mikel p ansa
HIZPIDEAK

Arrazoi gutxi

2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Europa: urbanizazio eder bat, kale zuzenekin, argi adimentsuekin, hiruzpalau metroko basa-burdinazko hesolekin, telebista kamerekin, ixten diren ateekin, giltzarrapoekin, eta alarmekin. Urbanizazioko etxe barruan, erosokeria guztiak sobera; etxetik kanpora, debekua: ez sartu, ez ukitu, ez begiratu. Urbanizazio barrukoek, noranahi oporretan joateko aukera; kanpoan gelditutakoek, mugarik ezin pasatua. Eta telebistetan, telebista guztietan, urbanizazio barrukoetan bezala kanpokoetan, Real Madril eta Bartzelonako futbol jokalariak; eta sare sozialetan, barrukoenetan eta kanpokoenetan, urbanizazioetako biztanleak irriz, osasuntsu, aseta, alai, auto ederrekin, jantzi gustagarriekin, oparotasun ugarian igeri, urbanizaziotik kanpo utzitakoen liluragarri.

Urbanizazio barrura ez sartzeko esaten diete barrukoek kanpokoei. Ez begiratu, ez ukitu, ez sartu. 2016an, urtarriletik uztailaren 15era, 242.000 pertsonak igaro zuten Mediterraneoa, urbanizaziora iristeko ametsari tiraka; iaz, 110.000 izan ziren epe berean; eta, aurten, 51.000. Lehendik ere ari zen eskuin muturra Europako urbanizazioaren ateak itxi nahian, baina Salvini ministroak eraman du muturrera migrazioen kontrako diskurtsoa eta praktika, salbamendu ontziei portuak itxita. Zer, eta errefuxiatuen eta migratzaileen mugimenduak aspaldiko txikienak direnean. Horrela funtzionatzen du beldurrak, arrazoirik ere ez du behar; batez ere galtzeko asko dutenen artean, urbanizazioan bizi diren horien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.