155. artikulua. Espainiako aurrekontuak

PPren aurrekontuak babestu ditu EAJk, egoera «gaiztotu» ez dadin

Jeltzaleek esana zuten 155. artikulua indargabetu arte ez zutela alde bozkatuko, baina uste dute aurki kenduko duela Rajoyk. Bozak aurreratzeak euskal autogobernua kaltetuko lukeela ohartarazi dute
Aitor Esteban EAJko diputatua eta Cristobal Montoro Ogasun ministroa, atzo.
Aitor Esteban EAJko diputatua eta Cristobal Montoro Ogasun ministroa, atzo. EMILIO NARANJO / EFE

Jokin Sagarzazu -

2018ko maiatzak 24
EAJk Espainiako aurrekontuak babestu ditu, «Euskadiren interesak Eusko Alderdi Jeltzalearen interesen gainetik jarrita» eta Rajoyren gobernuak Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez Kataluniako autogobernua kontrolatzeari «berehala» utziko diola iritzita. Hori eginda, «erantzukizunez» jokatu duela uste du EAJk.

Izan ere, argudiatu du aurrekonturik gabe, egoera politikoa «gaiztotu» egingo litzatekeela eta Katalunian elkarrizketarako aukerak «urrundu». «Horrek eragingo lukeen krisi politikoak sine die luzatuko luke 155.a.». Horrek, Katalunian ez ezik, euskal autogobernuan ere eragingo lukeela ohartarazi du, Espainiako alderdien jarrera zentralistagatik, hango indar korrelazioa zein den ikusita, eta, bereziki, Ciudadanosen pisua kontuan hartuta. «[Espainiako] Hauteskundeak aurreratuko lirateke, eta horrek oso egoera kezkagarriak ekarriko lituzke, arduraz jokatu nahi izatekotan saihestu beharko liratekeenak, eta hala egiten ari gara».

Herenegun hasi zen aurrekontuei buruzko bozketa Espainiako Kongresuan, baina atzo arte ez zuen argitu bere jarrera EAJk. 16:00etan egin zuen hori, Euzkadi Buru Batzarrak kazetariei bidalitako ohar baten bidez. Gero, Kongresuko prentsa aretoan azaldu zen Aitor Esteban diputatua, bi egunez adierazpenik egin gabe egon ostean. Aitortu zuen erabakiak «hausnarketa sakona eta eztabaida handia» eragin duela alderdi jeltzalean, baina ziurtatu zuen «Kataluniako abertzaleek» —hango alderdiei erreferentzia eginez— ulertzen dutela, «Katalunian eta Euskadin pentsatuz» egin dutelako.

ERCko diputatuek ez zuten baloraziorik egin erabakiaz. PDeCATeko Carles Campuzanok Madrili egotzi zion 155.ean indarrean egotearen erantzukizuna, «eta ez EAJri». EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak adierazi zuen argi geratu dela jeltzaleak «ez direla fidatzekoak». Ahal Dugu-ko Nagua Albak eta Ione Belarrak ere kritikatu zituzten, PPren neurri «antisozialak» babesteagatik. Bi alderdi horiek gogoratu zuten Eusko Legebiltzarrak eskatu zuela aurrekontuak ez babesteko —EAJ eta PP ez beste talde denen babesarekin— eta Nafarroakoak gaitzetsi egin zituela —UPN eta PPNren kontrako botoarekin—. EAJren erabakia Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko du gaur, EH Bilduk proposatuta. Rajoyk, berriz, aurrekontuak babestu dituzten taldeek erakutsitako «maila politikoa» eskertu zuen.

Gertatuko denaren zain

155.a indargabetzea zen jeltzaleen baldintzetako bat PPren egitasmoaren alde bozkatzeko. Jokaleku hori gertu zegoen maiatzaren 14an Joaquim Torra Kataluniako Generalitateko presidente izendatu eta gero. Baina igandean, espetxeratuak eta erbesteratuak kontseilari hautatu izana probokaziotzat hartu zuen Espainiako Gobernuak, eta horri heldu dio, PSOEren eta Ciudadanosen babesarekin, neurriari eusteko.

EAJk, dena den, uste du «iraungitze data» duela horrek, «aste, egun edo ordu» kontu bat dela indargabetzea. «Jakinaren gainean gaudelako esaten dugu hori», berretsi zuen Estebanek, zehaztasun gehiago eman gabe. «Eman ditzaket. Eta eman ditzaket hori hala izango dela dakitenen izenak ere, baina ez dut nik egingo». Ciudadanoseko Juan Carlos Girautak, baina, ezbaian jarri zuen hori: «Harrigarria da EAJk hori esatea eta Kataluniako independentistek horri buruz ezer ez jakitea». Aurrekontuak onartuta, EAJk uste du ahalbidetzen duela Kataluniako auzian «elkarrizketa bidezko irtenbide hitzartu bat». «EAJ buru-belarri ari da aurreikuspen hori konfirmatua izan dadin», azaldu du EBBk bere oharrean.

Estebanek jakinarazi duenez, azkenengo egunetan elkarrizketa ugari izan dituzte Espainiako eta Kataluniako alderdietako buruzagiekin, eta hala aritu dira hilabeteotan ere. Astelehenean eginiko bileran, EAJren EBBk nabarmendu zuen EAJk «erantzukizun politikoarekin» jardun duela beti, baina Espainiako eta Kataluniako agintariek ez dutela behar bezala baliatu konponbide baterako egon diren aukerak. Azpimarratu zuen, halaber, jabetzen dela aurrekontuak onartzeak duen «garrantziaz»; bereziki pentsioei eta jeltzaleek euskal agenda deitzen diotenari lotutako gaiei dagokienez.

540 milioi euro

Izan ere, 155.enaz gain, aurrekontuen negoziazioan adostutakoak ere bazeuden jokoan, EAJren arabera. %1,6ko pentsioen igoera hitzartu zuen PPren gobernuarekin, eta 70 milioi euro ingururen zuzenketak. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarako diru partidak jasotzen dira akordioan, 2020ra artekoak. Eta zuzenketen bidez adosturikoez gain, denera, 540 milioi euroren «inbertsioak» jasotzen da egitasmoan, «inoizko handiena», jeltzaleek azpimarratu dutenez. Horrekin, «bultzada erabakigarria» emango zaie, besteak beste, «Abiadura handiko trenari eta bestelako azpiegitura estrategikoei; euskal industriarentzako bidezko tarifa elektrikoa lortuko da eta hainbat ekinbide sustatuko dira I+G+B esparruan, kulturan eta ingurumenean».

Aurrekontuak onartzeko, PPk ziurtatuak zituen Ciudadanosen, Coalicion Canariaren, Foro Asturiasen eta Nueva Canariaren aldeko botoak. Eta UPNrenak herenegun lortu zituen: babesaren truke, Rajoyk Nafarroako alderdi erregionalistari hitzeman dio ez duela parte hartuko espetxe politikaz hitz egiteko Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek proposatutako mahaian.

Bozketan aurrera eginda, Senatuaren esku geratuko da orain aurrekontuen egitasmoa. Hor ere onartuz gero —gehiengo osoa du PPk—, Kongresura itzuliko dira. Ekainaren 26 eta 28 artean egingo den bilkuran espero da behin betiko bozketa.
Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria