Bizikleta martxan herritarrek izan duten parte hartzea goraipatu du Sarek

Zaballako espetxe atarian amaitu da duela lau egun Mont-de-Marsangoan hasitako itzulia. Gizarteko kide guztien «aktibazioa» eskatu dute

Orain Presoak bizikleta martxako kideak, atzo, Zaballako espetxera iristen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Amaitu da Orain Presoak dinamikak antolatutako lehen mobilizazioa. Lau etapa izan ditu Mont-de-Marsango (Okzitania) eta Zallako (Iruña Oka, Araba) espetxeak lotu dituen bizikleta martxak. Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak herritarren parte hartzea goraipatu du, eta esan du «arrakasta» izan duela bizikleta itzuliak. Lau egunez ibili dira bizikleta gainean, presoen auziari irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatuz. Orain Presoak dinamikak adierazi du ez dela eskatzen ari legedetik kanpo dagoen ezer. Eta Azkarragak azaldu du etapa batzuetan 200 bat lagunek ere parte hartu dutela.

Ekainaren 2an aurkeztu zuten dinamika, eta lau lehentasun azpimarratu zituzten: urruntze politika amaitzea, gaixo larriak aske uztea, kondenen batuketa egitea eta lehen gradua desegitea. Horiek dira Gasteizeko ekitaldian Garazi Arrula Orain Presoak dinamikako bozeramaileak berretsi dituenak.

30 herri igaro ditu martxak, eta hainbat geldialdi izan ditu: Baiona, Donostia eta Altsasu. Lehenengo etapa Baionan amaitu zuten 50 txirrindulari inguruk, eta Ipar Euskal Herriko gizartearen aktibazioak lortutako emaitzak nabarmendu zituzten antolatzaileek. Mont-de Marsango espetxean hasi zuten itzulia, eta, Arrularen arabera, gizarte zibilaren aktibazioaren eta lanak dakartzan ondorioen «sinbolo » bilakatu da Frantziako espetxe hori, eta horregatik abiatu zen handik. Zaballako espetxea ere sinbolo bilakatu nahi izan dute. «Bide berri bat ireki da Iparraldean, eta bide hori bera da hegoaldean egin nahi duguna».

Gasteizeko ekitaldian, Arrulak azaldu du gizarteko kide guztien «aktibazioa» behar dela espetxe politika aldatzeko. Ipar Euskal Herrian gizarte zibilaren lanaz lortutakoa Hego Euskal Herrira ekarri nahi dutela; giza eskubideak, elkarbizitza eta bakea hizpide. Herritar gehienek bat egiten dutela azaldu du Arrulak, eta «desio» bera gauzatzeko egingo dutela lan; ez baitute sinesten inork «urteetako sufrimenduzko egoera mantendu nahi duenik», eta ondorengo belaunaldiak «gizarte arrakalatu» batean bizi daitezen nahi dutenik.

Espetxe politika aldatzeko unea «orain» dela azaldu du Arrulak. Alderdi politikoek adierazpen eta mozio batzuk onartu dituztela, gobernuko kideek ere iritzi bera eman dutela, eta «orain egikaritzeko» garaia dela, presoen auzia konpontzekoa.

Azkarragak esan du «gizartea konbentzitu» behar dela; herritarrek aldatu behar dutela gobernuen eta alderdien jarrera. Aurrera begira, ohartarazi du «aurrerapausoak ematen eta gizartea sentsibilizatzen» jarraitu beharra dagoela bere ustez. Orain Presoak dinamikak datorren urriaren 20an Bilbon egingo duen mobilizaziora deitu du.

Foro Sozialak eragileekin "konfiantzak eraikitzen" jarraitu nahi du

Bigarren gradua eman diote preso bati, egoera berriko lehena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.