Euskal presoei gradu aldaketak ukatzea egotzi dio Sarek Sanchezi

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko otsailak 20
Espainiako Gobernuan presidente egin dituen zortzi hilabeteotan euskal presoen auziaren inguruan pausorik eman ez duela egotzi zion Sarek Pedro Sanchezi, atzo, Iruñean egindako agerraldi batean. Euskal presoen eskubideen aldeko plataformak jakinarazi duenez, 72 gradu aldaketa eskaera aztertu ditu espetxe agintaritzak, eta horietatik soilik hirutan ahalbidetu dute gradu aldaketa. Gainontzeko 69ak atzera bota dituzte. Beste 43 eskaera daude erantzunaren zain.

Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak esan du Sanchezek Espainiako presidentetza hartu zuenean «esperantza» zutela, baina ohartarazi du zortzi hilabete pasatuta esperantza «apalduz» joan dela: «Hitzez adierazi arren, ez dute gauzatu». Azpimarratu dute egun euskal presoen %84 oraindik lehen graduan daudela, eta Espainiako Gobernuak eskatu zuela graduen bidezko prozesua egin zezatela. «Bide hori egiteko aukera ukatu eta oztopoak ezartzen dizkie espetxe zuzendaritzak», gogorarazi du Oiartzabalek.

Bigarren gradura pasatzeko arazoak ez ezik, hirugarren gradua eskuratzeko arazoak ere baituztela nabarmendu du Sarek: «Orain arte ez da hirugarren gradua eskuratzeko aukerarik eskaini». Egun, 34 euskal preso daude bigarren graduan, baina, eskaerak egin arren, ez dute lortu hirugarren gradurako baimenik.

Horietako bat da, hain justu, Xabier Sagardoi presoa. 2013an atxilotu zuten, Segiko kide izatea egotzita, eta, egun, Soriako (Espainia) espetxean dago preso. Jaione Karrere abokatuak azaldu duenez, ez diote inoiz zigorrik jarri, eta espetxeko zuzendaritzak eskatu zuen hirugarren gradua ezartzeko abenduan. Erantzunik ez dute jaso, ordea, eta Sagardoi martxoaren 6an irtengo da espetxetik, zigorra beteta.

Beste zenbait euskal presoren kasuetan ere onartu dituzte gradu aldaketak, baina zigorrak betetzear zeudela. Hala azaldu du Oiartzabalek: «Hogei presoren kasuan, gradu aldaketak onartu dituzte, baina zigorrak betetzear daudenak dira». Horregatik, Sarek uste du egoera «onartezina» dela: «Salbuespen egoeretan soilik ezarri beharko liratekeen neurriak erabiltzen jarraitzen dute. Horrek ETArekin zentzurik ez bazuen, are gutxiago orain».

Urrunketa amaitzeko eskea

Gradu aldaketez gain presoen hurbiltzeaz ere jardun da Sare. Plataformaren eskakizuna da urrunketa politika amaitzea, eta ohartarazi dute euskal presoak 250 kilometro ingurura gerturatzeak ez duela arazoa konpontzen: «Ez egitearen arrazoia bera da oraindik: zigor atxikia ezartzea senideei ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna