mikel p ansa
HIZPIDEAK

Orduak

2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Ordu aldaketak bukatzea amets zaharra da herritar askorentzat eta Europako zenbait estaturentzat. Orain, Europako Batzordeak jarrera hartu du, eta Jean-Claude Junckerrek hordagoa bota du: bukatu behar dute ordu aldaketek, eta, gainera, udako ordutegiari eutsi behar zaio. Aurrena Europako Parlamentutik pasatu behar du proposamenak, eta hor litekeena da aurrera egitea, baina gero 28 estatu kideek onartu beharko dute, eta hori nekezagoa izango da. Batetik, ez dagoelako argi gobernu guztiak ordu aldaketen kontrakoak ote diren; bestetik, estatu batzuek nahiago dutelako udako ordutegia eduki urte guztian, eta beste estatu batzuek nahiago dutelako neguko ordutegiari eutsi. Eta bistan dagoena da Europak, ezer erabakitzekotan, aho batez erabaki beharko duela. Batzordeak abisatu du ordu aldaketen desarmonizazio bat zeharo kaltegarria litzatekeela barne merkatuarentzat.

Hortaz, ikusteko dago Junckerrek 2019ko Europako hauteskundeak animatzeko bota duen azken proposamenak zer bide egingo duen. Baina, zeharka, eta bere oharkabean, eragin du Espainiak tiraderatik ateratzea ordu eremuari buruzko eztabaida. Eta Junckerren proposamenak aurrera egingo balu, Madrilek aukera edukiko luke ordu eremua Lisboaren parean jartzeko; alegia, ordu bat atzerago. Eta horrek arrisku latza lekarke Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko amildegia sakontzeko. Boutade hutsa izan zein ez, arretaz jarraitu beharko zaio eztabaidari, ondorioak errealak izan bailitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.