mikel p ansa
HIZPIDEAK

Hirugarren denbora

2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Gabon eta jai egunotan aieka guztietatik zabaltzen dira elkartasun eta maitasun mezuak, eta horiekin kontrastean: indarkeria matxista. Etenik gabe agertzen dira kasuak, eta azkeneko egunotan ere gertatu dira halakoak, erakusten dutenak, berriro ere, etxeak eta ustez zorionekoak diren egunok emakume guztientzat ez direla seguruak eta zoriontsuak. Baina kasu horien guztien artean, bada atentzioa eman duen bat: Gernika errugbi taldeko jokalari batek Urtezahar gauean bikotekideari eraso egin ziolakoan atxilotu zuten ertzainek. Errugbi taldearen erantzuna azkarra eta irmoa izan da: kanporatu egin dute jokalaria. Ez dute zalantza izpirik izan: klubak badu protokolo bat, eta halako portaerak zabaldu nahi dituzten balioen beste muturrean daude. Ez dira ikusten horren jokabide eta erabaki irmoak kirol guztietan eta talde guztietan, eta nabarmentzekoa da horregatik. Hasteko, halako kasuetarako protokolo argi bat edukitzeak asko esan nahi duelako. Jarraitzeko, protokoloa izan arren halako erabaki bat hartzeko orduan zalantzarik ez dutelako egin. Askotan esaten da errugbiak badituela balio batzuk beste kirol batzuetan ikusten ez direnak, eta hirugarren denbora jartzen da horren adibide gisa; orokortzea beti da arriskutsua, baina Gernikak erakutsi duen jokabidetik badute zer ikasia beste kirol eta beste klub batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.