Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Aspaldi utzi zion kutxa izateari

2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Hasieratik izan du ospe txarra telebistak, eta ugariak dira telebista ergelkeriarekin, hutsalkeriarekin, kulturarik ezarekin eta gisakoekin lotu duen jende ospetsuaren esaldi ospetsuak.

«Jaiotzen zarenetik... erlijioarekin, sexuarekin eta telebistarekin drogatzen zaituzte», esan omen zuen John Lennonek; gauza okerragoekin konparatu duenik ere bada, baina datorrenarengandik etortzeak indarra ematen dio esaldiari. Eduardo Galeanok idatzitako esaldi batek dotore laburbiltzen du beste askoren iritzia: «Ez dago irakurtzen eta idazten jakin beharrik (...) telebista ikusiz indartsuenaren zapalkuntza onartzen irakatsiko dizun eguneroko mezua jasotzeko, nortasuna auto batekin nahastera eramango zaituena, duintasuna zigarro batekin eta zoriontasuna saltxitxa batekin».

Lakonikoa da Woody Allen: «Beverly Hillsen ez dute zaborra ateratzen, telebista bihurtzen dute». Ironian zorrotz Bette Davis: «Telebista zoragarria da. Buruko mina ematen digu eta, gainera, haren publizitatean mina arinduko diguten pilulak aurkituko ditugu». Telebistan ez agertzea «duintasun zeinua» dela esatera iritsi zen Umberto Eco. Groucho Marxena da hala ere esaldirik ezagunena: «Hezkuntzarako oso tresna ona da telebista. Norbaitek pizten duen bakoitzean, beste gela batera joan eta liburu bat irakurtzen dut»; baina zaharkitu samar gelditu da, gaur egun liburuak lehiakide zitalagoak baitauzka. Zango beretik egiten du herren Federico Fellinirenak ere: «Telebista gure sistema kultural osoaren porrota islatzen duen ispilua da»; Izatekotan, «ispiluetako bat» izango da gaur egun, inondik ere ez bakarra.

Steve Jobsen esaldiak gaurkotu zuen telebistaren gutxiespena: «Telebistara jotzen dugu batez ere burmuina deskonektatzeko, eta burmuina berriro piztu nahi dugunean ordenagailua erabiltzen dugu»; esaldi hori ere atzeratuta geratu da, ordea, gaur egun ordenagailua erabiltzean ez baitira beti telebista ikustean baino neurona gehiago jartzen dantzan.

Esaldi horiek eta gisako beste asko aurkitu daitezke sarean lardaskan hasiz gero. Baina gehienak, honegatik edo hargatik, aldez edo moldez, zaharkituta geratu dira, telebista «kutxa ergela» dioen aspaldidaniko topikoa bezala. Zeren eta «kutxa» izateari behintzat aspaldi samar utzi zion, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.