beste lasterketarik egitea, baina, txapeldun irten eta gero, otsailaren hasieran, Andaluzian izango naiz, Sierra Nevadako Munduko Txapelketan parte hartzen», aurreratu du Irigoienek. Murolasek ere Espainiako Kopako lasterketa guztietan lehiatzeko asmoa du. «Hasiera batean, elur gaineko lasterketen kopa guztietan lehiatzeko asmoa daukat. Ondoren, martxoan, Mendi Lasterketetako Kilometro Bertikaleko Espainiako Txapelketan lehiatzea gustatuko litzaidake, Ladrillarren. Eta, apirilean, Lhotseko espedizioan murgilduko naiz buru-belarri». Uribarrik, berriz, Belaguan jokatu zuen lasterketarekin eman zion amaiera elur gaineko proben egutegiari. «Ez daukat asmorik elur gaineko beste lasterketarik korritzeko. Aurtengo denboraldirako beste asmo batzuekin nabil. Lehenik, mendi eskian lehiatuko dut. Panticosan hasiko naiz, eta, ondoren, Bandres-Karoloren omenezkoan eta Altitoy-Ternuan hartuko dut parte. Mendi lasterketa batzuk ere egingo ditut, eta lehena, maretxoan, Transgrancanarian izango da. Baina ez dut egutegia lasterketaz bete nahi. Aipatutakoak ondo prestatuko ditut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.