Garbi asko daramate itsatsita mezua Europako hegoaldera iristen diren olatuek : «Jatorrian, Afrikan, arazo ekonomikoa eta soziala konponbidean jartzeko ahalegin benetakoa egiten ez duzuen bitartean, egun batean bai eta hurrengoan ere bai ekarriko dizkizuet itsas bazterrera gosetik, injustiziatik eta gerratik ihesean dabiltzan etorkin hauek».
Europak, bertako agintariek, badaki hori, askotan jaso duelako mezu hori, etorkinek beraiek jakinarazi diotelako galdetu diegun aldiro. Baina Europak, estatuetako agintariek, nahiago du epe laburreko estrategia antzua aplikatu, arazoa halako batean, inork eragin gabe konponduko delakoan; edo iheslariek, senide eta lagun itotakoen kopuruak izututa, etsiko dutelakoan. Ez dute etsiko, erakutsi baitigute ez dutela egingo, beren herrian geratzen diren guztiek sufrikarioa daukatelako ziurtatuta, eta, aitzitik, ihes egiten duten gehienek Europara iristea lortzen dutelako. Probabilitate kalkulu hutsa da.
Halaber, Europak badaki iheslariekin gastatzen ari den dirutza militarra, poliziala eta soziala jatorriko herrietan haien ongizatea eta etorkizuna antolatzen inbertituko balu askok ez luketela beren burua behartuta ikusiko ihes egitera.
Nahiago du, ostrukak bezala, burua lurrean sartu eta itxaron arazoa konpondu arte. Badaki alferrik ari dela.
HIZPIDEAK
Europa, ostruka herria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu