Donostiako 54. Jazzaldia. KRITIKA. Donostiako 54. Jazzaldia

Haizearen lilura

Donny McCaslin eta haren boskotea, Trinitate plazan. GORKA RUBIO / FOKU.
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Donny McCaslin Quintet: 'Blow' eta Maria Schneider & Ensemble Denada

Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 25.

Hirugarren aldia da McCaslin jauna (Santa Clara, Kalifornia, AEB, 1966) Trinitate plazako oholtzan ikusten dugula. Blow izeneko lana aurkeztera etorri da oraingoan —blow, hau da, putz egin, edo, nahi baduzue, haizea eman—. Ziurtasunez eman ditu notak, kementsu, indartsu, beti bezala, eta, era berean, apal agertu zaigu saxoari putz egiten. McCaslinen aireak atseginak izan dira, orro egin duenean ere.

Ekarri dituen lagunek ere lagundu dute horretan. Jason Lindner piano jotzaileak giro bereziak, garaikideak, jostagarriak margotu dizkigu sintetizadoreekin. Baxuarekin, Maron jauna beharrezko bihurtu da Blow-ren asmoari sendotasuna emateko. Danziger bateria jotzaile bikainarekin gozatu egin dugu; moldagarri eta sendo jardun du, soinu bikainarekin. Eta aipatzekoa izan da Jeff Taylor abeslari ekletikoa ere, popetik jazz-rockaren bidetik doana, baita glam rocketik pasatuz ere —ezin ahaztu David Bowiren itzal luzearen lilurak lotu dituela gau berean plazan izan diren bi kontzertuak—. Laburbilduz, bikain eta gero eta helduago ikusi dugu Santa Clarakoa, bere saxo indartsuarekin, gero eta zehatzago.

Maria Schneider (Minnesota, AEB, 1960), berriz, musikagilea eta orkestrarako musika moldatzaile bikaina da, ezaguna zenbaitfilmetan egin dituen moldaketei esker. Orkestra zuzentzean erakutsi duen gozotasunak hunkitu egin gaitu. Musika geruzaz geruza entzun dugu, kasik ikusi ere bai airean, bere lurrinak usaindu... Lan paregabea eginez, giro leun batean doinu liluragarriak sortu ditu. Schneiderrek bere ideiak azaltzen dizkigu; musikarekin paisaiak margotzen ditu, lautadak, basoak... Eta paisaiez gain, jendea ere bai, txoriak, bihotzak, sentiberatasuna, emozioak... Eta nola ez, haizea ere margotzen du; El viento izeneko konposizioarekin liluratu egin gaitu. Magia hori lortzeko, Norvegiako hainbat musikari bikain ekarri dizkigu, Ensemble Denada osatzen dutenak. Maisu bikainak guztiak: lau tronpeta jotzaile ikaragarri, fliskornoarekin berdin jardungo dutenak, lau tronboi jotzaile zoragarri, lau saxo jotzaile, berdin soprano, baritono, altu, tenor, klarinete, klarinete altu, klarinete baxu, flauta, flautin nahiz txorien erreklamurako tresnekin jardun direnak. Eta denak bikain, nortasun handiarekin eta zehaztasun paregabearekin. Denak aipatu ezin, eta Philippe Thuriot belgikarra eta haren eskusoinua nabarmenduko nituzke, erakutsitako dotoreziagatik. Eta, azkenik, Sue (Or in a Season of Crime) jo dute, Scheniderrek David Bowieri azken diskorako egin zion konposizioa, eta, oholtza gainean, McCaslin saxoarekin, diskoan bezalaxe, eta Taylor abesten. Zoragarri!

Euri tanta bat bera ere ez kontzertu osoan, nahiz eta, hasi baino minutu batzuk lehenago bazirudien dilubioak itoko zuela Trinitate plaza. Azkenean, ordea, haizearen liluraz, musika eta gu plazerrez igerian ibili ginen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.