inaki petxarroman
HIZPIDEAK

«Zerutik», lurrera

2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Podemosen lehen kongresuan Pablo Iglesiasek esandako esaldi bat jaso zuten hedabide guztiek titulu handietan: «Zerua ez da kontsentsu bidez lortzen, baizik eta eraso bidez». Kastako alderdiekin —PSOErekin, bereziki— hitzarmenak egitearen aldekoak ziren sektoreentzako abisua zen, Karl Marxek erabilitako kontzeptua ahotan hartuta.

Indarra zuen Podemosek orduan. Berritasunaren eta hizkera kutsatu gabearen dohaina. Kastatzat jo zituen PP eta PSOE, eta gogor gaitzetsi zituen banketxeak salbatu eta 1978ko erregimenaren oinarri ziren alderdi sistemikoak. Krisiaren gogorrak jotako herritarrengana alternatiba gisa heldu ziren haren esloganak. Eta boto zaparrada bat jaso zuten trukean, kongresuko alderdirik indartsuenetan hirugarren bilakatzeraino.

Barne zatiketek, baina, kalte handia egin diote Podemosi. Eta igandeko hauteskundeak zirt edo zart egiteko unea izango dira eurentzat. Orain, izatekotan ere, kastako alderdi batekin adostuta lortu beharko dute zerua. Inkestek iragarritakoaren arabera, argaltze nabarmena izango baitu alderdi moreak. Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea babesten dutenentzat, ordea, ezin liteke albiste pozgarritzat jo Podemosen amiltzea, haren kontraesan guztiak barne, nazio aniztasuna eta herrien erabakitze eskubidea aitortzen duen estatu mailako alderdi bakarra delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.