EBren elkarrizketarako promesa baino ez du lortu Mayk Bruselan

Junckerrek Erresuma Batuko lehen ministroari erran dio Irlandako mugarako protokoloa soilik 'brexit'-a gertatu ondoren negozia dezaketela. Corbynek bortz baldintza ezarri dizkio Mayri

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Jarrerak milimetro bat bera ere mugitu gabe, eta elkarrizketan jarraitzeko promesarekin. Horrela bukatu ziren atzo Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin eta Donald Tusk Europar Kontseilukoarekin Bruselan egin zituen bilerak. Kontrakorik ere ez zen espero. «Juncker presidenteak nabarmendu du EBko 27 estatuek ez dutela berriz negoziatuko ateratzeko akordioa, Europako Batasunak eta Erresuma Batuak xehetasun handiz hartutako konpromiso bat ordezkatzen baitu», adierazi zuten bi aldeek elkarrekin argitaratu zuten ohar batean. Gehienez, Junckerrek eskaini zuen Irlandako mugako backstop protokoloari buruz martxoaren 29a igaro ondoren negoziatzea, behin brexit-a gertatu eta akordioa indarrean dagoenean. Mayk, ordea, bereari eutsi zion: «Gogor negoziatuko dut hurrengo egunetan».

Heldu den asteazkenean agerraldi bat egitekoa da Komunen Ganberan, egoera nola dagoen azaltzeko. Biharamunean, diputatuek bozketa bat eginen dute. Brexit-erako bide ezin malkartsuagoaren ondorengo mugarri nagusia da hori, baina epea agortzen ari da, 49 egun eskas falta baitira Erresuma Batuak EB uzteko. Mayren helburua da EBk onartzea backstop-ean «aldaketak» egitea. «Aldaketa horiekin, eta [EBko etorkin] langileen eskubideetan eta bertze arloetan egin dugun lanarekin, parlamentuan gehiengo egonkor bat lortuko dugu, eta horregatik jarraituko dut borrokan». Kazetarien aitzinean egin zuen agerraldian, Erresuma Batuko lehen ministroak ez zuen zehaztu zer-nolako aldaketak proposatu dituen backstop-arentzat, eta ez zuen iritzirik eman Junckerrek eta Tuskek azaroko akordioa berriz negoziatzeari etengabe eman dioten ezetzaz.

«Oraindik ez dugu aitzinamendurik egin», adierazi zuen Tuskek Twitter sare sozialean. «Solasean jarraituko dugu». BuzzFeed News AEBetako hedabide digitalaren arabera, Tuskek Mayri erran zion Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak egin dituen proposamenak «baliagarriak» izan daitezkeela «geldialditik ateratzeko» —Tusken «hurbileko iturriak» aipatu ditu BuzzFeed News-ek—.

Corbynek eskutitz bat bidali zion Mayri Bruselako bileren aitzinetik, eta atzo argitaratu zuten nazioarteko hedabideek. Oposizioko lider nagusiak bortz baldintza paratu dizkio lehen ministroari, eta, horiek onartzen badizkio, hitzeman dio laboristek brexit-erako akordioaren alde bozkatuko dutela Komunen Ganberan. Baldintzen artean daude Erresuma Batuak aduana batasunean segitzea eta merkatu bakarretik «hurbil lerrokatuta» jarraitzea, «erakunde eta betebehar partekatuak» ezarrita.

Eskoziaren eta Galesen deia

Epea agortzen ari dela ikusita, brexit-aren data gibelatzeko aukera gero eta gehiago aipatzen da. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak eta Mark Drakeford Galeskoak horixe eskatu zioten atzo Mayri, elkarrekin argitaratu zuten ohar batean. «Berriz eskatzen diogu lehen ministroari argi uzteko hark eta haren gobernuak bermatuko dutela akordiorik gabeko aukera bat ez dela mahai gainean egonen». Brexit-aren data gibelatzeko, Mayk EBri eskatu behar dio hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.