inaki petxarroman
ANALISIA

Gasa galtzen hasi da

2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Klima larrialdia deklaratzeko adierazpena irakurri zuenean, 2019ko udan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen «Euskadi erkidego aitzindaria» dela «garapen jasangarriaren aldeko konpromisoan, ingurumenarekiko errespetuan eta klima aldaketaren aurkako estrategian».

Larrialdia ezarri bai, baina Urkulluk abagunea baliatu zuen adierazteko zeinen ondo egiten ari zen trantsizioa Euskal Herria. Datuak, baina, egoskorragoak dira adierazpen baikorrak baino. Parisko Hitzarmena sinatu zenetik lau urtera, berotegi gasen isurketak %1,5 handitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 18.657 milioi tona CO2 baliokide isuri zituzten atmosferara 2016an, eta 18.938 milioi tona 2018an. Espero izatekoa da aurten dezente jaitsiko direla isuriak, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz. Baina horrek ez du zerikusirik hartzen ari diren politiken eraginkortasunarekin.

Jaurlaritzaren 2030eko energia estrategiaren arabera, hurrengo urteotako motorra gasa izango da. Hain zuzen ere, 2015eko mix energetikoaren aldean, bost puntuz egingo luke gora %37tik %42ra, hain justu ere petroliotik eratorritako erregaiek galduko luketen kopuru bertsua. Batetik kendu eta bestean jarri. Biak ere, erregai fosil. Berriztagarriek zazpi puntu egingo dute aurrera, eta %15 hartuko lukete, gasetik eta petroliotik oso urruti, hala ere. Mundua hartzen ari den abiadura ikusita, berriztagarrien aroa behar baino gehiago atzeratzea egotzi diote ekologistek Jaurlaritzari. Hasi bada, oso mantso hasi dela erregai fosilak baztertzen.

Politika energetikoei erabateko lehentasuna eman izan die Eusko Jaurlaritzak, eta, horregatik akaso, azkenaldi honetan sumatzen da deseroso dagoela Espainiako Gobernua bultzatzen ari den trantsizio ekologikoaren legearekin eta haren irizpideekin. Besteak beste, lege horrek debekatu egingo du gas ustiaketa berriak egitea, eta horrek azkartu ditu Araban gasa ustiatzeko ahaleginak, tartean Jaurlaritzak eratutako SHESA enpresa publikoak bultzatutakoak.

Presa horrek kontraesan bat baino gehiago eragin dizkio Jaurlaritzari. Aste honetan bertan, Gorka Urtaran alkate jeltzaleak lizentzia baimena kendu dio SHESAri Subilla Gasteizko Armentia II hobia ustiatzeko. Berez, desadostasun politikoarengatik baino gehiago, teknikariek aholkatuta hartu du erabakia alkateak, ustiaketa horrek ez dituelako betetzen udal hirigintza antolamenduko plan orokorraren baldintzak. Arrazoi bat edo bestea dela, erabakia ez da izan Jaurlaritzaren gustukoa, eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburuak esan du helegitea jartzea aztertzen ari direla, ministerioaren baimena badutelako. Duela bi aste, Arabako Batzar Nagusietan, EAJ bakarrik geratu zen gasa ustiatzeko proiektuen defentsan, gobernukide duten PSE-EEko diputatuek ere aurka bozkatu baitzuten. Horrek, EAJn ez ezik, PSE-EEn ere azkura eragin du, Eneko Andueza PSE-EEko presidenteak ohartarazi baitzuen kontrako botoa emango zutela eztabaida hori berriz eginez gero.

Trantsizio energetiko motela nahi dute martxan Eusko Jaurlaritzak eta EAJk. Espainiako Gobernuarekin aurrekontu proiektua hitzartzerakoan, gasolioaren gaineko zerga berezia kentzea izan zuten lehentasun nagusietako bat jeltzaleek. Dieselaren gaineko zerga ezartzeko proposamen horrek haserrea piztu zuen petrolio enpresa handietan ere, besteak beste, Repsolen. Eta gauza bera gertatu zen errekuntza autoak debekatzeko aurreikusitako asmoekin ere. Bitartean, Renove Planak martxan jarri dituen aldiro, dirua eman die Jaurlaritzak gasolioa eta gasolina erabiltzen dutenei ere, agerikoa den arren horrek ez duela lagunduko erosleek ibilgailu horiek baztertu eta elektrikoen alde apustu egin dezaten.

Hidrokarburoak ustiatzeko negozioaren atzean dagoen SHESA enpresari 6,8 milioi gorde dizkio Jaurlaritzaren 2021eko aurrekontu proiektuak. Hori ere ez dator bat klima larrialdi batean ezarri beharko liratekeen irizpideekin, hau da, diru publikoz hidrokarburoen proiektuak ez laguntzeko neurriekin. Esate baterako, Erresuma Batuak eta Europako Inbertsio Bankuak hitzeman dute heldu den urtetik aurrera ez dutela gehiago inbertituko erregai fosilen negozioetan. Ezinbestekoa da hori energia berriztagarrien inbertsioak indartu eta erregai fosilenak alboratuz joateko.

Joera hori, baina, ahul da Euskal Herrian oraindik, nahiz eta erregai fosilen aldeko politika hori gasa galtzen ari den bertan ere. Zaharkitutako eredu horri zenbat denboraz eusten zaion jakiteak erakutsiko du ea mundua garaiz iritsiko den Parisko Hitzarmenaren helburuak lortzera. Zientziak dio urtero %7 gutxitu beharko dituela munduak berotegi gasen isuriak 2050era bitartean. Europako Batasunak %55 urritu nahi ditu gas isuriak 2030erako, 1990ekoekin alderatuta. Jaurlaritzak %40 gutxitu nahi ditu, 2005eko isurketekin alderatuta (%25 inguru 1990ekoekiko). Horretan ere, Jaurlaritza ez dago gelako ikaslerik ausartenen multzoan. Eta hori nekez jo liteke uztargarritzat larrialdi egoera ezarri izanarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.