KRONOLOGIA

2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Hona Jean François Sarramagnan apaizari egotzitako sexu erasoen auziaren kronologia:

1990: Erasoa. Sarramagnan apaizak bere ilobari eraso zion sexualki. Ilobak 12 urte zituen orduan.

1991: Aitortza Elizako hierarkiari. Sarramagnanek berak aitortu zien erasoa ilobaren gurasoei. Amak segidan abisatu zuen Pierre Moleres apezpikua, baina hark ez zuen justiziara helarazi; amari hitz eman zion Sarramagnan apaiza psikologikoki segituko zutela. Amak garai hartan ez zuen salaketa epaitegietara eraman, «semea babesteko», gero azaldu duenez.

2005: Beste eraso bat. Sarramagnan apaizak poliziari aitortu zion sexualki eraso ziela bi moja gazteri. Batek ukatu zuen, eta apaiza auzigabetua izan zen. Moleresek urrundu egin zuen Baionako parrokiatik zenbait hilabetez.

2008: Apezpiku aldaketa. Marc Aillet Baionako apezpiku izendatu zuten.

2009: Elizaren isiltasuna. Sarramagnanek maiatzean aitortu zion erasoa Ailleti. Biktimaren familiak ere idatzi zion ekainean, apaiza «erne» zaintzeko eskatuz. Ailletek segurtatu zien ez zuela gehiago harreman zuzenik ukanen haurrekin. Ailletek ez zion erasoa seinalatu justiziari. Aldiz, Sarramagnan izendatu zuen Hiriburuko elizako apez laguntzaile, eta Hiriburu eta inguruetako Elizari lotu eskoletako irakasleen formatzaile. Prentsan agertu da geroztik apaizak badituela kontaktu zuzenak haurrekin: argazkietan agertzen da haurrak ondoan dituela. Lizeoko ikasle batzuekin solasean ere grabatu zuen Lapurdi Irratiak. Apaizak berak Mediaparti aitortu dio 2011n Madrilgo Gazteen Munduko Jardunaldietara joan zela.

2015eko iraila: Biktimaren amak salaketa. Amak salaketa helarazi zion Clermont Ferrandeko prokuradoreari, han bizi baita. 2016ko apirilean bidali zion salaketa Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreari, eta, har,k ikerketa abiatu zuen.

2016ko apirila: Apaiza arduretatik kendua. Ailletek Lapurdin zituen arduretatik kendu zuen Sarramagnan, eta Lourdes ondoko Tournayko abadiara bidali; han dago geroztik, epailearen zaintzapean, aske. Ailletek orduan seinalatu zion 1990eko erasoa prokuradoreari. Baliteke auzitegira bidalia izatea zazpi urtez salaketarik ez egiteagatik.

2016ko ekaina: Sarramagnan akusaziopean. Epaileak inkesta egitekoa du 2005eko erasoaz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.