mikel p ansa
HIZPIDEAK

Abusuen itzala laburtzen

2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Erlijio erakundeei lotutako eskolek urrats bat egin dute. Adingabeen kontrako sexu abusuak atzemateko eta tratatzeko protokolo bat adostu dute. Premiazko neurri batzuk zerrendatu dituzte, eskolek horrelako kasuetan nola jokatu behar duten argi eta garbi zehaztuz paperaren gainean. Esaterako, protokoloak aipatzen du salaketa jasotako hezitzailea adingabeengandik apartatu egingo dutela —ikerketa egin artean, eta beti errugabetasun presuntzioa gordez—. Esatea bera seinale ere bada; halako salaketak jasotako irakasle batzuk lanetik apartatu izan ez diren seinale. Delituak preskribatu arren, edo abusatzailea hilda egon arren, kasua besterik gabe ez baztertzeko ere esaten du protokoloak; biktimei arreta emateko. Eta beti fiskaltzara jotzea ere agintzen du protokolo berriak, baita hedabideetara ohar bat bidaltzea ere, gertaerak azaldu eta barkamenak eskatzeko.

Eskola erlijioso bakoitza bat da; bakoitzak izan du bere bilakabidea, eta ez dute zerikusi handirik euren artean. Sexu abusuak tratatzeko eran ere alde handiak eduki dituzte. Hori argi edukita ere, begi bistakoa da eskola kristau batzuek kristautik gehiago eduki dutela eskolatik baino: abusatzailea babestera jo dute —Elizako hierarkiak egin duen gisan—, eta adingabeak babesten elbarriago ibili dira. Protokoloak berak seinalatzen ditu gabeziak. Baina inoiz ez da berandu okerrak zuzentzeko, eta eskola batzuk hasiak daude horretan: abusuek gero eta itzal laburragoa izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.