Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Bo!

2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Ate guztiak itxi zirenean, kanpoan nengoen. Kanpo mugagabean. Berehala ohartu nintzen mugarik handiena aldean neramala: neure burua. Sentsazio bat baino gehiago izan zen. Temati, ordea, neure ez-mugan, lortu nuen izar batera iristea. Erabat galdurik aurkitu nintzen. Handik ez zen lurrik ikusten. Eta orain? Zer esanik ez daukadan guztietan bezala, maitasunari ekin nion. Izar batean egon behar, maite-gorroto delako tentsioa oso iragankorra dela aurkitzeko. Maitasunak ahultzera egiten baitzuen, eta gorrotoak, indartzera. Itxaropen oro galdu nuen, baina beranduegi zen suizidatzeko.

Norbaitekin haserre bazara, maitasunaren adibide horretan, adibidez, ez agertu berari. Ez eman aukerarik emozioa erdibanatzeko. «Beti gertatzen da berdin!». Bai, baina hori gauza jakina da. «Historia errepikatzen da». Baita! Amorra zaitez, ñabardura batekin: «Historia errepikatzen da, gupida gabe». Orduan zertarako da historia ezagutzea? Seguruenik, historia ezagutzeak historia ezagutzeko bakarrik balio du. Errepikatzen bada, horixe ere ez. Utz dezagun abstraktuan, historialariek ere merezi baitute ilusio bat.

Azkenean, lortu nuen izarretik itzultzea. Beranduegi. Lurra hustua zen. Paisaia bakarrik aurkitu nuen, eta egia nostalgiko bat: paisaia batek tristura inspiratu badizu, zeure tristura da han islatu dena. Heriotza dohatsu bat izateko, nahikoa da pena amaituen poza handiagoa izatea poz utzien pena baino. Pentsamendu horrekin abiatu nintzen, airoso. Pentsatzeko gai dena bakarrik hiltzen baita, Pascal! Elefanteak kide baten hezurrak ezin sentiberago usnatuko ditu, baina ez dizu hilarririk utziko. Abiatu nintzen eta abertitu zidaten: «Beldurra ematen du errepideak, dabilen trafikoarekin». Bo! Ez dituzu denak joko. Bat jotzea ez al litzateke nahikoa? Ez, beste guztiei joaten utzi nahi ez badiezu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.