Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. ANALISIA

Erregulartasuna eta zerbait gehiago

Jon Maia eta Nerea Ibarzabal, herenegun, Amurrion kantuan. JAIZKI FONTANEDA / ARP.
Gorka Azkarate.
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Finalerdietako bigarren itzuliaren hasiera Amurrion; laburpen modura, honakoak nabarmendu daitezke: bat, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi BECeko oholtzara igoko dira beste behin ere, oker handi-handirik ezean. Bi, Jon Maiak ezinezko ez, baina benetan zail dauka txartela lortzea, eta ziur aski Amurriokoa izango zen txapelketako bere azken guda dantza. Hiru, aurtengo txapelketa nagusiko eskaparatean Nerea Ibarzabalek eman duen erakustaldiak argi utzi du, inork zalantzarik bazuen, etorkizun hurbilean oso kontuan edukitzeko bertsolaria izango dela. Lau, Jon Martinek ere agur esan zion txapelketetako jardunari, hasierako agurretik gainera. Eta bost, Etxahun Lekue, finalerdietako bi saioetan bere mailarik onena eman ez duen arren, plazagizon peto-petoa da, bertsolari benetan fina izateaz gainera, noski.

Izango zen, seguru, saioaren joanean bertsolarien jardunarekin aspertuko zen bertsozale zirtolaririk; txioren bati erreparatuz gero hala ondoriozta daiteke bederen. Amurriokoa ez zen izan, bistan da, hemerotekan gordeta geratuko den bertso saio gogoangarri horietako bat, ez baitzen lehertzera iritsi, baina nabarmentzeko xehetasun asko izan zituela ere esan beharra dago, egiari zor. Ikusi genuen Sustrai Colina kuasi-perfektu bat, gaiak edonolakoak izanik ere aurpegirik onena jarri eta gurdiari tira egitera deitua dagoenaren jarrerarekin egin zuena bertsotan. Saioko liderra, funtsean. Saio osoan zehar detaileak utzi zituen han-hemenka eta kartzelako lan eder batekin zigilatu zuen bere finalerako txartela. Beñat Gaztelumendiren erregulartasuna aipatzen zen saioaren amaierako korrotxoetan... Erregularra zela bagenekien, baina kantatu duen bi saioetan distira apurra bat falta izan zaiola esango nuke. Erraza da esaten, BECerako txartela poltsikoan daukan bertsolari batez ari garela kontuan harturik... Bakarkako aparta osatu zuen Amurrion, eta ofiziotan ere ale politak utzi zituen (zortzikoko nagusiko hirugarren bertsoa, kasu), baina nago bere onena BECerako gorde ez ote duen...

Jon Maia sailkatu zen Amurrion hirugarren, eta nahiz eta batutako puntuak ez dituen ziur aski nahiko izango, aurreko bi saioetan baino erosoago sumatu genuen kantuan, ofiziotan batez ere, elementuak ekarriz eta umore puntu atseginarekin. Bakarka ildo polita aukeratu zuen, baina bere bertsoak ez ziren betelanean ohi bezain distiratsuak izan. Asko hitz egin da Nerea Ibarzabalen dohainez; kartzelakoan aukeratu zuen bidea da horren erakusgarri garbia. Sinesgarria oso, eraiki zuen istorioa, entzuleak poltsikoratu eta arratsaldeko txalo zaparradarik ozenenetakoa sorrarazi zuena. Jon Martini eskerrik asko esatea baino ez zaigu geratzen, urte hauetan guztietan eman duenagatik. Eta hartutako erabakia bi aldiz pentsa dezala erregutu, txapelketa maite dugun bertsozaleon onerako... Etxahun, plazan ikusiko dogu alkar; saioro jasotzen ari garen bizkaiera klaseek ez daukate preziorik!

Donibane Lohizune eta Iruñea, horra hurrengo zitak. Amurrioko kartzelako gaiaren parekoa tokatzen bada, ez gaude kexatzeko: sei bertsolari, sei helduleku, sei usain. Ederra. Hori bai, izan daitezela saio horietako puntukakoak Amurriokoak baino bizi eta zirtolariagoak, saioek eztanda egin dezaten (eta inor lokartu ez dadin...).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.