Arkaitz Rodriguez. Sortuko bozeramailea

«Aldebakartasuna eta presio soziala lantzen jarraitu behar da»

ETAren armagabetze prozesua eredu jarrita, Euskal Herria «pultsua berreskuratzen» ari dela esan du Arkaitz Rodriguezek. Gatazkaren ondorioen konponbiderako lehentasuntzat jo du kartzeletako eremua.

enekoitz esnaola
Donostia
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
ETAren armagabetzeari buruz Sortuk ez du hedabideen aurreko agerraldirik egin. EH Bilduri utzi dio ardura hori, haren izenean nagusiki mintzatu dena Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia izan baita. Arkaitz Rodriguez (Donostia, 1979) Sortuko bozeramaile eta Ekintza Politikoko idazkariak eta biek, funtsean, diskurtso bera dute gatazkaren ondorioez ere. BERRIAko elkarrizketa egin bitartean,Otegiren dei bat jaso du.

ETAren armagabetze egunetik zerekin geratu zen Sortu?

Baionako ilusioarekin eta baikortasunarekin. Gizartearentzat, berri pozgarri bat izan da. Herri hau pultsua berreskuratzen ari da.

Ezker abertzalean ari zarete esaten ETA herritik sortu zela eta herriari eman dizkiola armak...

Garaileen eta garaituen teoria baztertu egiten dugu. Baina bitxia da: garaile direla dioten horiek oso haserre ikusi ditugu armagabetzearekin, eta, aldiz, haientzat garaituak direnak, pozik eta ilusioz... Adierazgarria da oso.

ETA armaz gabetu da, baina estatuek azkeneko urteetan ere armen alorrean kolpatu dute.

Hori ukaezina da. Baina beste kontu ukaezin bat ere badago: Espainiako Estatuaren helburua garaipen polizial hutsa lortzea zen, eta ez da horrelakorik izan. ETA ez dute desarmatu Guardia Zibilak-eta; ETAk bere burua desarmatu du, erabaki burujabe baten ondorioz, eta aldebakartasunez. Gainera, erabakia ez du orain edo Luhusokoaren garaian hartu; termino orokorretan hitz eginda, 2011ko urriaren 20an hartu zuen, jarduera armatuaren behin betiko bukaera iragarri zuenean.

Zergatik izan da posible honelako armagabetzea?

Gizarte zibilaren inplikazioa izan da gako nagusia. Lehenik, herritar jakin batzuek ETAri euren burua eskaini zioten armagabetzerako, eta, ondoren, bakearenartisauak asko biderkatu dira. Luhusokoak azkartu egin zuen prozesua. Batetik, Ipar Euskal Herrian haserre handia eragin zuenabenduko polizia operazioak, eta are gehiago zabaldu eta gorpuztu zuten armagabetzearen mugimendua, Euskal Elkargo sortu berria ere inplikatuz. Bestetik, Luhusoko gutunekin argi geratu zen ETAk gizarte zibilari eman ziola armagabetzearen ardura politikoa eta teknikoa. ETAk, beraz, beste pauso bat eman zuen, aldebakartasunez, eta berriro lortu du konektatzea euskal gizartearen gehiengoaren nahiarekin.

Azkenerako, Luhusokoen eta Frantziaren artean adostu egin zuten desarmatze prozesua.

Bai. Itzela izan da bakearen artisauek egindakoa.

Frederique Espagnac PSko senatariak jakinarazi du Frantziako Gobernuak Espainiakoari joan den otsailaren 20an esan ziola jarrera aldatu zuela.

Bakean uzteko esan ziola, alegia. Hau da, Frantziak erabakita zuela armagabetzea bakearen artisauekin adostuta gauzatzea.

Zer jarrera zeukan Espainiak?

Kontrakoa oso. Azken unera arte presio egin zien Frantziako instituzio batzuei, apirilaren 8an bertan ere polizia operazioa egon zedin. Batik bat, Guardia Zibilak nahi zuen hori. Badugu horren berri. Espainiaren jarrera lehengo bera da, ez da aldatu, eta hedabide asko eraso betean aritu dira, desarmatzea zalantzan jarri nahian.

Zer frogatu da apirilaren 8koan?

Estatuak boteretsuak dira, baina ez garaiezinak.

Bere etorkizunaz hausnarketa prozesu bat iragarri du ETAk. Sortuk zer espero du hortik?

ETAri dagokion erabaki bat da. Haren militanteei hausnarketa hori lasai egiten utzi behar zaie.

Ia euskal eragile guzti-guztiek desegiteko exijitzen diote.

Gure aurreikuspena da 2011tik honako ildo beretik joko duela ETAk. Ordutik hartu dituen erabakiak logika batekoak izan dira, ezker abertzale osoak erabakitako estrategiaren araberakoak: soilik bide politikoen eta demokratikoen aldeko apustua, aldebakartasuna, eta, Abian-etik aurrera, estrategia independentista elikatu. Sumatu liteke ETAk orain ere zer erabaki har dezakeen.

Abianeko ebazpenak dio ezker abertzalean hiru antolakunde politiko daudela: Sortu, LAB eta Ernai. ETA erakunde desarmatuak rol politiko bat jokatzeko lekurik ba al dauka, beraz?

Hausnartu beharko du. Gureinpresioa da ETAk entzun egingo duela euskal gizartearen eskaera.

Noizko espero duzue erabakia?

Ez dakigu noiz izango den.

Zer ondorio ekar ditzake haren armagabetzeak?

Balio behar du gatazkaren gainontzeko ondorioen amaiera errazteko eta prozesu subiranista bat martxan jartzeko. ETAren armagabetzerik edota borroka armatuaren bukaerarik gabe ere presoen giza eskubideak bete beharrekoak ziren, baina estatuek ez dituzte bete. Preso gaixoen kaleratzea edota sakabanaketaren bukaera testuinguruaz aparteko kontuak izan beharko lirateke. Armaz gabetu da ETA, baina ez dugu uste Madril aldatuko denik.

Beraz, zer egin nahi duzue?

ETAren Aberri Eguneko agiriak zioen armagabetzea ez duela egin estatuei begira, Euskal Herriari begira baizik. Espainiak ez zuen nahi ezker abertzaleak estrategia aldatzerik, ez zuen nahi ETAren armagabetzerik... Ez zuen lortu ez bata, ez bestea. Madrilen posizioa gero eta ahulagoa da. Jarraitu beharko da estatuak behartzen. Nola? Alde bakarreko urratsak egiten eta Euskal Herrian presio soziala lantzen.

Euskal presoen eta iheslarien «etxeratzea» nahi duzue. Prozesu hori luzea izango al da?

Ziurrenik, bai. Pazientzia beharko da. Armagabetzearen osteko egoera berri honek lagunduko du. Adibidez, nazioartetik ere presoen inguruko eskakizunak egiten ari dira, ikusi berri denez.

Foro Sozialaren beste topaketa bat izango da bihar. Esan du armagabetzearen «formula» behar dela beste alorretarako. Ados?

Bai. Gizarte zibila, askotariko eragileak eta instituzioak norabide berean aritzearen alde gaude, nazioartearekin lan eginez. Beste gaietara esportatu beharra dago armagabetzearen formula; orain, bereziki, presoen eremura.

Ipar Euskal Herriko batasuna eta inplikazioa lortzea posible al da Hego Euskal Herrian?

Nire ustez, armagabetzearen filosofiari emango diogu jarraipenik.

Urkullu eta Barkos lehendakariak ez ziren Baionako udaletxean izan apirilaren 8an. Zergatik?

Absentzia garrantzitsuak izan ziren. Zoritxarrez, batzuek gehiegi begiratzen diote interes edo kalkulu politikoari. Eta, agian, EAJk usteko zuen Baionakoak ezker abertzalea edo espazio independentista eta ezkertiarra indartu egingo zuela. Tristea litzateke hori pentsatzea. Baionakoa, guretzat ez ezik, herri osoarentzat izan da ona. Orain, domina kontuekin dabil EAJ. Ez gara sartuko hor. Otegik esan bezala, denborakbakoitza bere tokian jarriko du.

EAJrekin desadostasun handiak dauzkazue aliantzetan, aurrekontuetan, egitasmo askotan... Gatazkaren ondorioetarako harekin akordioa lortzeko aukerarik ikusten al duzu?

Guretzat, beharrezkoa da ahal den eragile politiko, sindikal eta sozial gehien bat etortzea; hasteko, presoen kasuan. Hor, lehentasun, gaixotasun larriak dituzten presoak dira, baita sakabanaketa ere. Horrez gain, salbuespen legedia indargabetzen hasi beharra dugu.

EAJk eta haren Jaurlaritzak ezker abertzaleari iraganarekiko autokritika eskatzen diote.

EAJk berak autokritika gutxi egiten du. Eta, gainera, PSOEri eta PPri ez die eskatzen. PP leporaino dago ustelduta, eta frankistak eta faxistak omentzen dabil, berriki ere ikusi dugunez, baina EAJk harekin hitzartu ditu EAEko aurrekontuak eta Espainiakoak erehitzartuko ditu, dirudienez.

Sortuk egingo al iraganaren azterketa kritikorik etorkizunean?

Ezker abertzaleak, hein handi batean, egina du azterketa hori. ETAren desarmatzeak, berez, badakar kritika bat. Ezker abertzaleak esana du herri honetan izandako sufrimenduaren parte baten ardura duela. Prest gaude iraganari, egiari eta memoriari buruz hitz egiteko, baina ariketak ezin du izan gurea bakarrik. Gatazka honetan subjektu desberdinek izan dute esku hartzea; EAJk ere bai, sakabanaketan-eta, eta gerra zikinaren eta salbuespen legediaren ardurak izandakoekin akordioak ditu edo gobernatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.