Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Tren-makinari jarraitu ezinda

Publizitatea

Kultura

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. ANALISIA

Tren-makinari jarraitu ezinda

 
Miren Artetxe, Miren Amuriza eta Aitor Mendiluze, herenegun.
Miren Artetxe, Miren Amuriza eta Aitor Mendiluze, herenegun. M. DEL VALLE / ARP

2017-11-14 / Gorka Azkarate

Finalerdietako lehen txandako azken saioa Durangoko Landakon, sarrerak agortuta, 2.000 lagunetik gora ia kabitu ezinda. Ikusmin ikaragarria sorrarazten duten saio horietako bat, azken finean. Sei bertsolari nor baino nor, txapelketa honetan oholtzara igotzeko falta zen azken-aurreko bertsolaria tartean. Tren-makina, kamioia, tankea... Aitor Mendiluze. «Mendiluze kartzelan erori egin da, baina gainerakoan oso ondo», idatzi zidan bertsokide batek saioaren amaieran. Oso ondo ez, bikain egin zuen bertsotan azkeneko ariketara iritsi arte, eta ariketa horretan erori egin zela esatea ere, ez dakit zilegi den: igo dadila oholtzara berak aukeratu zuen doinu horren lehenengo lau puntu motzak berak egin zuen moduan kateatzeko gai dena. Zaila da haren lanen artean bat besteen gainetik jartzea, baina puntu-erantzunak eta seiko motzeko ariketan Oihana Iguaranekin egindako lanak txundigarriak izan ziren. Oholtza gainean erakutsi zuen patxadari erreparatuz gero, gainera, edonork esango zukeen kantura igo aurretik, antolatzaile petoa soinean, sarrera zaintzen-edo egon zela... auskalo! Finaletik kanpo irudikatzea ez da erreala, txapeletik gertu ibiliko dela pentsatzea utopikoa ez den bezala.

Haren atzetik, oso atzetik, beste bostak, tropelean ia. Miren Amurizak ez zuen arriskatu nahi izan, eta silaba bakoitza ondo neurtuz, gehiegizko patxadaz tarteka, akatsik gabeko saioa osatu zuen. Estrategiak emaitza ona ekarri zion, bere burua BECerako borrokan kokatu baitzuen bete-betean. Hemendik aurrera galtzeko gutxi eta irabazteko guztia dauka, defentsatik erasora pasatzeko unea, beraz. Zallako saioan erabilitako doinuan bakarkako ederra osatu zuen, agian ez ordukoa bezain hunkigarria, baina ederra. Beragandik gertu sailkatu zen Jon Maia, hori ere eskopetako mira BECera zuzenduta. Oso gorabeheratsu hasi zuen saioa, aurretik izandako gertaera bat zela tarteko, baina saioak aurrera egin ahala, gora. Bakarkakoan, gainera, bere suntsipen handiko arma erabiltzea erabaki zuen: Maia & Habanera binomioa. Zirt edo zart, ez zegoen beste aukerarik. Jokaldia borobil atera zitzaion! Oihana Iguaran izan zen laugarren, oso puntu gutxira. Ariketa batzuetan sendo (Mendiluzerekin, kasu), eta beste batzuetan oso lotuta. Kartzelakoan lan polita osatu, eta, azkenean, handik eta hemendik batutako puntuak lagun, finalera sartzeko aukera eta guzti, gauzak zer diren. Hurrengo txanpara igaro direnen atea ixtea egokitu zitzaion Iñaki Apalategiri. Erregular aritu zen, eta berriz ere erakustaldia eman zuen gaia edozein izanik ere elementuak, ezinezko errimak eta irudiak ekartzerako orduan. Sarritan pentsatu izan dut bere bertso ugari sofistikazio maila oso altukoak direla, eta horregatik ez dutela beti publikoarekin daukaten mailari dagokion moduan konektatzen. Miren Artetxe ariketa batzuetan nahi eta ezin aritu zen arren, bere puntu erantzunak bertso eskoletan erakusteko modukoak izan ziren.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak