'Alakrana'-k itsasoan utzitako marka

Hamar urte bete dira 'Alakrana' atunontziaren bahiketatik; 2009ko udazkenean atxiki zuten atunontzia piratek Somalia inguruko uretan. Paradigma aldaketa ekarri zuen Indiako ozeanoan arrantzatzen duten itsasontzietan: ordutik segurtasun pribatua dago ontzi guztietan.

2005ean itsasoratu zen lehenengoz <em>Alakrana</em> ontzian eta egun Indiako Ozeanoan arrantzan segitzen du.
2005ean itsasoratu zen lehenengoz Alakrana ontzian eta egun Indiako Ozeanoan arrantzan segitzen du. EFE

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2019ko urriak 3

Hitz bakar baten atzean iruditeria oso bat ezkutatzen da, berba entzun eta segituan eraikitzen den irudi bat, kontzeptu sare bat, ezinbestean burura datorren lotura sorta bat. Alakrana entzutean, irakurtzean, ikustean, ezbehar hitzak ozen egiten du burrunba arrantzale askoren buruan.

Bermeoko (Bizkaia) atunontzia zen, eta da, Alakrana, 2009ko urriaren 2an mugaz gaindiko fenomeno bihurtu zena. Egun hartan, Somaliako piratek itsasontzia atxiki zuten. Indiako ozeanoan atuna arrantzatzen ari zen Alakrana, nazioarteko uretan, Somaliako kostatik 400 mila ingurutara. 47 egun igaro zituzten bahituta 36 marinelek, tartean zortzi euskal herritarrek; harik eta negoziazio luze baten ostean, piratek ontzitik alde egin eta azaroaren 17an arrantzaleak aske geratu ziren arte.  Azaroaren 19an heldu zen atunontzia Seychelle uharteetara. Atalanta operazioaren bidez —Europako Batasunak Indiako ozeanoan piraten erasoei aurre egiteko duen plana— bi pirata preso hartu zituen gobernuak arrantzaleak bahituta egon ziren denboran, eta 2011ko maiatzean 439na urteko espetxe zigorra ezarri zien bakoitzari Auzitegi Nazionalak.

Gertakariak hautsak harrotu zituen nazioartean, eta Indiako ozeanoan arrantzan dabiltzan atunontzien jarduna ez da bera izan geroztik. Piraten erasoak ez dira eten, baina ordutik ez da halako bahiketarik izan. Hamar urte geroago, lorratz luzea utzi du itsasoko beharginen jardunean. Denborak ematen duen soseguarekin, Kepa Etxebarria Echebastar armadoreko —Alakrana-ren jabea— aholkulari ordezkariak adierazi du ontziaren bahiketa «inoiz gertatu behar ez zen ezbeharra» izan zela. Garai hartan, Iker Galbarritu kapitainak epaitegian deklaratu zuen bere bizitzako lana «infernu» bilakatu zela; izan ere, Alakrana-n egondako orok laguntza psikologikoa behar izan zuen kolpeari aurre egiteko.

Amesgaiztoa mugarri bihurtu zen, eta arriskuari aurre egiteko neurri zehatzak jarri ziren martxan. Legea aldatu, eta erasoei erantzuteko seguratasun protokoloa abiatu zuten gobernuek, eta, gaur-gaurkoz, atunontziek segurtasun agenteekin nabigatzen dute Indiako ozeanoan. Ordura arte segurtasun indarren arrastorik ez zen ageri ontzietan, baina arriskua ez zen bat-batean agertu 2009an.

Areago, Etxebarriak azaldu du bahiketaren aurretik eman zuela Echebastar enpresak arriskuaren berri: «Gobernuari eskaera zehatza igorri genion sei hilabete lehenago: segurtasun pribatua nahi genuen atunontzien barruan». Espainiako Gobernuak ezeztatu egin zuen eskaera, eta hilabete gutxiren buruan egin zuen egoerak gainezka. Aurretik ere izan ziren euskal atunontzien bahiketak; kasurako, Playa de Bakio, 2008an; eta, ondoren ere izan dira ahaleginak, baina mugarri bihurtu zen Alakrana-rena. «Pentsaezina da egun Indiako ozeanoan jardutea segurtasunik gabe», zehaztu du Echebastarreko ordezkariak.

Iritzi aldaketa bat ere sumatu du: Alakrana-ren bahiketaren aurretik zenbait enpresak ez zuten begi onez ikusten segurtasun indarrak itsasontzi zibiletan egotea, baina gertakariak dena aldatu zuen. Gainera, atunontzietako jabeen eta arrantzaleen jarduna ez ezik, piraten ikuskera ere aldatu zen: «Haientzat negozio hutsa zen, baina gu prestatuta geundela ikustean atzera egiten hasi ziren». Ordutik ez da beste bahiketarik izan; hortaz, Etxebarriak esan du neurriak «eraginkorrak» izan direla.

Erasoa saihesteko urratsak

Erasorik gertatuz gero, atunontzietan jarraitu beharreko segurtasun protokoloa guztiz zehaztuta dago, urratsez urrats. Bi kasu bereizten dituzte: ontzia geldi dagoenean eta mugitzen ari denean, arrisku mailan eragin handia baitu baldintza horrek. Izan ere, atuna arrantzatzeko ezinbestekoa da sarea uretara bota eta bizpahiru orduz ontzia geldi egotea, ez atzera ez aurrera, arrainen zain. Orduantxe da zaurgarrien itsasontzia, eta tarte hori aprobetxatu ohi dute piratek erasoa egiteko. Hain justu, Alakrana geldiune horretan zegoen bahitu zutenean.

Erasoa arrantzatu bitartean gertatuz gero, lehen urratsa abisua ematea da. Warning seinale bat igortzen dio itsasontziak coVANi, hau da, Espainiako itsasoko armadari. Era horretan, erasoaren ondorioz komunikazioa galduko balitz, gobernuak bilatzen hasteko aukera izango luke. Ondoren, ontziko kide bakoitzari egiteko zehatz bat esleitzen zaio, eta osteko pausoa argia da: denak sartu behar dira hermetikoki itxitako gela batean, izuaren gela deiturikoan. Segurtasun indarretako kideak soilik geratzen dira ontziaren bizkarrean. Tripulazioa eremu salbuan itxi ostean, Etxebarriak azaldu du piratekin negoziatzen ahalegintzen direla segurtasunekoak: «Warning seinaleak bidaltzen dizkiete, eta euren presentziaren berri ematen diete». Horrela, helburua da erasoa era «baketsuan» saihestea.

Dagoeneko arrantzaleen egunerokoaren parte da piraten erasoei aurre egitea, eta Etxebarriak aldaketa nabari du langileon jarreran ere: «Hasieran izututa zeuden, eta askok ez zuten Indiako ozeanora joan nahi; egun, ohituta daude». Alta, simulakroak ere egiten dituzte astean behin, aurreabisurik gabe patroiak erabakitzen duen unean.

Aitonari omenaldia

Arrantzaleen bizitzetan nola, enpresen jardunean ere izan zuen eragina bahiketak. Etxebarriak berak penaz bizi izan zuen Alakrana-ren esanahia desitxuratzea: «Nire aitonaren ezizena zen Alakrana, eta drama haren oroitzapenari buelta ematen ahalegindu gara». Kirol eta ekintza sozialetan inbertitzen hasi zen Echebastar bahiketaren ondoren, eta Alakrana izena marka gisa erregistratu zuten; izena baztertu ordez, hartatik negozio lerro berri bat zabaltzea izan zuten helburu. 2005ean itsasoratu zen estreinakoz Alakrana, eta egun ere arrantzatzen segitzen du atunontziak; hondoratu ordez, denbora pasatu ahala, gainazalera irtetea lortu du ontzi zaharrak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna