martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Iberdrola kanpainan sartu da

2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Badauka Alderdi Popularreko hautagai eta Espainiako oposizioburu Pablo Casadok behar zuen laguntzaile indartsua hurrengo hauteskundeak irabazi eta Moncloako jauregira iristeko, ez orain arte bezala gonbidatu moduan, maizter moduan baizik: Ignacio Sanchez Galan, Iberdrolako lehendakaria.

Azken urte erdian argindarrak hartu duen neurrigabeko prezioaren ondorioz diru asko ari dira irabazten, batik bat, energia garbia sortzen duten konpainiak, energia berriztagarria sortzen duten konpainiei ez baitie kalterik egiten gasaren prezioak. Energia ur jauzietatik, haizetik eta eguzkitik sortzen dutelako. Lehen adina gastu argia sortzeko orduan, baina sekulako irabaziak saltzerakoan. «Zerutik jausitako mozkinak» esaten zaie.

Gainirabazi horiek ikusita, Espainiako Gobernuak, herritarrek argiagatik gutxiago ordain dezaten, 2.600 milioi kendu nahi dizkie argindar konpainiei. Sanchez Galan jarri da gobernuaren erabakiaren oposizioburu, «esku hartze izutzailea» deitu dio Sanchezen gobernuaren jokabideari. Iberdrolako buruak esaten badu gobernuak ekonomiari kalte egiten diola, eginda dauka kanpaina Casado PPkoak.

Gauza jakina zen, espero izatekoa, argiaren salneurri ikaragarriak herritarrei ez ezik argia langai garrantzitsua daukaten enpresei ere egingo ziela kalte: siderurgia alorreko Sidenor geratu egingo da 20 egunez. Ai eneak orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.