Athleticek bide onera itzuli nahi du gaur, Espanyol etxean menderatuta

Jon Ander De la Hoz.
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Ilunetik argira egin nahi dutenen lehia jokatuko dute gaur Athleticek eta Espanyolek San Mamesen. Bide onera itzuli beharrean dira bi taldeak, kataluniarrak bilbotarrak baino gehiago, eta hiru puntuen premia horrek partida irekia ekar lezake.

Athleticek ez du irabazi azken bost neurketetan. Gaizka Garitanoren taldearen inguruan zalantzak sortzen hasi dira, eta haiek lehenbailehen uxatzeko ez du irabaztea baino erantzun hobeagorik. Orain artean etxean eman duen maila baliatu nahi du horretarako; San Mamesen jokoan izan diren hamabost puntuetatik hamar zakuratu dituzte zuri-gorriek.

Espanyolek, ordea, etxetik kanpo pilatu ditu orain artean lortu dituen puntu guztiak. Bere estadioan jokatutako partida guztiak galdu egin ditu, eta Bartzelonatik urrun egindakoak pizten dio esperantza apur bat. Hain justu, kataluniarrek igandean eskuratu zuten ligako lehen garaipena, Betisen zelaian.

Sailkapenean azken aurreko postuan dago Espanyol, eta, azken asteetako zurrunbiloa amaitu ez den arren, Athletic da garaipena eskuratzeko faborito nagusia.

Helburua lortzeko bidean zenbait aldaketa egin ditzake Garitanok. Hiru partidako astea izan duen aldiro, Iago Herrerin zelairatu du atean Deriokoak, eta litekeena da gaurkoan erabaki hori berriro hartzea. Halaber, atzeko lerrora itzul liteke Yeray Alvarez, eta Aritz Aduriz estreinakoz aritu liteke hasieratik.

ATHLETIC-ESPANYOL

Athletic. Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez; Williams, Raul Garcia, Muniain; eta Aduriz.

Espanyol. Diego Lopez; Naldo, Bernardo, David Lopez; Javi Lopez, Victor Sanchez, Roca, Didac Vila; Wu Lei, Granero eta Ferreyra.

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 20:00etan (Movistar La Liga2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.