mikel p ansa
HIZPIDEAK

Bardozeko fotoa

2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Argazkia erdiragarria zen: Bardozeko hilketa matxistaren ondoren, herriko etxearen atarian, dozena erdi bat pertsona baizik ez ziren, joan den ostiralean: pare bat, pankartari eusteko: Bortizkeria sexistei ez; auzapeza eta jendarme bat; eta hildako emakumearen senide batzuk. Han zeuden, bakar-bakarrik. Xehetasun batzuk ezagutu dira ordutik. Hildako emakumearen senide batek, biloba batek, hitza hartu du hedabideetan, eta esplikatu du zeharo haserre daudela auzapezarekin, hiltzailearen gorazarre egin duelako. Elkarretaratze hartan bertan eskatu zizkioten kontuak auzapezari. Bada beste arazo bat, bilobak mahaiaren gainean jarri duena: Ipar Euskal Herrian, emazteek senarren deitura hartzen dutenez, horrelako kasuak gertatzen direnean hiltzailearen deiturarekin ematen dute hildakoaren izena; Bardozeko kasuan, Chantal Joantegi. Biloba arduratu da emakumearen izen osoa emateaz eta izana leheneratzeaz: Chantal Monte deitzen zen. Eta bada beste auzi bat, Bardozekoak agerian utzi duena: Jean Joantegi, senar hiltzailea, bertan jaioa zen, eta Chantal Monte ez zen herrikoa: elkarretaratzea, plaza hutsean.

Bilobak argi esan du: «feminizidio» bat izan zen, ez «familia drama» bat —auzapezak esan zuena, eta Frantziako justiziaren ordezkariek horrelakoetan hitzetik hortzera darabiltena—. Chantal Monteren bilobak lehen elkarretaratzea izan zuen Bardozekoa, hala esan du. Eta foto horrek argi erakutsi du indarkeria matxistari buru egiteko gabezien zerrenda oso bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.