Intsinis pinuen izurritea. Historia

Salbatzailearen inbasioa

XIX. mendearen bukaeran iritsi zen intsinis pinua Euskal Herrira. «Onuragarria» izan zen hasieran, baina«oso kaltegarria» izan da gerora egin den ustiapen intentsiboa.
<em>Lecanosticta acicola</em> onddoak kalte egindako pinudi bat, Beizaman (Gipuzkoa).
Lecanosticta acicola onddoak kalte egindako pinudi bat, Beizaman (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko urriak 7
Belo hedakor bat bezala/ mendiz handiko isurmen oro-estaltzaile bat bezala/ pinua hiriko ateetaraino heldu da/ eta hemen naiz, hots egin du/ kaleak eta autopistak irenstear». Xabier Amurizaren 2012ko Pinua poemaren hasiera horrek erakusten duen legez, pinudiak luze eta zabal hedatu dira Euskal Herriko basoetan; batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan. Intsinis pinua edo Pinus radiata Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldeko arbola espeziea da. Euskal Herrira XIX. mendean iritsi zen, basoa krisi larrian zegoenean. Hala azaldu du Mario Michel mendi ingeniaritzako doktoreak zein zen egoera: «Sarri esaten da euskal basoak indartsuak izan direla, baina garai hartan kinka larrian zeuden. Bertan behera utzita edo gaixo zeuden asko; beste asko beharrizan ekonomikoei erantzuteko moztu ziren. Burdinolek ikatz begetala behar zuten, eta, hori lortzeko, basoak gaizki kudeatu ziren hainbat mendez». Euskal basogintzaren eta pinuaren arteko harremana aztertu zuen Michelek bere doktoretza tesian. Aipatu duen krisiari aurre egiteko, basoberritzeari ekin zitzaion duela ehun urte baino gehiago; hala iritsi zen pinua.

Zergatik intsinis pinua? Zizurkilgo (Gipuzkoa) Fraisoro Nekazaritza Eskolako basogintza irakasle Maixa Otegik eman du erantzuna: «Gure inguruan dauden landare asko lorategi botanikoetan eta unibertsitateetan landatu dira aurretik, beste leku batzuetatik ekarri direlako. Pinuaren hazkundea aztertu ondoren, Madrilgo Unibertsitateko irakasle batek esan zuen Espainiako basogintzarako egokia izan zitekeela. Hainbat ale bakan ere landatu ziren, eta ongi hazi ziren. Beraz, Euskal Herrian ere landatzen hasi ziren, 1871. urte inguruan». Itsas mailatik 500 edo 550 metro ingurura du eremurik egokiena. Ez ditu izozteak jasaten, airean hezetasuna behar du, eta 1.000 eta 2.000 milimetro ur artean behar ditu urteko. Iberiar penintsulako Kantauri isurialde osoan ditu baldintza horiek; baina, bereziki, Gipuzkoan eta Bizkaian. Kontuan hartzekoa da hauxe ere: haritzak eta pagoak 80 eta 100 urte artean behar dituzte aprobetxagarri izateko; pinuak nahikoa du 35ekin. Hau da, bertoko espezieen aldean, askoz arinago hasten da irabazi ekonomikoak ematen. 1950eko hamarkadan urre berdea zuen ezizena.

Lehen baso sail garrantzitsuak 1897. urtean landatu ziren, Galdakao eta Bedia artean (Bizkaia). Emaitzak onak zirela ikusita, bi diputazioek landaketa handiagoak bultzatu zituzten 1917an. Basoa berpizten lagundu zuen, eta basogintza sektorearentzako akuilua izan zen. «Baserritarrek harrera ona egin zioten. Pinua azkar hazten da. Oso urte gutxiren buruan lor daitezke pinutik eratorriak diren produktu salgarriak, eta horrek baserrirako dirua esan nahi zuen», zehaztu du Otegik. «Pinuak onura handia ekarri dio landa inguruko gizarteari. Landa eremuan basogintza sektore indartsua dago, diru sarrera garrantzitsuak sortzen ditu».

«Egia da hainbat baso koloretsu ezabatu dituela/ egia da hainbat baserri mendetsu ehortzi dituela/ Baina nor da mendi antzuak emankortu dituena?», dio Amurizak bere poeman aurrerago. Izan ere, pinuak onurak eta kalteak ekarri ditu. Aranzadi zientzia elkarteak 1980ko hamarkada hasieran egindako azterketa batek esandakoa gogoratu du Michelek: «Ekologiaren ikuspuntutik, pinudiak ez dira txarrak. Izan ere, arbolen egituren eta espeziearen arabera, izaki espezie batzuk edo beste batzuk egongo dira». Otegik ere antzera hasi du gogoeta, baina ohar batekin amaitu du: «Pinudietan ere izaki bizidunen hainbat multzo sortu dira. Baina bioaniztasuna hitzak berak dioen legez, aniztasuna izateko baso espezie asko behar dira». Eta hor dago egin diren hutsetako bat.

«Hasieran, erabaki ona izan zen. Basogintza sektorea berpizteaz gain, basoa bera salbatzen lagundu zuen. Hasteko, arbolak egotea ezer ez egotea baino hobea da. Lurralde aldapatsua da gurea, eta pinudiek lurrari eusten laguntzen dute», zehaztu du EHUko ekologia katedradun Miren Onaindiak. Argi esan du: «Pinuak ez du kalterik egiten ingurumenean. Arazoa gehiago da basoetan egin den kudeaketa, eta baita espezie bakarreko eremu zabalak landatu izana ere».

Ustiapen okerra

Gaur egungoa ez da pinudiek duten lehen krisialdia. Aurrenekoa 1956an izan zen. Urte hartako otsailean ezohiko hotzaldi bi izan ziren isurialde atlantikoan. Hogei egunez zeroz azpiko tenperaturak izan ziren, eta horietatik hirutan zero azpitik hamar gradutik behera jaitsi zen merkurioa. Bereziki, Gipuzkoan eragin zuen kaltea. Diputazioaren kalkuluen arabera, garai hartako 50 milioi pezetaren galera sortu zuen. Zortzi urtetik beherako pinu guztiak erre ziren herrialde historikoan.

Ataka hura are pinu gehiago landatuta gaindituko zutela erabaki zuten baso jabeek. Gainera, industrializazio sasoia ere izan zen. 1950 eta 1960ko hamarkadetan baserritarrek fabriketara jo zuten beharrera. Ordura arte abeltzaintzarako edo nekazaritzarako erabiltzen ziren lursailetako asko bertan behera geratu ziren. Eta horietan pinua landatu zen modu masiboan. Araban eta Nafarroan ez bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan jabe pribatua duten lursailak dira nagusi, eta baserritarrek euren sailen errentagarritasuna lortu gura zuten. Beraz, aukera bakarra ikusi zuten.

Baso horien ustiapenean egin den lana ez da zuzena izan, Onaindiaren eta Otegiren esanetan. Otegi: «Matarrasa izeneko mozketak egiten dira; hau da, arbola beheko aldetik mozten da. Eta sail osoa aldi berean. Horrek kalte handiak egin ditu lurraren higaduran. Gure lurraldea malkartsua eta euritsua da; ondorioz, lur asko galdu da. Elikagaiak ere galtzen ditu lurrak, eta errekak kaltetzen dira». 1970eko hamarkadan mugimendu ekologistak indarra hartu zuen Euskal Herrian. Bereziki, energia nuklearraren eta ibaietako kutsaduraren aurka egiten zuen borroka. Bide batez, basoen kudeaketan ere ipini zuen arreta, eta pinuen ustiapen masiboak ekarriko zituen kalteez ohartarazi zuen. Michelek uste du kritika horiengatik gizartean piztu zen kontzientziak basoen kudeaketa iraunkorragoa ekarri zuela. «PEFC eta FSC basoen kudeaketa iraunkorrerako ziurtagiriek baieztatzen dute gaur egun euskal mendiak modu egokian ustiatzen direla».

Bigarren astindua 1989an hartu zuten pinudiek. Duela 30 urte, lehorte gogorra sufritu zuen Euskal Herriak. Eta, abendu aldera, sute itzelak piztu ziren. Kalte handienak Bizkaian izan ziren: 40.000 hektarea inguru erre ziren. Pinua Euskal Herrira sartu zen eskualdean, Bizkai ekialdean, ez zen baso bakar bat ere salbatu. Onaindiak ez du zalantzarik: «Hain eremu zabalean espezie bakarra baldin baduzu, sua erraz zabalduko da. Gaixotasunekin ere gauza bera gertatzen da. Egun basoetan espezie aniztasun handiagoa izango bagenu, pinuen izurritea ez litzateke hain larria izango. Ez luke hainbesteko kalterik eragingo, ez ingurumenean, ez ekonomian. Erraz zabaldu da sail batetik bestera».

Otegik azpimarratu du sutearen sasoian basoak ez zeudela ondo zainduta, baserritar askok industrian egiten zutelako behar. «Sastrakaz beteta zauden pinudiak. Gainera, pinuak erretxina dauka, eta errazago hartzen du su. Hego haize zakarrarekin eta lur idortuarekin, pinudietan baldintza aproposak zeuden sutea kontrolik gabe hedatzeko».

Eredu berri baten premia

Azken urteak ere ez dira errazak izan. 2009ko urtarrilean izandako haizete batek pinu sail itzelak bota zituen Landetan (Frantzia). 300.000 hektarea ingururi egin zien kalte; hau da, departamenduko basoen %60ri baino gehiagori. Ondorioz, zur asko sartu zen merkatura bat-batean, eta horrek prezioak merkatzea ekarri zuen. Zer egin zuten euskal baso jabeek? Euren zura ohi baino merkeago ez saltzearren, pinuak botatzeari utzi zioten, eskaera berriro eskaintza baino handiagoa noiz izango zain. Haizeak botatako arbolak bukatu zirenean, euskal pinuak zutik zeuden. Baina ordurako zaharregiak ziren, eta kalitate eskasagokoak. «Baso horien balio ekonomikoa asko jaitsi da», ohartarazi du Otegik.

Pinu beldarrei ere kalte egin die pinudiak. Otegiren esanetan, hori da orain arte egon den izurriterik garrantzitsuena. «Baso batzuk erabat jan dituzte harrek». Diputazioek fumigazio masiboak egin dituzte behin baino gehiagotan, hegazkin arinak erabilita. Horrek eragin izan dituen kalteez ohartarazi du Onaindiak: «Lurra eta ura kutsatzen direla frogatu da. Animaliak ere hil izan dira. Ez da konponbidea».

Egun, basoen egoera ez da ona. Eusko Jaurlaritza eta sektorea ahalegindu dira kanpainak egiten euskal pinua eraikuntzan erabiltzea sustatzeko. Onaindiak uste du aukera egokia izan daitekeela. Pinuaren erabilera iraunkorra dela esan du: «Arbolak erre eta haietan metatu den karbonoa atmosferara isurtzea baino, hobe da denboran iraungo duen egitura batean mantentzea». Hala ere, basogintzaren alorreko politika aldatu beharra dagoela uste du. «Oraingo izurritea aukera ezin hobea da gogoeta egin eta beste kudeaketa mota bat pentsatzeko. Hainbat baso jabe entzun dira eukaliptoaren alde. Baina ez dut uste hori denik irtenbidea. Ikusi dugu espezie bakarreko landaketekin zer kalte izaten diren. Kudeaketa iraunkor bat egiten saiatu behar da epe ertainera edo luzera, eta, horretarako, laguntza publikoak ezinbestekoak izango dira».

Hirurek aitortu dute pinua errentagarriagoa dela oraindik. Baina, Onaindiaren esanetan, hori Euskal Herriko fenomenoa da: «Hemengo espezieak ez dira errentagarriak merkatua ez dagoelako hain garatuta. Esaterako, Frantzian, batez ere, pagoa eta haritza ekoizten dira. Eta sektorea oso errentagarria da». Bi espezie horiek 50 urte inguru egon behar dute landatuta etekin ekonomikoa ematen hasteko. Baina badira beste batzuk. «Pagoa eta haritza baino azkarrago hazten dira sagarrondoak, lizarrak eta hurritzak, esate baterako. Fruitu arbolak ez dira egurretarako erabiltzen gurean, baina ustiapena egokitu daiteke horretarako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna