Mikel Oiartzabal

Zubietako azken harribitxia

Hemezortzi urte besterik ez du, baina jokalari erabakigarria da jada Realean. Hiru gol sartu ditu astebetean, eta kontratu berria sinatu du. Geratzeko iritsi da lehen taldera, eta guztia «bide luze baten hasiera» izatea espero du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2016ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Futbol profesionalean ez dira jokalari asko izango Mikel Oiartzabalen oinetakoen neurrira ailegatzen direnak. Izan ere, 47 neurriko oinetakoak erabiltzen ditu Zubietako azken harribitxiak. «Futbolean jokatzeko neurri horretako oinetakoak bilatzea ez da erraza askotan, baina beti topatzen ditut nonbait. Onerako eta txarrerako, oin handikoa naiz jaiotzetik». Txarrerako ez, oraingoz onerako da hain oin handia. 18 urte besterik ez, eta zeresan franko sortzen ari baita. Besteak beste, «ametsetako astea» igaro berri du. Joan zen astelehenean, Realak Espanyolen zelaian lortutako garaipen historikoaren parte izan zen (0-5). Lehen Mailako lehen gola sartu zuen. Lau egun geroago, ostiralean, 2021era arte berritu zuen kontratua. Herenegun, berriz, bi gol sartu zizkion Granadari. Hori bai, oinak lurrean ditu, eta «pausoz pauso» joan nahi du.

Pausoz pauso bai, baina argi dago Zubietako haztegiak aspaldian eman duen jokalaririk aipagarrienatako bat dela. Pentsa, 40 milioi euroko etete klausula ezarri dio klubak, epe ertainera taldeko zutabeetako bat izango den itxaropena aintzat harturik. Eta ez da harritzekoa. Astebetean dohain asko azaldu baititu. Ezeren gainetik, futbola beste bista batekin ikusteko gaitasuna dauka. Granadaren aurka agerian geratu zen. Sartu zituen bi goletan aurrea hartu zien atzelariei, eta begi bistakoa da buruz pentsatzeko ere bizkorra dela. Sarritan nahikoa da egoten jakitea futbolari ona izateko, eta Oiartzabalek badu abilezia hori. «Zortea ere lagun eduki behar da. Garai onean nago, eta berdin jarraitu nahi dut, taldeari laguntzen eta gola sartzen», aitortu zuen atzo.

Golak sartzen, bai. Aurrelaria ez izanagatik, ate aurrean ere abila baita. Lehen Mailako estreinako gola Cornella-Praten sartu zuen, Ruben Pardorekin bat-biko aparta josi ostean. Eta Granadaren kontra bi sartu zituen. Gol onak, biak ere. «Uste dut nire ezaugarri nagusietako bat areaz kanpoko jaurtiketa dela, eta gola sartzen ere badakit. Nahiko hotza naiz ate aurrean». 18 urterekin Anoetan gola sartu duen gazteenetako bat da. Imanol Agirretxek ere lortu zuen balentria hori, 2005ean. Eta Antoine Griezmannek ere adin horrekin sartu zuen gola, baina Bigarren Mailan. «Ez diet estatistikei gehiegi begiratzen. Hobetzeko asko dut. Ondo sentitzen naiz, baina garai zailak ere ailegatuko zaizkit».

Ordea, oraingoz bietan ari da: gozatzen eta gozarazten. Ilusioa zabaldu du zaleen artean. Eta taldekideentzat ere lagun aparta da. Granadaren aurka, Yuri Berchicherekin ezin hobeto konpondu zen ezker hegalean, erasoan zein defentsan, eta Carlos Velarekin ere lotura bikaina lortu du. «Taldekideek bikain hartu naute. Nire bigarren gola ospatzera joan ginenean, baten batek esan zuen hiru sartu eta baloia etxera eraman behar nuela, baina ez zen posible izan». Besteak beste, 86. minutuan Eusebio Sacristanek aldatu egin baitzuen. Zaleen txalo artean agurtu zen. «Une hori izugarri polita izan zen. Ni txikitatik izan naiz Realekoa, eta familiarekin joaten nintzen Anoetara. Beti amesten nuen zelaian egotearekin. Eta Granadaren kontra zaleek era horretan agurtu izana oso pozgarria izan zen. Hala jarraitzea espero dut».

Jarraitzeko aukera izango du, bederen, geratzeko iritsi baita. David Moyesek eman zion sasoi-aurrea onenekin egiteko aukera, baina Eusebiok izan du konfiantza gehien harengan. Bederatzi partida jokatu ditu jada, eta hasierako hamaikakoan tokia ere lortu du. «Oso eskertuta nago bi entrenatzaileekin. Biei esker nago nagoen tokian, eta bakoitzak erakutsi dit zerbait berria». Eusebiok zer eskatzen dion garbi du: «Futbol arloaz ez dit gehiegi hitz egin. Esan dit bizitzen ari naizen guztia berria dela, eta lasaitasunez hartzeko. Pausoz pauso joateko. Dena oso azkar doa, baina patxadaz hartzen ari naiz. Eguneroko lanari ematen diot garrantzia».

Lehen derbia izango du

Eta aste honetako egunerokoan Athleticen aurkako igandeko derbia prestatuko dute txuri-urdinek. Oiartzabalek berak derbia lehen aldiz jokatzeko aukera izango du. «Oraindik ere taldekideon artean ez dugu igandeko konturik aipatu. Gazte mailatan bereziak izaten dira partida horiek, eta pentsatzen dut Lehen Mailan bereziagoak izango direla». Bolada onari jarraipena ematera joango da Reala San Mamesera. «Bolada onean gaude, eta laugarren garaipena jarraian lortzea bikaina litzateke. Irabaztea erarik onena litzateke gure zaleei poza emateko. Merezi dute». Hori bai, argi du «partida zaila» izango dela.

Konpromiso eta gogo faltarik, behintzat, ez du faltako jokalari eibartarrak. Urrunera joan gabe, etxean bertan topatu baitu ispilua. «Ansotegi, Xabi Prieto, Mikel Gonzalez eta beste batzuen bide bera egin nahiko nuke Realean. Harrobian hasi eta hainbeste urte Realean egitea bikaina da. Nik ere hala egin nahi dut». Hastapenez gozatzen ari da, baina zeresana emango du Oiartzabalek etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.